2025-04-16
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaSalatzen jarraitzen dugu EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen ordezkapenak ez direla...

Salatzen jarraitzen dugu EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen ordezkapenak ez direla betetzen

Maiatzaren 6an egin genituen elkarretaratzetan eta ostean EAEko Hezkuntza Sailarekin izandako bileretan sukalde eta garbiketako langileen ordezkapenak ez direla betetzen salatu dugu. 15 egun geroago egoerak okerrera egin du, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan.

Sukaldarien kasuan, ordezkoak ez bidaltzeagatik, ikasleak plastikozko platerretan bazkaltzen ari dira, jantokian ematen den zerbitzua kaltetuz. Pandemia garaian funtsezko langileak izaten ari diren garbitzaileek, greba egunetan %100eko gutxieneko zerbitzuak dituztenek, ohiko egunetan, aldiz, ez dute ordezkorik. Ematen duten zerbitzuaren kalitatea murriztu, lankideen lan zama handitu eta ikastetxeetako erabiltzaileen osasuna arriskuan jartzen ari da administrazioa. Gela batzuk edota eraikinen erdia garbitu gabe geratzen ari da.

Noiz arte pairatu beharko dugu egoera hau? Funtzio publikoko feminizatuenak eta prekarioenak are eta egoera prekarioagoan ari gara.

Gauzak horrela eta egoera betikotu edota larriagoa izan baino lehen ahalik eta lasterren ordezkaritzetan falta diren langileak kontratatzea eskatzen dugu, ordezkapenak egiten direla berma dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.

Maiatzaren Leheneko aurtengo irakurketa eta Nafarroako mobilizazioen berri eman du LABek gaur Iruñean

LABek, Imanol Karrera bozeramailearen eta hogei militante baino gehiagoren bitartez, agerraldia egin du gaur Iruñeko Gazteluko Plazako kioskoan, sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa aurkezteko –gutxieneko soldata eta pentsio propioak lortzeko borrokan oso fokatua–, eta hiriburuan zein Tuteran Langileen alde esloganarekin eginen dituen mobilizazioen berri emateko.