2024-12-22
HomeEkintza Sindikala"Jabetu behar gara zer eta noiz erosten dugun"

“Jabetu behar gara zer eta noiz erosten dugun”

Igande eta jai egunetan merkataritza irekitzearen aurkako plataformak kontzientziazio eta salaketa kanpaina bati ekingo dio, merkatariak, langileak eta kontsumitzaileak eskutik helduta joan daitezen. Plataformaren ikurra eramango dute eta dendako atean denda adeitsua dela adieraziko dute. Hala jakinarazi dute Bilbon, El Corte Ingleseko atarian, egindako agerraldian.

Igande eta Jai-egunetan Merkataritza Irekitzearen aurkako Plataforma osatzen dugunok: LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuak, Euskaldendak-i atxikitako merkatarien elkarteak, EKA/ACUV eta EKE kontsumitzaileen elkarteak, Bilboko Auzokideen Elkarteen Federazioa, Donostiako Bizilagunekin Plataforma, REAS (Euskadiko Ekonomiaren Sare Alternatibo eta Solidarioa), Ernai eta SOS Alde Zaharra-k, hurrengo hau aldarrikatzen dugu:

Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri nahi izan dizkiguten lege-aldaketen gainetik, gure arteko "itun" bati eutsi diogu azken urteotan, eta horrela, orain arteko ohiturei jarraikiz gure sektorea orekan mantendu ahal izan dugu, eta esparru honetan lan-baldintzak errespetatu dira orokorrean, bai merkataritzako langileenak, bai dendetako ordutegi eta egun-liberalizazioaren eraginpeko beste sektore batzuetako langileenak (autonomoak eta besteren konturako langileak).

Baina denek ez dute oreka hori gogo onez onartu nahi izan. Kate handiek, zenbait erakundek eta kargu publikok urtero-urtero gogoratzen digute zein den beren asmoa: merkataritzako ordutegia liberalizatzea; eta hortaz merkatariak dendak jai-egunetan zabaltzera bultzatu nahi dituzte, salmentak ugalduko dituztelako gezurrezko promesak emanez. Asper-asper eginda gaude beti merkataritza-kate handien eta multinazionalen alde daudela ikusteaz. Gu beti limurtu nahi gaituzte esanez denda txikien salmentak ugalduko direla igande eta jai-egunetan irekiz gero. Baina etsigarria da ikustea nola gure hiri eta herriak, merkataritza gune eta kate handien beharrizanen arabera diseinatzen dituzten, herri eta auzuneetan denda anitzak sustatu beharrean, enplegu egonkorra eta langile eta auzokideentzako zerbitzua eskainiz. Nahiko gezur eta engainu entzuten ari gara, eta jendea manipulatu nahiean ari dira. Enplegua eta salmentak ez dira handituko dendak beti irekita edukitzeagatik, baina horretara eraman nahi gaituzte edozein aitzakia jarriz, dela aparteko gertaerak, dela turismoa, dela ikasleak; baina beti kate handien interesei begira. Guk nahi ditugun hiri eta herriak beraietan lan eta bizi direnen neurrira egindakoak dira.

Hala ere, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektorearen oreka mehatxupean dago berriro. Hala da, elikadura-sektoreko kate handiak, batik bat, Carrefour Express, Simply, Supercor (Corte Ingles) edo Coviran besteak beste, apurka-apurka irekitze-eredu bat hedatzen ari dira gure lurraldean zehar, urteko egun guztietan irekita egoteko, kasu askotan 24 orduko formatuetan 365 egunetan. Kezkagarria da horietako batzuk frankiziatutako merkatari txikiak izatea (batzuetan marka handiek ariete moduan erabiltzen dituzte, eta ez dira konturatzen kate eta erostetxe handiekiko elkarlan horren ondorioz ordutegi-liberalizazioa datorrela, eta denda txikien salmentetan gainbehera latza). Gero autonomo edo merkatari txiki horiek, beren aldetik, enplegatuak kontratatzen dituzte baldintza prekarioetan; eta horren eraginez beste denda batzuk itxi beharrez daude, sektoreko biziraupena eta eskubideak errespetatzen dituztenak, enpleguaren zati handi bat kolokan jarriaz.

Kontsumitzaile gisa dugun erantzukizunari berariazko deia egiten diogu. Gure erosketak egiteko ordutegiak behar bezain zabalak dira, eta jabetu behar gara zer eta noiz erosten dugun. Langileon artean elkartasuna eta begirunea nagusi izan ezean, nekez lortuko dugu gizarte zuzen bat, ezta kolektibo bakoitzeko eskakizunak ere (emakumeak, gazteak, pentsiodunak, langabeak, sektore publikoko eta pribatuko enplegatuak). Eta, horregatik, ez ditugu sustatu behar kontsumismo basatidun ereduak, multinazionalen jabe bakan batzuen mesedetan.

Orain arriskuan dagoena elikadura-merkataritzaren sektorea da, baina bide horretatik aurrera joanez gero, merkataritza-sektore guztiak lerratuko dira enpresa eta banaketa-kate handietara, eta horren ondorioz gure herri, hiri eta auzoak hutsik geratuko dira, eta lan-baldintzak lehen baino prekarioagoak izango dira.

Horregatik guztiagatik kontzientziazio eta salaketa-kanpaina bati ekingo diogu, denok batera jokatzeko —merkatariak, langileak eta kontsumitzaileak—. Horrela, gure plataformaren ikurra eramanez edo dendako atean jarriz denda adeitsua dela adieraziko dugu jendaurrean.

Aldi berean, igande eta jai-egunetan irekitzen duten dendei (handiak izan edo txikiak izan) ohartarazten diegu gure mobilizazioa aurrera doala, eta borroka honetan ez dugula etsiko. Ez dugu onartuko, bakan batzuen ustezko banako askatasunaren izenean, DENON askatasuna eta eskubideak zapaltzea eta mugatzea, eta gehienon kontura probetxua ateratzea. Gehiengoaren aldarrikapena hauxe izan baita beti: "hemen jai-egunetan 0 irekiera".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...