2024-12-22
HomeEmakumeakJardunaldia"Oso garrantzitsua da guk geuk geuri buruz hitz egin ahal izatea"

“Oso garrantzitsua da guk geuk geuri buruz hitz egin ahal izatea”

Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, LAB sindikatuak “Sexu lana: kriminalizazioa edo aitortza” jardunaldiak egin ditu Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean. Jardunaldi hauen helburua sexu langileei eta sektore hau aztertzen dutenei ahotsa ematea izan da, beraiek inork baino hobe azaldu dezaketeelako zein den sektorearen egoera. Horretarako, beraien esperientzien eta jakintzen inguruan aritu zatzaizkigu Clarisa Velocci, Genera kolektiboko kidea; Paula Sánchez, AFEMTRAS taldeko eta Sevillako Prostituten Kolektiboko kolaboratzailea; eta Paula Ezkerra, Intersindical Alternativa de Catalunyako ordezkari sindikala.

Jardunaldi hauek formakuntza prozesu bati loturik antolatu ditugu. Izan ere, sexu langileak subjektu politiko bezala aitortzen ditugun heinean, beren ahotsa entzutea ezinbestekoa da guretzat. Jakin beharra dugu Euskal Herriko langileriaren parte diren sexu langileak zein egoeratan dauden eta zer eskatzen duten.

Ekitaldi hasieran, Eli Etxeberriak, Idazkaritza Feministako arduradunak, jardunaldiak antolatzearen zergatiak azaldu ditu: “Prostituzioa eta trata ez da gauza bera, gu trataren kontra gaude, edozein motatako trataren kontra. Oso garrantzitsua da bi errealitate hauek desberdintzea eta kontzeptuak ez nahastea”. Azalpen honen ostean, gaia testuinguratzeari ekin dio lehenengo hizlariak.

Entzute ariketa honetan, Clarisa Veloccik, trata, trafiko, esplotazio eta haututako sexu lanei buruzko testuinguratzea egin du; lau kontzeptu hauen desberdintasunak azaldu ditu eta kontzeptuak zein erraz nahasten diren erakutsi digu: “Nire asmoa trataren kontzeptua deseraikitzeko espazio bat sortzea da eta ematen den nahasmenari buruz gogoeta egitea. Trata trafikotik desberdindu egin behar da. Desberdintasuna da trata giza eskubideen aurkako delitu bat dela; trafikoaren kasuan, atzerritartasun falta administratibo bat da. Trata prostituziotik ez bereizteak prostituzioan aritzen diren emakumeen kriminalizazioa ekartzen du. Gauzak sinplikatzen dira (trata existitzen da, prostituzioa existitzen delako), arazo moral bat sortzen du (prostituzioaren aurkako oldarraldia) eta trata detektatzea oztopatzen du".

Veloccik azaldu duenez, erregulazio faltarengatik edota lan eskubideen murrizketengatik existitzen dira esplotazio eta gehiegikeriak sexu lanen esparruan, baina horrek ez du esan nahi trataren inguruan hitz egiten gaudenik, edozein lanetan egon daiteke erregulazio falta edota lan eskubideen murrizketaz baizik.

Jaurdunaldien bigarren blokean, mahai inguruan, Paula Sanchezek eta Paula Ezkerrak legedia eta bere ondorioen inguruan hitz egin digute. Paula Sanchezek prostituzioaren kriminalizazioak sortzen duen eskubideen urraketaren inguruan hauxe dio: "Lan gisa ez denez aitortzen, beste gauza batzuen artean, enpresariaren botereak ez du mugarik: langileek ez dute atsedenaldirik, ez dute oporrik, ez dute etxebizitza izateko eskubiderik, nomina ez dutelako".

Bestalde, adierazi du sexu langile askok ez dutela justizian sinisten: "Ez dute uste justiziak euren interes eta beharrak babestuko dituenik, eta ez dute nahi ikusgarri geratu estigmaren ondorioz. Badaude emakumeak autonomo gisa alta eman dezaketenak, baina honako hau diote: ‘ez dut ordainduko Estatuak nire egoera onartu arte’". 

Paula Ezkerrak bere azalean bizi izan ditu orain arte aipatu izan diren eskubideen urraketa hauek guztiak, eta argi utzi du gaurko moduko ekitaldien garrantzia: “Oso garrantzitsua da guk geuk geuri buruz hitz egin ahal izatea, eta ez dadila izan diskurtso akademiko huts bat".

Sindikatzeko aukera ere badagoela adierazi du eta Intersindical Alternativa de Catalunyaren ardatzen inguruan aritu da: "Argitu behar dut badagoela sindikatzeko eskubidea, Espainiako Estatu osoanzabalik dagoena. Gure sindikatuak lanaren aitortzaren alde egiten du lan. Sexu langileok poliziaren jazarpena pairatu behar dugu, legediarena… honek guztiak estigmarekin du lotura. Sentitzen dudana da, norberak estigmarekin puskatzen duenean, ahaldundu egiten duela bere burua. Gu sindikatzea zer den joan gara ikasten, lan zuzenbidea zer den. Garbi dugu arazoa ez dela prostituzioa, sistema kapitalista baizik. Zer egin dezakegun esateari utz egin behar diogu. Uste dut jendarteak aurreiritziekin puskatu behar duela. Zentzu honetan, sindikatzeko bideak estigmarekin apurtzen du, gure borroka soziopolitikoa indartzen du. Esan dezaket nire sekzio sindikala antikapitalista, eskubideen aldekoa eta feminista dela. Gure sindikatuaren helburua sistema kapitalista eta patriarkala suntsitzea da".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...