2024-12-23
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar NagusiaRafa ere gurekin da 9. Biltzar Nagusian #LABgureGaraia

Rafa ere gurekin da 9. Biltzar Nagusian #LABgureGaraia

Rafa Diez ere LABeko kideokin egon nahi izan du 9. Biltzar Nagusian. Bere semeak, Naike Diez-ek, El Dueso espetxetik igorritako gutuna irakurri du. Gutunean irteten den zuzendaritzak emandako guztia eskertzeaz gain, datorrenari indarrak bidali dizkie. Txalo zaparrada handi batekin jaso dute Biltzarkide guztiek Rafaren gutuna.

RAFAren GUTUNA

"Kaixo lagunok!

Lehenik eta behin jaso ezazue hor zaudeten guztiok besarkada bero bana. Nire itxaropena hor egotea izan bada ere, berriro espetxetik behartzen naute mezu txiki hau helaraztea.

Duela bederatzi urte Barakaldoko Kongresuan lekukoa eman nion Ainhoari eta, gaur, Ainhoak Garbiñeri pasatuko dio. Tarte horren gehiena espetxean igaro arren gertutik jarraitu dut sindikatuaren jarduera eta gertutik sentitu ere zuen babesa. Ekitaldiak, bisitak edo gutunen bitartez erakutsitako elkartasun keinuek indarra eman didate espetxealdiari aurre egiteko. Beraz, mila esker bihotzez zuen babesagatik.

Urte hauetan, LAB lurralde guztietan langileen konfiantza handituz joan da. Neoliberalismoaren erasoaldiak sindikalismoaren jarduerari min egin dion arren, hor egon zarete Euskal Herriko langileriak dituen borroka txikietan zein orokorretan klase botereaz borrokatuz. Zentzu horretan jaio ginenak oso harro egon behar gara gure sindikatuak egindako lana eta ekarpenaz. Nire aburuz, gauza askoren aitzindaria izan gara eta, lan txinaurria baliatuz, legitimazioa apurka-apurka lortzen joan gara. Nioen bezala gauza askotan asmatu eta aitzindaritza eraman dugu: 

Lehena eta zentrala Sindikatuaren izaera izan da. Klaseko sindikatu abertzale izateaz gain sindikatu soziopolitikoa garela hasieratik argi geneukan. Beti genion klase borroka ez zela bukatzen enpresa baten hormetan, klase borrokaren profila eta dimentsioa eredu sozioekonomikoarekin lotuta zegoelako, aldaketa politikoarekin lotuta zegoelako hain zuzen ere. Hortik zetorren kontrabotere lana ere. Eta kapitalismoaren bilakaera ikusita, izaera horretan erabat asmatu dugula esan dezakegu.

Badaude LABen aitzindaritza nabarmena izan den beste eremuak, besteak beste: Emakumeen aldeko borrokan bideak ireki genituen gure egituretatik hasita, Euskararekiko LAB sindikatua izan da barruan zein langile mugimenduan euskara zabaltzeko urrats esanguratsuak eman zituen eta dituena, izaera nazionalarekiko LAB da egitura nazionala daukan sindikatu bakarra edo belaunaldi berriei lekurik utzi zien lehen sindikatua izan gara.

Beraz, LABek gaitasuna erakutsi du eredu propioa egokitu eta berritzen joateko. Orain arte horrela izan da eta aurrera begira, testuingurua oso aldakorra bada ere, horrela izango da. Hori dela eta, gogoratu nahi nituzke bide horretan sindikatuari ekarpen handiak eman eta egun gurekin ez ditugunak: Joselu Cereceda, Manu Aranburu, Felix “Neron”, Elkoroiribe, Alberto Pelaez, Jon Solagurenbeaskoa, Igor Urrutikoetxea, Periko, Idigoras… ziur izan dauden tokian daudela, oso harro izango direla egungo LAB ikusten.

Hau esanda, egoerari buruzko aipamen txiki bat helarazi nahi dizuet. Ezker Abertzalearen aldaketa estrategikoak fase berria ireki du Euskal Estatuaren aldeko borrokari aukera berriak eskainiz. Fase eta erronka berriek tresna berriak behar dituzte. Gaur egun, nire ustez, aldaketa politiko eta sozialaren alde indar asko artikulatuak dira, baina hauek nahiko sakabanaturik daude. Integrazio gutxi dagoelarik, palanka berriak behar ditugu ilusio kolektiboari bideak eraikitzeko. 

Aldaketa egiteko orduan, etor daitekeen eszenatoki berri baten aurrean, badago elementu bat etsaiek ondo erabiltzen dutena: beldurra. Agintari batek zioen: “es terrible que el pueblo pierda el miedo”. Hori da egin beharrekoa, euskal langileriak konfiantza eta ilusioa behar du aldaketari begira “beldurra” gal dezan.

Bueno lagunok, Kongresu honetan Ainhoa eta Jabik ardurak uzten dituzte, Garbiñe eta Igorrek erreferentzi nagusi horiek hartuz. Etapa emankorra gidatu dute Jabi eta Ainhoak urte hauetan zehar, beste kide guztiekin batera. Eta ziur naiz lankide berriek ondo beteko dutela aurrean jartzen zaien erronka, baita sindikatu osoak ere. Denok, norbanako guztiek osatzen baitugu LAB.

El Duesotik, baina bihotza eta burua zuekin izanda, animoak eta aurrera GORA LAB, GORA EUSKAL LANGILERIA!"
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...