Sakanak egoera bortitza bizi du 2008ko krisiaren ondorioz. Krisiak, lanpostuen zenbatekoan ez ezik, lan baldintzen eta bizi baldintzen prekarizazioan du eragina. Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak beharrezkoa jotzen du lanaren banaketaren alde egitea, 35 orduko lan asteak eta ordu estrak ez sartzeak enplegu sorrera ekarriko lukeelako.
Hau da gure eskualdeak izan duen enpleguaren bilakaera, Seguritate Sozialeko afiliazio datuei begiratzen badiegu:
2008 | 2013 | 2015 | 2016 |
6722 | 4532 | 4130 | 4540 |
Datu hauen irakurketa positiboa egiten du LAB sindikatuak. Seguritate Sozialean afiliazio igo den honetan langabeziak ere behera egin du nabarmen, Martxoan 1259 langabetu izatera helduz. Lehenengo aldiz zortzi urtetan afiliazioak gora egin du eta horrek Sakanan enplegua sortzen ari dela esan nahi du. Gogoratu behar dugu 2013. urtean 2000 langabetu genituela Sakanan.
Guzti honetatik ondori garbi bat atera dezakegu, 2015 urte bitarte Sakanak duen kokapen estrategikoa dela medio jende askok inguruetako bailaretan (Iruñerria, Goiherri eta Arabar lautada) aurkitu du lana. 2015 urtean hau aldatzen hasi da eta Industrian, Sakanan lana aurkitu du jendeak kanpora joateko beharrik izan gabe. Oraindik ere, asko geratzen da egoera normalizatu batera iristeko.
Hauek dira Sektoreka Seguritate Sozialak 2016ko urtarrilean jaso dituen datuak:
Sektoreak | 2015 |
2016 |
Zerbitzu Pribatuak | 1228 | 1322 |
Industria | 2228 | 2601 |
Administrazio Publikoak | 224 | 236 |
Eraikuntza | 247 | 196 |
Nekazaritza – Abeltzaintza | 76 | 71 |
Soziokomunitario | 127 | 114 |
Irakaskuntza Pribatua | 185 | 200 |
Sektoreetakoa datuak begiratzen baditugu oso nabarmena da industria izan dela berriro ere enpleguaren motore eskualdean eta oso adierazgarria da Metalgintza sektoreak izan duen hazkundea, 2015ean zituen 1.746 lanpostuetatik 2016ko urtarrilean 2.266 lanpostu izatera iritsi da.
Datu hauek positibotzat jotzen baditugu ere, gaur egungo egoera oso larria izaten jarraitzen du. Langabezia datuei begiratzen badiegu oraindik 1.259 langabetu daude gure eskualdean. Hamar langiletik 6 emakumezkoak dira eta langabetuen %48ak 45 urtetik gora ditu.
Kontratazioei begiratzen badiegu azken hiru hilabeteetan bataz beste 609 kontratu egin dira eta horietatik %7,9 soilik dira kontratu mugagabeak. Kontratazioei begiratzen badiegu ere emakumeak dira kontratu mugagabe gutxien egiten zaizkien kolektiboa, hamar kontratutik hiru.
Industriako enpresa askotan ordu estrak eta malgutasun neurriak ohikoak bilakatu dira. Eskualdeko enpresa askotan ere, bi soldata eskala egotea ohikoa bilakatu den bezala. Momentu honetan Sakanan langileak lanordu gehiago egitera eta gutxiago kobratze behartuak daude, enpresen mozkinak igotzen diren bitartean.
Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak beharrezkoa jotzen du lanaren banaketaren alde egitea, 35 orduko lan asteak eta ordu estrak ez sartzeak enplegu sorrera ekarriko lukeelako. Gaur egun ordu estrak eta lan jardunaldia enpresa askotan igo izana kaltegarria izaten ari da enplegu sorrerari dagokionez.
1200 euroko lanbide arteko soldata minimoa ezartzeak eta enpresatan soldata eskalekin amaitzeak, aberastasunaren banaketa justuagoa ekarriko luke bai zonaldean eragina izateko eta baita bizitza duin bat egin ahal izateko.
Eskualdean enplegu gehiago izateko beharrezkoa da enpleguaren kalitatea hobetzea, enpresen mozkinak eta lana zonaldean era justu batean banatuta. Beraz, gure Eskubideen alde martxan jartzea da dugun alternatiba bakarra.