SEPE (Servicio Público de Empleo Estatal) langile prekarizatuenak, hau da, jardun partziala izateagatik kontratu bat baino gehiago dituztenak, zigortzen ari dela salatu nahi dugu. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dugu Bilbon SEPEk duen egoitzaren aurrean, “Diskriminaziorik ez. SEPEk lapurtu egiten digu” lemarekin.
Aurreko astean salatu genuen SEPE langile prekarizatuenak zigortzen ari dela. Gaur, SEPEn sartutako salaketa egin dugu publiko:
Lotsagarria da berriro ere langile zaurgarrienak, babestu ordez, zigortzea. Lotsagarria da SEPE langile zaurgarrienen langabezia prestazioaren kalkuluan “erratzea”.
Zigor hau kasu konkretu batean ematen da: jardun partziala izategatik, kontratu bat baino gehiago dutenen kasuan.
Egoera hauek ez dira kasualitatea. Langile hauek, soldata duin batera hurbiltzeko, derrigortuak daude lan kontratu bat baino gehiago izatera. Langile hauek, alarma egoera honetan, kontratuetako bat ERTE bidez suspenditua izan dute, baina beste kontratua mantendu dute, oinarrizko lanak gauzatzen dituztelako.
Langile hauen gehiengoa, beraz, emakumea da, derrigorrezko jardun partzialetan dagoena, miseriazko soldataren truke kontratu bat baino gehiago izatera derrigortua eta alarma egoeran kontratu bat oinarrizko lanak gauzatzeagatik mantendu duena da.
Berriro diogu, hau ez da kasualitatea. Patriarkatua da. Langile hauei egunero txalo egin zaie, baina langile hauek ez dira txaloetaz bizi.
Gaur hemen egoera salatzearekin batera, SEPEri "akats” hau berehala konpontzeko eskatu diogu, sartu dugun idatzia aintzat hartuz. Aukera bakarra emango diogu. Ekaineko ordainketan langile hauen prestazioak zuzendu ez badira, salaketa indibidualen bideari ekingo diogu.
Hala, jardun partzialetan lan-kontratu bat baino gehiago dituen langileei, kontratu bat langabezian eta bestea mantendu duen kasuetan, ekaineko ordainketan egoera aldatu ezean, LAB sindikatura hurbiltzeko deia egiten diegu.