2024-12-27
HomeEkintza Sindikala"Lanean jarraituko dugu igande eta jai egun bakar batean ere ireki ez...

“Lanean jarraituko dugu igande eta jai egun bakar batean ere ireki ez dadin”


Jaietan Denok Jai plataformako ordezkariek, LABeko kideek barne, elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako udaletxearen aurrean. Hain zuzen ere, igande eta jai egunetan irekierak "zero" izateko aldarrikapena egin dute, Turismo Handiko Barrutia izendapena dela-eta Udalak hartutako neurriak salatzeko. Donostiako agintariek sustatutako hiri eredua kritikatu dute, "garrantzitsuena" ahaztu egin dutelako: herritarrak eta hauen lan baldintzak. "Guretzako hori da lehentasuna", nabarmendu dute.

"Igande eta jai egunetan irekiera zero izateko aldarrikapena ez da berria, urte luzeak eman ditugu borroka honekin, argi dugulako bizitza familiarra eta profesionalaren kontziliaketaren aurka doala. Gainera, ez du enplegua sortzen, nahiz eta batzuek hala saltzen diguten. Aldi berean, ondorio argi bat ekartzen du: bizitzaren prekarizazioa".

Jaietan Denok Jai plataformako kideen adierazpenak dira hauek, Donostiako udaletxearen aurrean gaur gauzatutako protestan egindakoak. LAB, ELA eta CCOO sindikatuak daude plataformaren barruan, eta mobilizatzeko beharra ikusi dute, Donostiako agintariek hartutako neurriak direla eta.

Hain zuzen ere, sindikatuek kexa bat aurkeztu zuten udaletxean, uztailaren 28an, Turismo Handiko Barrutia izendapena dela eta. Idazki horren bidez eskatu zuten 2017rako barrutia 2015. urtea arte egin ohi zuten bezala zehazteko; hau da, uztaila eta abuztuan, Parte Zaharreko kale jakin batzuetan ireki ahal izatea igande eta jai egunetan. Kontua da, 2016. urtean, zehaztapena ez zela inorekin adostu; Udalak bere kabuz egin zuen. Horren arabera, urte osoko igande eta jai egunetan irekitzeko aukera eman zien Parte Zahar osoko, Bretxa merkataritza guneko eta Zurriola hiribideko dendeei. Bada, 2017an, udal gobernuak 2016. urterako inposatutako definizio berarekin jarraitzen du.

Plataformako kideek mozio, kexa, erreklamazio eta hainbat izapide egin dituzte erabaki horren aurka. Urrutira joan gabe, gaurko udalbatzarrean hitza hartzea aurreikusita dute. Hala ere, sindikatuak kexu dira Udalaren jarrerarekin, bilera batera besterik ez baititu deitu, Merkataritzako zinegotzi Ernesto Gascorekin izandakoa. Eta bilera horrek, gainera, bazterrak nahastu zituen."Gascok prentsan adierazi zuen gurekin adostasun batera iritsi zela eremu hori mantentzeko. Sindikatuok berehala egin genuen prentsa oharra, Gasco gezurretan ari zela salatzeko", ekarri dute gogora plataformako lagunek.

Honen harira, LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek garbi utzi dute erabaki hori PSE-EEk eta EAJk hartu zutela, "inorekin adostu gabe, are gutxiago gurekin". Sindikatuen hitzetan, "jakin badakigu ez dela borroka erraza, baina lanean jarraituko dugu, hemen, igande eta jai egun bakar batean ere ireki ez dadin".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.