2024-12-22
HomeIndustriaFederazioa"Industriako langileak nola egongo lirateke LAB existituko ez balitz?"

“Industriako langileak nola egongo lirateke LAB existituko ez balitz?”

Industria federazioko delegatuen batzarra egin dugu gaur Burlatako kultur etxean, hauteskunde sindikaletan orain arte lortutako emaitzen balantzea egin eta aurrera begirako erronkak zehazteko. 500 bat lagun bildu gara, gehienak gizonezkoak. Hain zuzen ere, horixe da industria sektoreko egungo errealitatea, eta egoera hori ere irauli nahi dugu, emakumeen kontratazioa sustatzeko proposamenak lantokiz lantoki gauzatuz. LAB borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duen sindikatu bat da, eta horixe berretsi dugu batzarrean, industria sektorean egindako lana lekuko. Hala, argi utzi dugu prekarietatearen aurkako borroka lehentasun dugula: “Guztiok bizitza duina eta lan baldintza duinak izan ditzagun borrokatuko dugu”.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Industria federazioko arduradun Eulate Zilonizaurrekoetxeak hartu dute hitza industria federazioko delegatuen batzarrean. Biek Burlatan bildutako delegatuen lana eskertu dute, eta galdera bat utzi dute gogoetarako: “Industriako langileak nola egongo lirateke LAB existituko ez balitz?”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauteskunde sindikaletako epe honetarako finkatutako helburu nagusia bete dugu. Bigarren sindikatu gisa indartu gara, CCOOren aurretik, eta Nafarroan ordezkaritzaren %16 gainditu dugu. Emakumeen ordezkaritzari dagokionez, gure helburua lortzeko bidean gaude, %40ko ordezkaritza izatearena; hots, afiliazio mailan dugun kopuru bera. Sindikatuak handitzeko tartea du oraindik. Industrian, CCOO sindikatutik oso delegatu gutxira gaude, Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua izateko bidean”.

LABek lerro sindikal borrokalari, eraginkor eta koherentea duela adierazi du Garbiñe Aranburuk, eta sindikatuaren hazkundearen giltza hor dagoela nabarmendu du: “Hitza eta ekintza gara. Azken urteetan neoliberalismoak bere bidea egin du, langileen zatiketa eta indibidualizazioa bultzatu ditu. Prekarietatea dominazio sistema bat da. Honek guztiak beldurra, ziurgabetasuna eta jarrera kontserbadoreak indartzea dakar. Beti ez da erraza suertatzen gure lerro sindikala defendatzea. Langileen artean, borroka sindikalaren balioa eta garrantzia irabazi behar den posizio bat da, lan ideologiko handia egin behar da, baina delegatuen lanari esker lortzen dugu”.

Gogorrak izan dira azken urteak, 2008ko krisialditik hona eskubide laboral eta sozialen galera handia egon baita: negoziazio kolektiboaren kontrako erasoak eta sektore publikoaren pribatizazio eta merkantilizazioa, besteak beste. Eremu guztietara hedatu da prekarizazio prozesua. Kapitala-bizitza talka gogortu egin da. Hortaz, momentuak hiru ezaugarri izan behar dituen sindikalismo bat eskatzen duela jakinarazi du Garbiñe Aranburuk: borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duen sindikalismoa; klase subjektua berregituratzeko sindikalismoa; eta autodeterminazio eskubidea, erabakitzeko eskubidea, oinarri duen sindikalismoa.

Prekarietatea eta lan osasuna
Eulate Zilonizaurrekoetxeak, bere aldetik, industria arloko egoera, lortutako lorpenak eta aurrera begirako erronkak izan ditu hizpide: “Datozen urteetan datozen zapalketa berriei eta eskubide lapurreta guztiei aurre egiteko, ezinbestekoa zaigu lan zentroz lan zentro ongi antolatzea. Hori izan behar da gure lehenengo lehentasuna, eta ez da gutxi. Borroka desprestigiatzen duen sistema honetan, indibidualismoa sustatzen duen Kapitalaren aurrean, guk elkarlanaren eta kolektiboaren aldeko apustua egin behar dugu. LABeko familia indartu eta elkartu, hauteskundeetan hasiz eta afiliazioan igoz, noski, baina baita jada sindikatuan gaudenon artean estrategiaren aldeko indarrak kohesionatuz. Lantegiz lantegi diagnostikoak egin, egoera prekario guztiak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintzak egin”.

Prekarietate egoera desberdinei aurre egiteko planak beharrezkoak dira; sindikatuak lortu du 35 orduko lan astea ezartzea enpresa askotan, edota ETTak debekatzea, behin behinekotasuna mugatzea, azpikontraten egoera hobetu edo azpikontratazioarekin bukatzea. Bide horretan lan egiten jarraituko dugula esan du LABeko Industria federazioko arduradunak.

Lan osasuna ere oso presente izan du bere hitzartzean. Hain justu, inork ez gaituela zainduko guk geuk egiten ez badugu garbi utzi dugu, batzarrean. Patronala irabaziei begira dago eta Instituzioentzat ez da garrantzitsua. Hortaz, prebentzio planak erdigunean kokatu behar dira; istripu bat dagoenean erantzuleak salatu behar dira eta laneko gaixotasunei dagokien tratamendua eman behar zaie.

Burlatan bildutako delegatuei egindako eskertzaren barruan, urte hauetan guztietan egindako lana zoriontzeaz gain, sindikatuak aitortza berezia egin dio erretiroa hartuko duen Marieli Urriolabeitia industria arloko liberatuari. Lore sorta bat jaso du, urte luzez egindako ekarpena eskertzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...