2024-12-22
HomeEkintza Politikoa"Errepresioari ez! Konponbidea orain!" uztailaren 18an Donibane Garazin

“Errepresioari ez! Konponbidea orain!” uztailaren 18an Donibane Garazin

LAB sindikatuak dei egin nahi die euskal langileei, eta herritarrei orohar, azken egunetan Ipar Euskal Herrian emandako atxiloketak salatzeko larunbatean, uztailak 18, “Errepresiorik ez, konponbidea orain” lelopean Donibane Garazin antolatutako manifestaziora joateko.

Kezkaz bizi ditugu frantziar zein espainiar Gobernuen aldetik ematen ari diren erasoak, Euskal Herrian irekia den aro berrian bake eta konponbide prozesuarentzat galga baitira. Gatazkaren konponbidearekiko engaiamendua adierazi ordez, Madrilen esanetara dihardu Parisek. Eta Espainiako gobernuak, Frantziako gobernuaren eta poliziaren kolaborazio estuarekin, Euskal Herrian irekitako aro politiko berria oztopatzen jarraitzen du. Tantaka, etengabe eragiten ari diren atxiloketa politikoen bidez, Espainiak eta Frantziak euskal jendartearen gehiengoaren aldarriari bizkar ematen jarraitzen dute, inora ez daramaten kolpe errepresibo eta sufrimendu gehigarriekin.

Joan den ekainaren 11n Parisen burutu bakearen aldeko Konferentzian tokiko eta nazioarteko eragileek Estatuen inplikazioa aldarrikatu zuten. Bake prozesuan aurrera egin ahal izateko Gobernuen esku hartzea, dispertsioaren amaiera eta biktimen aitortza jartzen ziren oinarri, baina bi estatuak behin gatazkaren konponbideari ageriko zailtasunak ari dira jartzen, armagabetze prozesuak eskatzen dituen prestasun eta bermeak ukatuz eta prozesuari bidean harriak ipiniz. Guztiz onartezinak eta deitoragarriak dira Gobernu bien jarrerak.

Oinarrizko eskubide urraketak bere horretan dirau Frantzian zein Espainian. Parisko konferentziak ezarritako oinarrietatik urrun, euskal presoen urruntze eta bakartze egoerak mantentzeko erabakiari eusten diote.

Duela egun batzuk Frantziako Moulins espetxean ematen den eskubide urraketa salatu eta politika errepresiboen amaiera eta oinarrizko giza eskubideen errespetua exijitu genuen. Orain, euskal presoek A Lamako espetxean abiatu duten borroka dugu hizpide, eta kalean beharko luketen preso gaixoen borroka ere bai, Ibon Iparragirreren egoera, eta hura espetxean mantentzeko azken erabakiaren larritasuna, kasu.

Eta jazarpena ez da hor bukatzen. Senideak bete-betean kolpatzen jarraitzen dute. Deklaratzera deituak izan dira, elkartasuna kriminalizatzeko enegarren saiakeran, senide izatea zigortu nahi dute. Erabaki judizial guztiz arbitrarioak ikusten ari gara, azkena, Auzitegi Nazionalak gerra zikinaren eta Estatu indarkeriaren biktimen errekonozimendua ukatzeak dakarren eskandalu juridiko eta politikoa.

Erabaki horietan Espainiar zein frantziar estatuen mendeku gogoa gailentzen ari da, Euskal Herriko gatazka konpontzeko bidean ekarpenak egiten dituen guztiaren kontra. Estatu espainolak Euskal Herriaren bake nahiak ito nahi ditu, gure Herriak konponbideruntz egin duen pauso oro blokeatuz eta errepresioaren bidez zapuztuz. Normalkuntza politikorako eskenatokia ekidin nahi dute Estatuek kosta ahala kosta, badakitelako Euskal Herriak bere bidea egingo duela, egoera demokratiko batean gure etorkizunaz libre erabaki badezakegu.

Eraso hauek guztiek indartu besterik ez dute egiten Euskal Herrian gure bidea egiteko dugun premia, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakiz. Eta ezinbestekoa da bide horretan eragile politiko, sozial eta sindikalon konpromisoa eta inplikazioa. Bake eta normalizazio politikoko eskenatokiaren eraikuntzan aurrera egiteko dispertsioaren amaiera eta preso gaixoen egoerari berehalako irtenbidea ematea ezinbestekoa da.

Bien bitartean, eraso antidemokratiko hauek euskal demokrazia eraikitzeko konpromiso eta ekimen politiko gehiago ekarri behar dituzte. Konponbidearen eta bakearen garaia da, horrela eskatzen du gizartearen gehiengo zabalak. Hori da gure nahia eta gure konpromisoa.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...