Sanmarkosene nagusien egoitza kudeatzen duen Gureak enpresak, langileen lan baldintzak okertu eta prekarizatuko zituen prozesu batean murgiltzea derrigortu zituen langileak. Enpresaren proposamenak, besteak beste, jardunaldi partzialen kontratuak gehiago murriztea, langileak kaleratzea, egutegiak moldatzea 9 lan egun jarraian egiteraino eta enpresa hitzarmena ez aplikatzea planteatzen zuen.
Egoera honen aurrean, langileek mobilizatzea erabaki zuten eta 81 greba egun eta mobilizazio ugari egin ondoren enpresarekin akordioa lortu dute.
Akordioan, kontratu partzialen jardunaldia handitzea (%60tik %81era igoko dira), langilerik ez kaleratzea eta enpresa hitzarmena aplikatzea lortu da, baina nagusien egoitzetan dagoen beste aldarrikapen nagusi bat ere jaso da akordioan, ratioak hobetzea, hau da, zerbitzua emateko langile kopurua igotzea. Honek egoiliarrek jasoko duten arreta egokiagoa izatea ekarriko du.
Langileek egin dituzten mobilizazio guztiei esker eta herriak (pentsionistak, mugimendu feminista, senideak…) eman duen babesagatik lortutako akordioa dela argi dugu, beti ere, borrokak merezi duelako.