2024-12-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaAmiantoa"Langileak arrisku bizian ginen, baita etxekoak ere"

“Langileak arrisku bizian ginen, baita etxekoak ere”

Urriaren 2an hil zen Jose Luis Landeta, 73 urterekin, eztarriko eta biriketako minbiziaren ondorioz. 28 urtez lan egin zuen Laudioko Guardian enpresan, amiantoarekin etengabeko kontaktuan. Gaur omendu dugu Laudioko herriko plazan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Joan den apirilaren 28an, Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, bere lekukotasuna jaso genuen webgunean eta, geroago, "Iraultzen" aldizkarian. Elkarrizketa hori berreskuratu dugu, Landetak pairatutako gurutzebidea eta lan gaixotasunek eragindako odolustea salatzeko.

Hauxe da Jose Luis Landetarekin izan genuen solasaldia, apirilean, Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren atarian:

Datua beldurgarria da: lan istripuz hiltzen den langile bakoitzeko 18 heriotza daude lan gaixotasunen ondorioz, Europako Batasuneko datuen arabera.

Mutuek, patronalak eta administrazioek ezkutatzen duten errealitate baten aurrean gaude; hori dela eta, lan gaixotasunak dituzten langileek gurutzebidea pasa behar dute euren gaixotasuna epaitegietan aitortu dezaten, aitortua izaten bada. Jose Luis Landetaren lekukotasuna jaso dugu gaiaren larritasuna irudikatzeko. Industrian egin du lan, beira sektorean.

Hain zuzen ere, Landetak 73 urte ditu, eta eztarriko eta biriketako minbizia diagnostikatuta ditu. Laudioko Guardian enpresan egin du lan 28 urtez, antzinako Villosa lantegian. Amiantoaren biktima da. “Tenperatura altuekin egiten genuen lan eta, ondorioz, beroarekin batera, etengabeko kontaktua genuen amiantoarekin. Langileak arrisku bizian ginen, baita etxekoak ere, amiantoz kutsatutako arropa etxean garbitzeko orduan”, adierazi du.

51 urterekin, eztarriko minbiziagatik utzi zion lan egiteari. Baliaezintasunaren aitortza, ordea, ez zuen lan gaixotasunagatik jaso, osasun arazo arrunten bidetik baizik. Handik sei urtera, arnasa hartzeko zailtasun handiak sortu zitzaizkion. Biriketako minbizia zuen. Orduan, bai, borrokari ekin zion, bere gaixotasuna lan gaixotasun gisa aitortua izan zedin. Urte luzez borrokatu eta gero, duela gutxi jaso du aitortza: “Bost abokatu desberdin genituen kontra; mutuetakoak, enpresakoa… Oso etsigarria da, eta horrekin jokatzen dute, bidean gera zaitezen, borroka bukaera arte ez eramateko”.

Landetaren bizitza guztiz baldintzatuta dago. Medikamendu eta antibiotiko asko hartu behar ditu egunero, eta oso bizitza lasaia behar du eraman, arnasa hartzeko dituen zailtasunak direla eta. Komunean sortzen den kondentsazioak, esaterako, itolarrian utz dezake, baita kaleko paseo arrunt batek ere. Jasotzen duen pentsioaren zati bat tratamenduetarako erabiltzen du. Orain akupunturarekin dabil, gutxieneko bizitza kalitate bat lortze aldera. “Lankide ohi batzuk hil dira urte hauetan, amiantoaren ondorioz ere, inolako aitortzarik jaso gabe. Beste lankide batekin ekin nion epaitegietako borrokari, baina, momentuz, emaitza desberdinarekin”, azaldu du. Landetaren esanetan, mediku batek bere alde egin izanak ikaragarri lagundu zion bere auzian: “Medikuek onartzen dute zure gaixotasun, baina inor ez da bustitzen, inork ez du idatziz jartzen”.

Landetak argi du enpresek eta mutuek euren intereserako jokatuko dutela beti, borrokatu ezean. Modu sistematikoan ukatzen dute lanaren ondorioz eratorriko edozein gaixotasunaren jatorria: “Ez dizute kasurik egiten, burua beso azpian duzula aurkezten ez bazara”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...