2024-12-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaSexu askatasun eta aniztasunaren aldeko ekimenak martxan jarriko ditugu lantokietan

Sexu askatasun eta aniztasunaren aldeko ekimenak martxan jarriko ditugu lantokietan

Bizi garen jendartearen ispilu dira lantokiak, eta haietan ere, era honetako diskriminazio eta jazarpen egoerak izaten dira. Prekaritatea, lan ezegonkortasuna, lan erreformak, murrizketak jasaten ditugun tokiak dira lantokiak, eta baita gure nortasuna itotzen duten tokiak ere: denak egiten digu presio gure sexu nortasuna ezkutatzeko, horrek dakartzan kalte pertsonal eta sozialekin.

Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiak laneko giroa kutsatzen dute, eta pertsonon arteko harremanen osasunari kalte egiten. LABeko militanteontzat egoera hau iraultzeko gakoak guztion arteko borroka eta elkartasuna dira, beste behin ere. Guk ez dugu onartzen generoarengatik edo pertsonon aukera sexualarengatik inongo baztertzerik, ez jazarpenik. Ez dugu behar inork onar gaitzan, gutxiago jendarte hipokrita honek. Gu gara inolako baztertzerik ez jazarpenik onartzen ez dugunak, ez kalean, ez ikasketa zentroan, ez eta lantokian ere. Eta ez dugu onartzen langileek euren burua diren bezala ezin adieraztea beraien kideen, bezeroen, ikasleen, pazienteen… aurrean.

Ekainaren 28aren testuinguruan, LABek lantokietan askatasun eta aniztasun sexualaren inguruan eta homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren kontra egindako lanaren berri emateko tartea hartu nahi du. 2014. urtetik, LAB sindikatutik lantokiak homofobia, lesbofoia, transfobia eta bifobiatik askatzearen garrantzia planteatzen ari gara. Helburu hori lortzeko, eman beharreko pausoak azaltzen dituen gida atera genuen. Pasa den urtean, bide beretik, eraso edo diskriminazio kasuen aurrean erantzuteko protokoloa atera genuen.

Iaz sindikatuan, tresna bi hauek eskutan, formakuntza saioak burutu genituen sentsibilizazioa eta prebentzioa lantokietara eraman nahian. Gure helburua, jazarpena eta diskriminazioa ekiditea da, eta dagoenean, salatu eta aurre egitea.

Prozesu honetan zehar, sindikatuko aniztasuna ezaugarri duen militante taldea antolatu da borroka hau aurrera ateratzeko. Helburua, sindikatuko delegatu guztiak anistazun sexualaren aldeko militante bilakatzea da, eta LAB aniztasun sexualaren erreferentziazko aliatu bihur dadila lantokietan.

Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobia ez dira indarkeria aseptikoak. Posible da nondik datozen identifikatzea, errejimen politiko heteropatriarkalak gauzatzen du, indarkeria matxista gauzatzen duen berberak. Indarkeria hau egunerokoa da. Indarkeria honen erasoak disidentzia sexuala hiltzera iristen dira.

Hego Euskal Herrian aurten, %3,3 egin dute gora erasoek aurreko urtearekin alderatuz. Hau, ezberdinarekiko gorrotoa oinarri duen eskuin muturreko diskurtsoari lotuta dago, eta krisi ekonomikoa hasi zenetik, areagotu egin da. Diskurtso horren helburua langile klasea zatitzea da, errealitatea itxuraldatuz. Egoera hau iraultzeko, sistema ekonomiko-politikoaren krisiaz baliatu behar gara.

Ikusgai izan nahi dugu, horretarako ikur hau gure lantoki, sail sindikal eta egoitza guztietara eramango dugu, borroka hau ikusi beharra dago eta langile klasean kontzientzia sortu behar dugu. Kartel hauek, formakuntza saio berriekin lagunduko dugu irailetik aurrera.

Gure ustez, eredu politiko honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Gure borroka ez da lantokietara mugatuko, Euskal Herrian askatasun sexualaren mugimenduak ekainaren 28aren testuinguruan deitu dituen deialdietan parte hartzeko deia egiten dugu.

Horietarako deia egiteaz gain, LABek bihar goizerako goizeko 11:00etan deialdi propioa egingo du Bilboko Arriaga plazan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...