2025-04-05
HomeEkintza SozialaHelduak eta Pentsiodunak"Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari...

“Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena”

"Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin, Irun eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeek Santiago zubian egin dute bat, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Hala, Espainia zein Frantziako gobernuek pentsioen aurka sustatutako politikak salatu eta euskal pentsio sistema publiko bat aldarrikatu dugu Euskal Herri osorako.

"Gaurko ekimenarekin irudikatu nahi izan dugu, mugen gainetik, hemen badagoela herri bat, hemen bagaudela langile batzuk euskal pentsio sistema publiko baten alde borrokatzen. Bi estatuen parte gara eta bi estatuetatik Europatik ezartzen dituzten politika neoliberalak inposatzen zaizkigu, hainbat lan erreforma ezarrita, guztiekin prekarizazioa areagotuz".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira horiek, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubian egindakoak. Hain zuzen ere, zubian bertan batu dira Irundik eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeak, "Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin.

Garbiñe Arabururen hitzetan, antzekotasunak daude Espainia eta Frantziako gobernuak pentsioen aurka eramaten ari diren politiketan, eta horixe salatu dugu bereziki gaurko mobilizazioan. "Honen aurrean, Ipar zein Hego Euskal Herrian borrokatzen ari gara, pentsio sistema propio bat aldarrikatzeko; gutxieneko pentsio bat bermatu nahi dugu, eros-ahalmena bermatuko duen pentsio igoera bat nahi dugu, jubilazio adina aurreratu nahi dugu… Azken finean, bestelako eredu bat eraiki nahi dugu", adierazi du.

Hala, Garbiñe Aranburuk urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu du, baita Ipar Euskal Herrian bihar izango den mobilizazio egun berriari babesa erakutsi ere. Greba Orokorrarekin langileen batasuna irudikatuko dugula nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak, lan, pentsio eta bizitza duinen alde, Ipar zein Hego Euskal Herrian. "Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena", azpimarratu du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu...

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.