2025-04-23
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaSalbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko eskatu diogu Espainiako Gobernuari, denborarik galdu...

Salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko eskatu diogu Espainiako Gobernuari, denborarik galdu gabe

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan, eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza. Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi du, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu dio.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “presoen eskubideen alde bildu gara, bizirik, osasuntsu eta etxean nahi ditugulako. Etorri gara honera preso politikoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika kritikatzera, erabat ankerra delako, erabat krudela delako. Espetxe politika horrek gaixotu eta heriotzera eramaten ditu presoak, Igor Gonzalezen kasuan ikusi dugun bezala”.

LABeko idazkari nagusiak gogora ekarri du espetxe politika anker honen ondorioz 20 preso hil egin direla espetxeetan, beste 13 preso gaixorik eta erabateko askatasuna berreskuratu gabe hil egin direla eta 16 pertsona zendu direla sakabanaketa politikak eraildak: “Bada momentua konponbideak eskatzeko, eta konponbidean erantzukizun zuzena du Espainiako Gobernuak. Horregatik, Espainiako Gobernuari dei zuzen eta argi bat egiten diogu: denborarik galdu gabe, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera utz dezala”.

Bada garaia urrats sendoak emateko, eta, zentzu horretan, LABek presoen eskubideen aldeko mobilizazio desberdinak babesten jarraituko duela berretsi du Garbiñe Aranburuk. Hurrengo mugarria Baiona izango dela adierazi du, Bake Artisauek biharko egindako deialdia dela eta (14:30ean, Baionako Subprefekturan).

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.