2024-11-22
HomeErrepresioaSanti Brouard eta Josu Muguruza gogoan izango ditugu azaroaren 20an, urtero legez

Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan izango ditugu azaroaren 20an, urtero legez

Azaroaren 20an, eta urtero moduan, gogora ekarriko dugu Bilbon duela 34 eta 29 urte, hurrenez-hurren, erahildako Santi Brouard y Josu Muguruza politikari abertzaleak. Hain zuzen ere, Sortuk egun horretarako deitutako manifestazioan izango gara, ekitaldiaren aurkezpenean gaur egon garen moduan. "Etorkizun haziak" leloarekin, azaroaren 20ko manifestazioa 19:30ean abiatuko da Bilboko Arriaga Plazatik.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Nerea Guijarrubia Kontseilu Nazionaleko kideak honako hau adierazi dute, azaroaren 20an Santi Brouard eta Josu Muguruzaren oroimenez egingo den manifestazioaren aurkezpenean:

Estatu-terrorismoak hil zuen Santi Brouard 1984ko azaroaren 20an.

Estatu-terrorismoak hil zuen Josu Muguruza egun berean, baina bost urte geroago: 1989ko azaroaren 20an.

PSOE gobernuan zela hil zituzten ezker abertzaleko kide esanguratsu biak, helburu garbi batekin: herri honen aspirazio askatzaileak zapuztea, bai nazionalak bai sozialak. Jakin bazekiten ezker abertzalearen eskaintza politikoak eraldaketa ekar zezakeela. Horregatik hil zituzten. Min egin ziguten, min handia, beste askotan bezala. Hiru hamarkada geroago, baina, hemen gaude, zutik eta indartsu, askapen nazionala eta soziala eskuratzeko prest, Santik eta Josuk beste militante askorekin batera ereindako haziari esker.

Hiru hamarkada pasa dira. PSOE berriz dago gobernuan.

Hiru hamarkada pasa dira. Hilketa horien ardurek argitu gabe jarraitzen dute.

PSOEri eskatu nahi diogu bere ardura onar dezan, eragindako minaren aitortza egin dezan, behingoz gatazkan izan duen ardura onar dezan, ezker abertzaleak aspaldi egin zuen moduan. Ez dugu mendeku goserik, baina egia eta justizia behar ditugu, herri honetan bakea eta bizikidetza eraikitzeko ezinbestekoa baita denok aurrera pausoak ematea. Denok.

Asko dago jokoan. Pedro Sanchezen Gobernuak aukera paregabea du orain gatazkari erabateko amaiera emateko, gatazka eragin zuten kausei erreparatuz –herri honen gehiengoak erabakitakoa modu demokratikoan onartu behar da horretarako– eta ondorioak konponduz –presoak, iheslariak, ergindako minaren aitortza…–.

Urtero bezala, hilaren 20an, manifestazioa egingo dugu. Santi eta Josu gogora ekartzeko eta PSOEri bere ardura onar dezan eskatzeko irtengo gara kalera. Etorkizun haziak goiburupean 19:30ean abiatuko gara Arriaga Plazatik
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.