2024-12-22
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar Nagusia"Borrokak bakarrik ekarriko du langileok behar dugun bizi eta lan eredua”

“Borrokak bakarrik ekarriko du langileok behar dugun bizi eta lan eredua”

LABek antolatutako solasaldi zikloak aurrera darrai. Durangon eta Tolosan aritu gara egunotan, “Sindikalgintzaren garaia. Ekintza sindikal berrirantz” lelodun mahai inguruekin. Bihar, osteguna, Bilbon izango gara: sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hartuko du hitza Hika Ateneoan, 18:30ean, “Gure garaia. Hamarkada bat sindikalgintzatik” leloarekin.

Zergatik berritu ekintza sindikala? Hauxe izan da Durangon eta Tolosako hitzaldietan erantzundako galdera, Garbiñe Aranburu eta Xabier Ugartemendiaren eskutik.

Lan mundua aldatu baino, lan mundua okertu egin dutela nabarmendu dute biek, patronalaren etekinak mantentzeko edo biderkatzeko. “Gure lan baldintzak hartu dituzte jo puntu, eta hauen okertzeak bermatzen ditu beraien irabaziak. Prozesu hau guztia patronalak darama aurrera, babesa agertzen dioten botere politikoen laguntzaz”, azaldu du Ugartemendiak. “Prekarietatea legezko bihurtu dute”, salatu du.

Finko eta lan baldintza duinak dituen lanpostuaren ideia ezabatu nahi dute, eta, horretarako, bide desberdinak jorratu dituzte lan baldintzen okertzea bilatzeko: zerbitzu publikoen pribatizazioa eta merkantilizazioa, azpikontratazioaren hedapena, soldaten kaxkartzea eta hitzarmenak ezeztatzeko aukera, besteak beste. Prekarizazio eta pobretze prozesu honen guztiaren barruan, badaude kolektibo batzuk hau guztia egoera bortitzagoan sufritzen ari direnak. Horietako batzuk aipatu ditu Ugartemendiak: emakumeak, gazteak, etorkinak eta aniztasun funtzionala dituzten pertsonak.

Lanaren prekarizazioa baino, bizitzaren prekarizazioa bilatzen dutela azpimarratu du, eta sindikalgintzari egoerari aurre egiteko bitartekoak lapurtu dizkiotela ohartarazi du. “Krisia aurretik, LABen bageunden murgilduak egoerari aurre egiteko genituen hutsuneen inguruko eztabaidan, baina krisiak eztanda izanak erantzun dinamikan murgilduta egotera eraman gintuen. Gure ekimena berriz aztertzeko aukera izan genuenean, ordura arte egindako ekintza sindikalak eraginkortasun falta zuela ikusi genuen, eta jada ez zela nahikoa bizi genuen eta dugun egoerari buelta emateko. Birpentzatzen prozesua jarri genuen martxan, eta bertan ondorioztatu genuen aldatu beharra genuela eta ekintza sindikal berria eta eraginkorra beharrezkoa genuela”, esplikatu du LABeko ordezkariak.

Hain zuzen ere, ekintza sindikal berri honek oinarri hauek izan behar dituela adierazi du: “Prekarietatea eta pobretzearen kontra egitea hartu behar du oinarri eta lan zentruz lan zentru, herriz herri, auzoz auzo, langileak batu, antolatu eta borrokara eramatea du helburu, borrokak bakarrik ekarriko baitu langileok behar dugun bizi eta lan eredua”.

Aliantzen beharra

Aranburuk, bere aldetik, egoera zaila dela eta ez dagoela formula majikorik onartu du. “Argi dagoena da orain arte egin dugun guztia ez dela nahikoa langileen egoerari erreparatzen badiogu. Berdina egiten jarraitzen badugu, emaitza berdina izango da. Beraz gauza berriak egiten saiatuko gara. Hau guztia dinamikoa izango da, ensayo-error gisa, eta denon artean joan beharko dugu eraginkorrena izango den estrategia zein den zehazten”, esplikatu du.

Bost ideia nagusi azpimarratu ditu Aranburuk:

-Bizitzaren jasangarritasuna erdigunera ekarriko duen ekintza sindikal integrala egin behar dugu
-Langileen berrosaketa bultzatzea lehentasunezko borroka izango da
-Ekintza sindikala eta burujabetza prozesua lotuta daude
-Kontrabotere gaitasuna handitu behar dugu
-Ekintza sindikala eraginkortzeko aliantzak behar ditugu

Azken horri dagokionez, aliantza horiek nortzuk bultzatu behar dituzten argitu du: “Kapitalaren kontrako ofentsibari aurre egin nahi diogunon artean eta burujabetza prozesuaren alde gaudenon artean. Bata zein bestea lotuak daudelako”.

Ainhoa Etxaiderekin solasean

Bihar, osteguna, Bilbora iritsiko da solasaldien zikloa: sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hartuko du hitza Hika Ateneoan, 18:30ean, “Gure garaia. Hamarkada bat sindikalgintzatik” leloarekin.

Hainbat gai jorratu ditugu orain arte, 9. Biltzar Nagusiaren harira egiten ari garen mahai inguruen bitartez: Des-herria, burujabetza, aldaketa soziala eta feminismoa, ekintza sindikal berriari buruzko Surangoko eta Tolosako hitzaldiez gain.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...