2024-11-17
HomeNazioartea IdazkaritzaHarremanakSaharako errefuxiatu eremuetan egon gara UGT SARIO sindikatuari babesa ematen

Saharako errefuxiatu eremuetan egon gara UGT SARIO sindikatuari babesa ematen


LAB sindikatuko ordezkaritza bat Tindouf Argelian dauden Saharar herriaren errefuxiatu eremuetan egon da Saharako UGT SARIO sindikatuaren 8. kongresuan, bertako sindikatuari eta oro har Saharar herri guztiari bere elkartasuna adierazten. Egun guzti hauetan, bertako errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan dugu eta harrituta itzuli gara, nola hain baliabide guttirekin hainbertze gauza egin ditzazketen.

Saharar herria egoera larria pairatzen ari da. 1975. Marokok okupatu zuen eta gaur egun 3 eremuetan banatuta dago Saharar herria: alde batetik Marokok okupaturiko lurraldea, bertze aldetik askatuta eremua eta azkenik Argeliako errefuxiatu eremua.

1991ean bakea sinatu zen, erreferendum bat egiteko konpromisoarekin baino Marokoko gobernuak ez du bere hitza bete eta Europak ere deus gutti egiten du egoera hau blokeotik ateratzeko. Bitartean Saharar herria okupatuta eta errepresio gordina pairatzen bizi da.

Egon garen eremu guztietan LAB sindikatuaren konpromisoa Saharar herriaren askatasunarekin helarazi diegu bertakoei. Haien aldetik gurekiko harrera ezin hobea izan da. Egun guzti hauetan herrixka ezberdinak ikusi ahal izan ditugu eta beraien antolaketa eredua ere gertutik ezagutzeko aukera izan dugu.

Eskolak, liburutegiak, ospitaleak, ezgaituentzako zentroak, emakume eta gazte antolakundeen taldeak eta abar luze bat ezagutu ahal izan ditugu bertakoen aldetik ongi etorri beroa jaso dugun bitartean.

UGT SARIOren 8. kongresua ere bertatik ezagutzeko aukera izan genun eta bertan ere Saharako sindikatuarekiko eta Saharar herriarekiko gure elkartasun osoa helarazi genien. Idazkari nagusi bezala hautatua izan zen Salama Brahim Bashir Eri-ri eta bere ekipoari zorterik onena opa diogu etorkizunerako, Saharar herriaren askatasunean egin beharreko bide honetan.

LAB sindikatuaren interbentzioa UGT SARIOren 8. kongresuan, Saharar errefuxiatu eremuetan, Abenduak 3, 4 eta 5ean 

"Kaixo eta arratsalde on guztioi! Gure herriko hizkuntza nazionala den Euskaraz agurtzen zituztedan,

Salam alekun sukran ale stigbel

Lehenik eta behin UGT SARIO sindikatuari bere kongresura gonbidatu izana eskertu nahi genieke. Espero dugu kongresu honek Euskal Herria eta Saharar herria batzen dituen harremanak estutzeko balio izatea oraindik eta gehiago. Bertze alde batetik Kongresu hau UGT SARIOrentzat eta orokorrean Saharar herriarentzat aurrerapauso handia suposatzea espero dugu beraien askatasuna lortzeko bidean.

Euskal Herria ere estaturik gabeko herri bat da. Izana, existentzia eta libre eta demokratikoki etorkizuna erabakitzea ukatu egiten zaiona. Gure antolakundea den LAB Euskal Herriko langile klasearen zerbitzurako egoteko borondatearekin sortu zen, euskal errepublika independiente bat eraikitzeko borrokan, justizia sozialean eta gizon eta emakumeen arteko parekidetasunean oinarrituko zena.

Estaturik gabeko herrietara benetako demokrazia bat iristea nahi badugu, herrietako prozesu soberanistetan pausuak eman behar ditugu; hau da, 1978ko erregimena atzean utzi behar dugu, herrien askatasun aldarriak itotzeko sorturiko erregimena hain zuzen ere.

Saharar herriaren askatasunaren alde bere bizitza eman duten guztiak gogoratuz jarraitu nahiko nuke, eta bereziki Brahim Saika burkide sindikalista.

Ezin ditugu ere ahaztu Marokoko kartzeletan bahituta dauden preso politiko Sahararrak. Euskal Herrian oso ongi dakigu hori zer den, gaur egun oraindik 350 Euskal Preso politiko baino gehiago baitaude beraien etxetik ehunka kilometrotara. Horietako bat gure Idazkari nagusi ohi Rafa Diez da, orain dela 6 urtetatik espetxean Euskal Herriarentzako bake, demokrazia eta askatasun eszenatoki baten alde lan egiteagatik.

Ez nuke bukatu nahi Saharar herriarekiko gure herriaren konpromiso osoa berretsi gabe beraien lurra eta askatasuna berreskuratzeko borroka legitimo honetan. LABen eta Euskal Herrian lagun bat daukazue.

Gora Sahara askea!
Yahia Sahara horra!
"
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.