Maiatzean bertan behera utzitako bileraren ostean, gaurko deituta zegoenarekin ere beste horrenbeste egin du, baina oraingoan ez du esan bertan behera uzten duenik, atzeratu egiten duela baizik, baina argudiatutako arrazoia berdina da, “ez dela baldintzarik ematen patronalaren plataforman aldaketarik egiteko”.
Gogoratu behar dugu negoziazioaren laugarren bilera zela gaur egin beharrekoa. Hau da, negoziazioa hasi berria denean patronalak dagoeneko blokeatu du mahaia. Lehen bileran sindikatuok plataformak aurkeztu genituen. Bigarrenean patronalak berea. Hirugarrenean, eztabaida eman zen, baina mugimendurik ez.
Gogoratu behar da SEAren proposamenean lanaldia ez dela murrizten, eta hiru urtetako hitzarmen batean lehen bietan soldata izoztea planteatzen duela. Benetan uste ahal du sindikaturen batek ontzat emango duela proposamen hau? Etsigarria baino, iraingarria dela baloratzen dugu. Aitzakitzat jartzen du urte honen hasieran sektorean %10,8ko arautzea egon dela soldata tauletan. Enpresek bazekiten zer zegoen sinatuta, eta hitzarmenaren bitartean langileei igoera altuagoak egiteko aukera izan dute, gerora arautzea hobeto banatu ahal izateko. Baina nahiago izan dute beren poltsikoetan mantendu, eta orain, diru gose horrekin, bi urtez soldatak izoztea eskatzen dute. Gipuzkoan sinatu den egurgintzako sektoreak %42,5eko taula arautzea du urte hasierara, eta gerora KPIarekiko igoerak. Urteetan enpresek soldatak igo izan dituztenez, orain arautzea ez da aparteko buruhaustea izango.
LABetik argi ikusten dugu patronalak bere negoziaziorako borondate eza erakutsi duela. Ezin da besterik ulertu. Bada, SEAk dioen bezala, baldintzak sortu beharko ditugu beren blokeo posiziotik mugiarazteko. Sektorea etor daitekeenaren aurrean prestatzen joan behar da, eta bide horretan, hurrengo egunetan intersindikala deitzeko unea dela uste dugu LABen. Edonola ere, langileon batasuna izango da hitzarmena duin berri baterako berme bakarra, eta horretan buru-belarri jarriko gara.