2024-12-19
HomeHerriak du hitza eta erabakia"Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske...

“Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?”

Donostia Galdeketa dinamikak azaroaren 18ko herri galdeketaren galdera aurkeztu du. Donostia aitzindari izango da, hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua izango baita.

Hauxe da Donostiako gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Ezinezkoa zela entzun izan dugu behin eta berriro, baina lanari ekin diogu. Zaila izango dela esan izan digute, baina gu elkarrekin bidea irudikatzen hasi gara. Merezi ote duen galdetu digute eta guk baietz erantzun dugu. Eta ziur gaude; galdeketak merezi du, mereziko du. Azaroaren 18an Donostian hautetsontziak kalera aterako ditugu; baita Irunen, Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin ere. Hautetsontziak herritarren eskutik herritarren eskura jarriko ditugu, hitza hartu eta emateko. Etorkizuna gure eskuetan sentitzeko.

Bi hilabete besterik ez dira geratzen kontsulta egunerako, baina bide luzea egin dugu aurretik; ia urtebete pasatu da dagoeneko Donostia Galdeketa plataforma sortu genuenetik. Herri galdeketen protokoloa jarraituz, hiru urrats nagusi egin ditugu galdeketaren bidean; lehenik eta behin, prozesua hasi aurretik, 9.500 sinadura jaso genituen, 9.500 donostiarren babes zuzena; ondoren, galdera adostu dugu prozesu zabal eta parte hartzaile baten bidez; eta, azkenik, galdeketa eguna bera antolatzen hasi gara.

Ideologia anitzetako hamazazpi kideekin osatutako Adosgunea taldeak erabaki du galdera, metodologia inklusibo eta parte hartzaile baten bidez, bi hilabeteko lanketa egin ondoren. Donostiarrei ere zabaldu diegu iritzia emateko aukera eta 1.500 boto baino gehiago jaso ditugu kalean eta sarean Hirutxuloko Hitzaren inkestan. Adosguneko kideok, adin, esparru, ideologia eta iritzi anitzekoak izanda ere, herritarren iritzia kontuan izanda, aho batez adostu dugu azaroaren 18an egingo den galdera. Beraz, dagoeneko, donostiarrok badugu herri-galdeketan egingo den galdera zehatza: ‘Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?’.

Galdera aurkeztearekin batera abiatu dugu gaur kanpaina. Eta hitzordu garrantzitsu baten berri ere eman nahi dugu. Galdeketa aurreko ekimen nagusia urriaren 28an izango da. Donostiako erdigunean kalejira erraldoi bat egingo dugu, ‘Dantzatu dezagun erabakia’ lelopean. 11:30ak aldera hiru zutabe Bulebarrerantz abiatuko dira. Auzo bakoitzak bere tramua izango du kalejirako zutabe horietako batean. 12:30ean parte hartzaile guztiak Bulebarrean elkartuko gara, Alde Zaharra gurutzatuko dugu eta 13:00etan ekitaldiarekin emango diogu amaiera, Kaian. Egun horretan iritsiko dira hautetsontziak Donostiara eta bozka aurreratuari hasiera emango diogu auzoetan.

Herrikideok, esku bete lan daukagu eta galdeketa posible egiteko esku guztiak, den-denak, dira beharrezkoak gaurtik hasi eta datozen bi hilabeteotan, eta, aurreikuspenen arabera, 1.000 boluntariotik gora beharko dira azaroaren 18an. Horregatik, gaur deialdi zabal bat egin nahi diegu donostiar guztiei, kontsultaren antolaketan parte hartu dezaten. Modu askotara egin daiteke: auzoko taldera batuz eta gure webgunearen bidez (www.donostiagaldeketa.eus) boluntario aritzeko izena emanez, adibidez.

Azaroaren 18an aitzindari izango gara, Donostia izango baita hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua. 34 hautesleku zabalduko ditugu hiriko auzo guztietan, kontuan izanda Igeldon eta Zubietan dagoeneko egin ditugu galdeketak. Eta guk, lehen aldiz, aukera izango dugu gure etorkizunaz hitza hartzeko. Ez baitigu inork behin ere galdetu zer izan nahi dugun, nolako herria nahi dugun. Nahiz eta jakin galdeketaren ondoren ez dela alkaterik aldatuko eta ez dugula lau urtetako politikan zuzenean eragingo, argi dugu prozesu honek merezi duela. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik nola gauzatu jakitera pasatu gara. Galdeketaren ostean, gure herria helduagoa izango da, ahaldunduagoa, burujabeagoa. Eraiki nahi dugun etorkizunetik eta erabakitik hurbilago egongo gara. Hurbilago gaude. Etorkizuna, gure esku dago!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.