2024-12-22
HomeEkintza Soziala"Langile migranteak euskal langileak dira"

“Langile migranteak euskal langileak dira”

Igandean, abenduak 18, Migrantearen Nazioarteko Eguna da. LABek adierazpen bat kaleratu du horren harira, migranteen eskubideak aldarrikatzeko eta sistema kapitalistaren politika bidegabeak salatzeko.

LABen aldarrikapenak, Migranteen Nazioarteko Egunaren harira.

Munduan zapalduta eta esplotatuta gauden herrietako langile guztiok helburu bera dugu: sistema kapitalistarekin amaitzea, gure gorputz, herri, bizitza eta planeta kolpatzen dituelako.

Sistema kapitalistaren amaiera. Krisi global bati aurre egiten ari gara, krisi sistemiko eta zibilizatzailea, aurrekaririk gabekoa gizaki mailan. Gerrak, desertifikazioa, oker izendatutako errefuxiatuen krisia, natur baliabideen agortzea, herrien burujabetza Tratatu berrietara oinperatzeko estrategia, desberdintasunak, mobilizazio sozialen kriminalizazioa, migranteen heriotz zenbaezinak Mediterraneoan eta munduko muga desberdinetan… hauek guztiak sistemaren diru-gosearen ondorio dira, kapitalaren metaketa bere ikur bilakatu baitu.

Produkzio eta kontsumo sistemaren eraldaketa. Produkzio eta kontsumo sistema gisa, Kapitalismoaren gehiegikeriak kalteak eragiten ditu ingurumenean, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak azkartzen ditu. Honek zigor erantsi bat ekartzen du: etorkizunean, gero eta pertsona gehiagok migratu beharko dute bizirauteko, euren jatorriko eremuetatik kanpo.

Migrazio politikei buelta ematea, gerren eta multinazional eta estatu inperialisten baliabideen kontrolaren isla direlako. Pertsona guztiek eskubidea dute euren lanaren emaitzarekin duintasunez bizitzeko euren herrialdean; eskubide hori inork ez lieke ukatu beharko, gaur egun gertatzen den bezala. Europak eta sistema kapitalistaren erdigunean dauden herrialdeek esfortzu bat egin beharko lukete behartutako migrazioa eragiten dituzten arrazoiei aurre egiteko eta duina eta iraunkorra den giza garapen bat sortzeko herrialde guztietan. Oraindik egiten duten espoliazioaren itzultzea izango litzateke.

Migranteak eta errefuxiatuak kriminalitzatzen dituzten politikak desegitea. Kapitalaren banaketaren eta orden berriaren politika ekonomiko, politiko, kultural eta militar bidegabeen ondorio zuzena da migrazioa. Pertsonek eta herriek ez dute aukerarik euren baliabideak kudeatzeko, ezta euren indarguneak garatzeko ere, munduko orden berriaren interesen mesederako. Egoera hauek ezinezko bihurtzen dute milioika pertsonek euren herrialdean bizitzea. Herrialdea, etxea, lana eta familia uztera behartuak daude.

Migranteei eskubideak ukatzen zaizkie; giza eskubide eta eskubide sozial eta ekonomikoak. Milaka pertsona Europako hainbat herrialdetako atarietan pilatzen dira, bizitza aukera baten bila. Europak, berriz, ez du eskuzabaltasun eta elkartasun keinurik. Harresiak eta alanbre-hesiak altxatzen dituzte segurtasunaren izenean, polizia eta militar kontrol zorrotzez gain. Transnazionalek euren interesen arabera mugitzeko erraztasun guztiak dituzten bitartean, espoliatutako herrialdeetako herritarrek ez dituzte giza eskubideak bermatuak, basakeria juridikoa ere pairatzen dutelako bizi duten dramaren baitan.

Lan arloan neurri eta politika publiko eraginkorrak bultza ditzaten eskatzen diegu euskal administrazioei, emakume migranteek pairatu ohi duten diskriminazioa eta kalteberetasunarekin amaitzeko. Emakume migranteak kaltetuenak dira. Lan prekarietatearen biktima nagusiak dira. Hauetako emakume asko eta asko diskriminazio eta kalteberetasun egoeran daude. Askok etxeko eta zaintza zerbitzuan lan egiten dute, eta arazoak dituzte lan baldintza, lan jardunaldi, soldata edo kontratuarekin.

Arrazakeria eta xenofobiarekin amaitzea. Pertsona migranteak ez dira mehatxu bat. Gure benetako etsaiak austeritate politikak dira, segurtasunaren eta beldurraren izenean bultzatzen dituzten politikak, interes inperialisten neurrira egindako politikak. Ez gaitezela tranpan erori. Herrien eta pertsonen arteko elkartasuna bultza dezagun.

Langile migranteak euskal langileak dira. Esklabotza eta pobreziara eramaten gaitu bizitza eta lana prekarizatzen duen prozesuak. Erabateko erasoa pairatzen ari gara langileen bizi eta lan baldintzei dagokienez, eta, horretan, langile migranteak dira kaltetuenak: kontratu prekarioenak dituzte (kontratua badute), soldata baxuenak ere, eta eskubide sozial eta sindikalak ukatu egiten zaizkie. Ulertu behar dugu gure borroka guztiak borroka bakar bat direla.

Harrerarako euskal sistema. Harrerarako baldintza propioak izateko, euren gain erabateko eskumena hartzeko eskatzen diegu euskal administrazioei, gure errealitate produktibo eta sozialaren araberakoa, nazioarte mailako elkartasun eta kooperazio gisa.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...