2024-12-24
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu Soziokomunitarioa"Gure adinekoek merezi duten arretaren kalitatea lortzeko, gure lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da"

“Gure adinekoek merezi duten arretaren kalitatea lortzeko, gure lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da”

Arabako helduen egoitzetako langileek mobilizazioa egin dute Gasteizen, Foru Aldundiaren aurrean, sektoreko langileentzat baldintza duinak eskatuz, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta. Agerraldian helduen zainketak duin egiteko manifestu bat irakurri dute, Pentsionistak Martxan plataformaren eskutik.

-Hauxe da adinekoen zainketak duin egiteko manifestua

"Nire duintasuna kentzen saiatzen den pertsona edo erakunde orok porrot egingo du" (Nelson Mandela)

Duintasuna gizakiak atxikita dakarren ezaugarri bat da, nazioarteko hainbat itun eta adierazpenetan aitortua izan dena.

NBEk, 1991n egindako Batzar Nagusian, zenbait printzipio onetsi zituen adinekoen alde. Horien bidez, mundu osoko gobernuei eskatu zien neurriak har zitzaten bermatzeko pertsona orok honako eskubide hau daukala “tratu duina jasotzeko eskubidea, haren adin, sexu, etnia, ezintasun edo beste edozein baldintza gorabehera eta euren ekarpen ekonomikoa kontuan hartu gabe baloratuak izan daitezen”.

Zer egin dute gobernuek printzipio horiekin? Euren adierazpen publikoak eta programa instituzionalak apaintzeko erabili.

Araban adinekoentzako arretak murrizketa garrantzitsuak pairatzen ditu orain dela ia hamar urte. Gizartea kezkatzen duen arazoa da, bai erabiltzaile gisa, bai zaintzaile gisa. Aintzat hartu behar da Arabako populazioaren % 20 65 urte baino gehiago dituela eta ehuneko horrek gora egingo duela datozen hamarkadetan.

Errealitate hori ondo ezagutzen dugun pertsonak garen heinean, “Pentsionistak martxan” mugimendutik, manifestu honekin, eztabaida eragin nahi dugu; eragile sozial, sektoreko profesional eta erakundeen artean borondateek bat egin dezaten, politika sozialetan hobekuntzak lortzeko helburuarekin.

Adinekoek jasotzen duten arreta duin bihurtzea eginbehar etikoa da. Hausnarketa egitea nahi dugu, bai gizarte zerbitzuetatik eskaintzen den arreta ereduaren inguruan, bai egungo egoitzen ereduaren inguruan.

Gero eta garrantzitsuagoa den sektorearentzako konponbideak jarri behar dira mahai gainean; azken finean, lehenago edo beranduago, denok pasako gara hortik, zorigaitzak kontrakoa erabakitzen ez badu behintzat.

-Hauxe izan da langileek gaur egin duten irakurketa:

Sektore honetako langileok pairatzen dugun egoera prekarioak gurpil maltzur hau osatzen du. Gure adinekoek ez dute merezi duten kalitatezko arreta jasotzen, langileak falta direlako zein gehiegizko lan-karga dela eta. Laguntzaile, sukaldari, garbitzaile, baita erizain lanak ere egiten ditugu, horretarako titulaziorik ez badugu ere. Eta ez dugu denborarik garrantzitsuena egiteko, gure funtsezko eginkizuna gauzatzeko: ZAINTZEA.

Feminizatuta dagoen sektore baten aurrean gaude (% 95 emakumeak) eta ez dugu ekoizten, zainketa lanak egiten ditugu. Historikoki emakumeek egin izan dituzten lanek ez dute aitorpenik jasotzen, ez sozialki, ez soldatari dagokionez. Datorren martxoaren 8an hain feministak izango diren erakundeek jorratu beharko luketen benetako soldata arrakala da hori.

Hilean 997 euro gordin kobratzen dugu, eta gure Gipuzkoako eta Bizkaiko lankideek baino 200 ordu gehiago egiten dugu lan urtean. Ezin gara gaixotu, luxua baita guretzat; izan ere, lehenengo hiru egunetan ez dugu ezer kobratzen, 4. egunetik 20. egunera soldataren % 60 kobratzen dugu eta 21. egunetik aurrera, % 75.

Xedea probintzia mailako hitzarmen bat lortzea da, gutxienez, Arabako lan-baldintzak Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko lankideekin parekatzeko (izan ere, hiru probintzietan gobernua alderdi politiko berdinek kudeatzen dute eta enpresa berdinek ematen dute egoitza-zerbitzua).

Lehenengo urratsa egoitza pribatuen sektoreko patronalen eta alderdi sozialaren artean negoziazio mahai bat osatzea da (eskaintzen dituzten plaza kopuruari dagokionez, errealitate ezberdinak daudela uste dugu). Modu horretan, Arabako egoitza pribatuen I. Probintzia Hitzarmenaren negoziazioa abian jarriko da.

Gure adinekoen zainketa ardura publikoa izan beharko litzateke, hala ere, erakundeek azpikontratazioari ematen diote lehentasuna, kontratazio zuzena eta zerbitzuen kalitatearen kontrola babestu beharrean.

Bidezko hitzarmena langileentzat onuragarria izateaz gain, lagungarria da, erakundeek eskaintzen duten zerbitzua eskuratzeko lehiaketa publikoetara aurkezterakoan, eskaintzak serioak izan daitezen. Hala, hitzarmena egonez gero, prekarietatea, azpikontratazioa eta enpresen arteko lehia desleiala saihestu ahalko lirateke, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea ziurtatuz.

Gure adinekoek merezi duten arretaren kalitatea lortzeko, gure lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da.

Jakin behar dugu manifestu honek agerian uzten duen batasunak indartsuago egiten gaituela.

Hemen ikusiko dugu elkar berriz ere, asteazkenero bezala, bi astetan behin, GURE PLAZAN!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.