2025-04-06
HomeEkintza SindikalaSidenorreko langileen egoera okertzen ari dela ohartarazi du LABek

Sidenorreko langileen egoera okertzen ari dela ohartarazi du LABek

Lan hitzarmenen negoziazioak oso gogorrak izaten ari dira, Jose Antonio Jainaga buru duen taldearen jarrera dela eta. Kanpora zein barrura begirako joko bikoitza salatzen dugu.

Sidenor taldea EAEko industriaren salbatzaile gisa aurkeztu nahi diguten honetan, langileok oso bestelako iritzia dugu.

Azken egunotan bolo-bolo ibili da Sidenor taldea Talgo tren enpresa erosteko jokatu duen papera dela eta. Komunikabideetan etengabeko berriak, EAEko zein Madrilgo esku-hartze zuzena edota inbertsore eta banku handien interesa. Dena euskal industria babestearen aitzakiapean. Asteburuan Mikel Jauregui kontseilariak esaten zuen ”dominak denek merezi zituztela, baina kopa Jose Antonio Jainagak eramango du”. Negozio borobila, eta berriro ere, Industria Sailak 45 milioi euro emango dizkio enpleguaren eta lan baldintzen inguruko inongo bermerik eskatu gabe. Jaurlaritzaren industria politikaren adibide argia da.

Enpresa bat hemen errotuta egoteak ez du esan nahi soilik hemen dituela lantegiak. Bertan lan egiten duten langileak nola tratatzen dituen eta zein baldintzatan egiten duten lan ere kontuan hartzea beharrezkoa da. Izan ere, Sidenor taldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan kokatuta dituen lantokietan 2.000 langiletik gora ari dira, zuzeneko langileak eta azpikontratetakoak batuta.

Tamalez, kanpora begira eredugarritzat aurkezten duten horrek asko du hobetzeko barrura begira. Dena du hobetzeko. Momentu honetan Legutioko eta Azkoitiko lantokietan hitzarmenak negoziatzen ari dira, eta negoziazio hauek oso gogorrak izaten ari dira enpresa izaten ari den jarrera dela eta:

– Ez dute inola ere eros ahalmena bermatu nahi.

– Lanaldiaren jaitsierarik ez dago, edo jasotzen dena ez da nahikoa.

– Enpresak malgutasun neurriak are gehiago okertu nahi ditu, langileon kontziliazio eskubidea etengabe urratuz eta bizitza duin bat izateko aukera guztiak zapuztuz.

Hori gutxi balitz, azken bi urteetan 25 millioi euro banatu ditu taldeak dibidendutan. Bien bitartean, langileen eskubideak okertzen ari dira etengabe: langileon eros-ahalmena eta kontziliazioa ez bermatzea enpresa erabakia da. Denon artean sortu dugun aberastasuna gutxi batzuen artean banatu nahi dute. Euskal industria babestu nahi bada langileen lan baldintzak ere babestu behar dira.

CCOO, UGT eta USO sindikatuak bere esanetara daude, berentzako onura propioak bilatuz. Sinatu zuten akordio markoa pisu izugarri astuna da, erabat baldintzatzen dituelako hortik kanpo dauden lan-zentroetako negoziazioak. Diru apur baten truke langileon eskubideak okertzen dituzte Sidenorren, egutegi aldaketak sistematikoak dira langile bakoitzak gero eta funtzio, lan karga eta ardura gehiago izateko. Azkenengo urteetan Sidenorreko langileek izan duten eros-ahalmenaren galera ere ikaragarria dela esan beharra dago. Haiek adostu zituzten KPIa erreferentziatzat hartu gabeko igoerak, eta honek eragina izan du langile guztiengan. Gaur egun langileek duten eros-ahalmena askoz ere txikiagoa da duela hamarkada bat zeukatena baino. Irekita dauden negoziazioetan ere ildo horretatik jarraitu nahi du zuzendaritzak. CCOO, UGT eta USO sindikatuak ere gure miseriaren erantzule zuzenak dira, eskubide galera horiek guztiak sinatzeko prest agertu direlako beti akordio markoaren barruan zein akordiotik kanpo dauden lan-zentroetako negoziazioetan.

Beste adibide argi bat dugu Azkoitiako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE). Izan ere, Reinosarekin batera negoziatzearen arrazoi bakarra zen Gipuzkoako lan zentroan hain mesedegarri ez zaion gehiengo sindikala blokeatzea, berriro ere CCOO, UGT eta USOren eskutik. Bi lantokietarako zen ABEEEa ez dute aplikatzen ari Reinosan. Bai, ordea, Azkoitin.

Sidenorrek langileak panpinak bezala erabiltzen gaitu eta gure osasunarekin jokatzen ari da. Hain dira jasanezinak ezartzen dituzten lan erritmoak, langile asko eta askok baja medikuak eskatzera behartuta ikusten dutela euren burua. Noski, hauetako gehienak ez dira inola ere laneko gaixotasun bezala onartzen. Horrek lan karga gehigarria ekartzen du besteongan, enpresak ez dituelako langile gehiago kontratatu nahi, gainontzekoen osasunari dakarkion kaltearekin. Orain, langileak etengabe lanpostuz aldatzen dituen politika hau koska bat gehiago estutu dute, eta eragiten duen presioak lan osasuna bera arriskuan jartzen du. Honek ezin du horrela jarraitu.

Horregatik, argi adierazi nahi dugu instituzioak eta zenbait komunikabide egiten ari diren Sidenor taldearen zuriketaren aurrean, ez dugula inola ere onartuko egingo diren operazio komertzialak edo bestelako mugimenduak langileen lan baldintzak okertzeko edo merketzeko aitzakitzat erabiltzea. Aukera ederra dugu irekita dauden negoziazioetan eta irekiko direnetan eragin, egoera irauli eta langileok merezi ditugun lan baldintzak eskuratzeko. Badakigu nor dugun aurrean, baina borrokarako prest gaude.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Milaka pertsona atera gara kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko soldata eta pentsio duinak aldarrikatzera, orain, hemen eta denontzat

Gaur, euskal gehiengo sindikala kalera atera da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera indarrak eta aldarrikapenak batuz. Pentsio duin eta nahikoak eta hemen erabakitako gutxieneko...

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu...

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.