2024-12-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaSexu heziketari buruzko gida bat argitaratu dugu, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei...

Sexu heziketari buruzko gida bat argitaratu dugu, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzendua

LAB sindikatuaren Irakaskuntza arloak Sexualitate Askatzaileak Iruten izeneko egitasmoa abiatu du, eta lehenbiziko urrats gisa "Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat" izenburuko argitalpena karrikaratu du. Gida hori Itxaso Torregrosa sexologo eta LABeko kideak egin du, eta gaur aurkeztu dute, Iruñean eginiko prentsaurreko batean. Sindikatuaren asmoa da derrigorrezko hezkuntzako ziklo guztietarako ildo honetako gidak eta materialak sortzen jarraitzea. 


Duela berrogei urte inguru ez zen sexu hezkuntzarik lantzen. Gero hasi ziren haurdunaldien prebentzioarekin. Gero gaixotasunekin. Eta gero familia plangintzarekin. Baina ikuspegia gutxitan abiatu da plazeretik, gozamenetik, harremanetatik. Halaxe uste du, bederen, Itxaso Torregrosak, LAB sindikatuko Irakaskuntza arloak argitaratu duen Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen hezkuntzako irakasleentzat argitalpeneko egileak. “Historikoki sexu hezkuntza ugalketan zentratu da, genitaletan, genitalekin egiten ditugun gauzetan, koitoan, eta horrekin guztiarekin loturiko alderdi negatiboetan. Orain arte egin den guztia izan da prebentzio ikuspegi batetik edo beldurretatik abiatuta. Beti zentratu gara arriskuak ekiditen, eta ez gauza positiboak elikatzen. Baina sexu hezkuntza askoz haratago dago, edo haratago joan beharko luke: mutil eta neska izateko aurpegi guztiak, nola adierazten garen, nola sentitzen garen, nola erlazionatzen garen… Ikuspuntu positibo horretatik dago egina gida hau”.

Osasunaren Mundu Erakundeak, Unescok edo Europako herrialde aurreratuenek gomendatzen dute sexu hezkuntza legez arautzea modu integralean eta behin eta berriz lantzea adin tarte guztietan. LABek ikusten du halakorik ez dela egiten hemen eta horregatik erabaki du modu propioan material hauek argitaratzea. “LABen ustez sexualitatea lantzeak badu puntu iraultzaile bat”, adierazi du Torregrosak. “Bada pertsonak modu askean hezteko modu bat. Gure ustez, sexu hezkuntzaren helburu nagusia da umeek eta gazteek beren burua ezagutzea, onartzea eta modu askean adieraztea eta horretarako ezinbestekoa da jaiotzetik etengabeko lan bat egitea”.

LABek Haur eta Lehen Hezkuntzarako gida bat apailatu du orain, heldu diren asteetan Nafarroako eskola guztietan banatuko du -aurrerago Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoetan-, geroago jolas bat sortuko du gidako gaiak lantzeko, eta asmoa da adin tarte guztietarako gidak eta materialak sortzen joatea. “Gida hau lehenbiziko urratsa baino ez da”, azaldu du Torregrosak. “Irakurtzen arina da gida; baina, aldi berean, mamitsua da, eta gaiak jorratzeko hainbat gako ematen ditu. Betiere begirada aldaketa bat eskainiz. Beste aldetik, aipatu beharra dago LABek aholkularitza zerbitzu antzeko bat ere eskainiko duela gidaren inguruan sor daitezkeen zalantzak eta kezkak kudeatzeko”.

Sexualitate askatzaileak iruten
Itxaso Torregrosarekin batera Eloy Tato izan da Iruñeko prentsaurrekoan. LAB Irakaskuntzako kidea da eta gida osatzen lagundu du. Tatok azaldu duenez, sindikatuan denbora nahikotxo daramate sexualitatea eta sexu hezkuntza lantzeko asmoarekin. “Garrantzitsua iruditzen zaigu gaurko txikiekin sexu hezkuntza lantzea; izan ere, lanketak edo lanketa faltak haien bizipenetan zuzenean eragin dezakeelako, orainean eta etorkizunean”.

“Duela hiru ikasturte, LAB Irakaskuntzan, pedagogia feminista eta askatzaileari bultzada emateko egitasmo berri bat abiatu genuen”, esplikatu du Tatok. “Geroztik material andana ekoitzi dugu, nafar hezitzaileen esku gaia jorratzeko baliabide multimedia sorta ederra jarriz. Hasiera batean gaia aldarrikatzen duten data seinalatuetan argitaratzen genituen materialak. Gerora, pedagogia feminista eguneroko gauza dela eta ikasturte osoan feminismoaren presentzia modu iraunkorrean bermatu behar dela ulertuta, hilabete guztietako 8an zabaldu ditugu materialak: afiliazioari, sare sozialetan zein ikastetxe guztietara”.

8 oro martxoa da ekimena abiatu eta urtebetera LAB sindikatuak urrats bat gehiago egin du Sexu heziketari buruzko gida haur eta lehen hezkuntzako irakasleentzat argitaratuz. Halaxe azaldu du Tatok: “Sexu heziketa ahalik eta goizenen hastea garrantzitsua dela iruditzen zaigu -sexualitatea etengabekoa delako, jaiotzetik hil arte- eta, horregatik, etapa guztietarako gida eta material zehatzak sortu nahi izan ditugu. Gure gida didaktikoaren helburua da irakasleentzat, gurasoentzat eta ikasleekin esku-hartzea duen edonorentzat gakoak ematea eta, horrez gain, gerora sor daitezkeen zalantzak osatzea. Jolasak, berriz, bidea emanen digu hori guztia Lehen Hezkuntzako ikasleekin praktikara eramateko. Sexualitate askatzaileak iruten egitasmoa Sexu heziketari buruzko gida Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat izeneko gida honekin abiatu dugu, eta gure helburua da derrigorrezko hezkuntzako ziklo guztietarako gidak eta materialak sortzen jarraitzea”.

LABen aburuz, sindikatuak sorturiko material hau Nafarroako ikastetxeetan jadanik ezartzen ari den SKOLAE programan lagungarri izan daiteke kasu askotan, prozesuak aberasteko gida berri bat, gaian adituak diren profesionalek egindakoa izanaren bermea duena. Programa oraindik abiatu ez duten horietan, aldiz, lehen pausuak ematen hasteko gida oso egoki bat izanen da, nondik abiatu lagunduko duena, iparrorratz gisako bat.

Gidak honoko atal hauek jasotzen ditu:

1. Zer dela-eta material hau?
2. Zergatik eta zertarako sexu heziketa?
3. Zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean?
4. Nork eta nola landu behar du gai hau?
5. Sexu-garapenari buruzko gako batzuk
6. Sexu heziketa “osasuntsu” baterako klabeak
7. Baliabideak eta material didaktikoa

Itxaso Torregrosak idatzitako gidak Amaiur Morenoren ilustrazioak ditu lagun.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...