2025-04-16
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaSexu-jazarpen kasu berri bat salatu egin dugu, azpikontratatutako garbitzaile baten kontra oraingoan,...

Sexu-jazarpen kasu berri bat salatu egin dugu, azpikontratatutako garbitzaile baten kontra oraingoan, Derioko enpresa batean

Kasu hau salatzeko elkarretaratzera deitu dugu, datorren astelehenean, urriaren 14an, goizeko 11:00etan, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean.

Gertakariak 2016ko amaieran hasi egin ziren, enpresa horretako arduradun nagusi bat langilearengana zuzentzen hasten denean kafea egin ziezaion eskatuz. Ordurarte ez zuen berarekin elkarrizketarik mantendu, baina une horretatik aurrera sexu-jazarpen bati ekingo dio, gaur egun arte iraun egin duena.

Enpresako goi mailako kargu honek whatsapp bitartez mezuak idazten dizkio, lan ordutegitik kanpo eta konnotazio sexual argiarekin. Behin eta berriz deitu egiten dio, batzutan baita 5 alditan jarraian ere eta gaueko ordu txikietan. Lan egin izan duen bitartean behatu eta kontrolatu egin du, bere bulegoan sar dadila aditzera emanez. Espazio isolatu eta txikietan topaketak bilatu ditu, eta, langilea etxera itzultzen zegoela, tren geltokirako bidean, bere atzetik ibiltzera ailegatu izan da.

Denbora luzez, langileak ez zuen salaketarik jarri errepresaliak pairatzeko beldurragatik. Lan zentro honetan ematen zuen bere lanaldiko atalik handiena, bertan egiten zituen lan ordu gehienak. Ondorio negatiboen beldur zen, bai garbiketa enpresaren aldetik, baita bezeroaren aldetik ere, azken honetan, akosatzailea lehen lerroko kargua zelako. Hilabete askotan zehar bortitza eta umiliagarria zitzaion egoera bat sufritu behar izan du, azkenean gaixoarazi egin diona. Gaur egun antsietate handiko jazoerak pairatzen ditu.

Emakume langile honen ausardia azpimarratu nahi dugu. Lan eremuan, emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria kasuak egunero ematen dira, baina esaten eta salatzen ez den errealitate bat da. Salaketa jartzen duen emakumearen integritatea bermatzeko baliabide instituzionalen faltari eta gaur egungo justizia patriarkalak eragiten duen konfidantz faltari, elementu berriak gehitzen zaizkio: lana galtzeko beldur eta mehatxu latentea, alegia.

Salaketa sartzera ausartzea ez da erraz, horregatik langileak izan duen duintasuna eta kemena balioan jarri nahi dugu. Era berean, LAB sindikatutik jakitera ematen dugu lan eremuan ematen den indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarraituko dugula. Kasu honi aurre egingo diogula bide juridikotik, baina batez ere, antolatutako ekintza sindikaletik. Ahizpatasun eta elkar zaintzako mekanismoak martxan jarriko ditugu, oraindik eta indartsuagoak izan gaitezen eta irmotasunez erantzungo diogu emakumeen aurkako indarkeria seinale txikienari ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.