2024-11-24
HomeEkintza SindikalaSalatu dugu Castillo de Javier hotelaren jabea esplotazioagatik kondenatu izanak ez duela...

Salatu dugu Castillo de Javier hotelaren jabea esplotazioagatik kondenatu izanak ez duela ezabatzen eskrupulurik gabeko enpresaburuek langileen eskubideak urratzeko duten inpunitatea

Duela astebete atera zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiak epai irmoa Juan Carlos Cipres Aznarren aurka, Iruñeko San Nikolas karrikako Castillo de Javier hotelaren jabearen aurka, bulgariar jatorriko langile migratu batek jarritako salaketa penalaren ondoren. Juan Carlos Cipresek 9 hilabeteko kartzela-zigorra jaso du, langileen eskubideen aurkako delituagatik, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio dio langileari, sei urteko esplotazio jarraituan langileari sorturiko kalte moralengatik. LABen ustez halako kalte-ordain irrigarria ezarri izanak eta epaian biktimaren generoa eta etorkin izaera aintzat hartu ez izanak erakusten dute bizi-bizirik dagoela eskrupulurik gabeko esplotatzaile hauek darabilten inpunitatea.

LAB sindikatuak beharrezkotzat jotzen du azpimarratzea sistema judiziala eta enpresaburuak eskutik hartuta dabiltzala, lotura estua dutela, eta Nafarroako (in)Justizia Jauregitik ateratzen diren gauza bakarrak sistema arrazista, heteropatriarkal eta kapitalistari leial zaizkion sententziak direla, behin eta berriz ukatzen ari baitira gizon zuri boteretsuengandik emakume langile askok jasotzen duten zapalkuntza hirukoitza.

Orain ezagutu den epaiaren salaketa ez zen izan Castillo de Javier hotelaren aurka jarritako bakarra. Peparen lankide bat izan zen Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen lehena, lanean ari zen baldintzak salatzeko; izan ere, Pepa migratu berria zenez, ez zen gai salaketa gaztelaniaz egiteko. Lankide horrek berak animatu zuen Pepa LAB sindikatura hurbiltzera, hurrengo ekintza judizialetan laguntzeko eta aholkuak emateko. Sindikatu honek hainbat salaketa jarri zituen Lan arloko Epaitegian, kopuruak erreklamatzeko eta lan-jatorriko kontingentzia bat eskatzeko. Gainera, 2008 eta 2015 bitartean jasan zuena bide penaletik salatzeko aholkuak eman zizkion. Eta, azkenik, LAB sindikatuak ere ekintza sindikala erabili zuen, pikete feministaren protesta baten bidez, 2017. urteko abenduan.

Aipatzekoa da bai Lan Ikuskaritzak eta bai Lan arloko Epaitegiak zegozkien salaketak tramitatu zituztela eta Juan Carlos Cipres zigortu zutela bere garaian, nahiz eta ezarritako zehapenen zenbatekoek ez zieten justiziarik egin salatutako gertaerei. Orduantxe, bertze behin ere egiaztatu zen Juan Carlos Cipres bezalako esplotatzaile bati merkeago ateratzen zaiola esplotatzen jarraitzea gauzak behar bezala egitea baino.

2017an LABek egin zuen protesta-ekintzan, pikete feministak salatu zuen Juan Carlos Cipres Aznarrek jazartzen, esplotatzen eta erasotzen zituela langileak, oinarrizko eskubideak urratuz, eta halaxe egin zuela Peparekin: astean 6 gautan aireztapenik eta garbiketarik gabeko biltegi batean lo egitera behartzen zuen, gaueko harrera-zerbitzua egiteko; ez zuen asteko atseden egunik; lanaldi bikoitza egiten zuen; ez zitzaizkion lan istripuak onartzen…

Jendea nahieran esplotatu ahal izateko Cipresek langileak patroi jakin baten arabera kontratatzen zituen: emakumea, kanpotarra, bere inguruan inor ez zuena eta/edo bere kargura pertsonaren bat zeukana, eta hizkuntza guztiz menderatzen ez duena (kasu honetan gaztelania). Horrek guztiak are zaurgarriagoa egiten du langilea, eta are gehiago enpresa txiki batean, non oso erraza baita botere-harremanak ezartzea, ez baitute ordezkaritza sindikalaren babes legala.

Urte luzez esplotatua eta jazarria izan ondoren, eta urte luzez borrokatu ondoren, azkenean Pepak epaiketan ikusi behar izan ditu hor bota diren gezurrak eta testigantza faltsuak, eta nola sententziak ez dituen larrigarritzat hartu ez generoa eta ez etorkin izaera. Hori dela eta, Pepak gaur egun ondorio psikiko eta fisikoak ditu, (in)justizia-sistema honek inondik inora onartzen ez dituenak.

Zorionez, nabarmentzekoak dira Peparen lankide izan zirenen elkartasuna, ahalduntzea eta borroka —emakume migratuak denak—; izan ere, haien kontakizunak eta laguntza funtsezkoak izan dira esplotatzaile hau agerian uzteko eta Pepa jasaten ari zen bakartzea hausteko. Azpimarratzekoak dira, halaber, egoera horren aurrean hainbat erakundek eta auzo mugimenduk emandako erantzunak.

Botere judizialek eta administratiboek bertze alde batera begiratzen duten bitartean, LABek langileekin salatzen jarraituko du onartzen eta estaltzen diren abusu horiek guztiak, eta langileak ahalduntzeko tresna izaten jarraituko du. Hori dela eta, gure laguntza eskaintzen diogu langileen aurkako esplotazioa edo gehiegikeriak salatu nahi dituen pertsona edo erakunde orori, bereziki ahulenei. Ezin baitugu ahaztu Castillo de Javier hotela ez dela langileak esplotatzen diren leku bakarra.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.