2024-12-22
HomeEkintza SindikalaElkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretu proiektua bertan behera utzi behar da

Elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretu proiektua bertan behera utzi behar da

Jaurlaritzaren ekimen guztiz antidemokratikoa gaitzesten du LABek, ez dituelako gehiengoak errespetatzen eta patronalari beto eskubidea aitortzen diolako.

LAB sindikatuak alegazioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dekretu proiektuaren aurka, prozesua bertan beheran gera dadin eskatuz. Guztiz agortua dagoen eredu bati luzapena emateko asmoa ikusten du LABek ekimen honen atzean. Orain arteko eredua patronalaren eta Gobernuaren jarrera zilegiztatzera mugatu izan da, eta helburu bera du azken ekimen honek ere, gaurdainoko ereduari segida ematea.

Sorreratik hankamotz da dekretua, ez da prozesu parte hartzailerik bermatu. Eusko Jaurlaritzaren partetik ez da partekatu dekretua sortzeko asmorik, alegazioak aurkezteko aukera besterik ez zaigu eman, beste inolako harremanik izan gabe. Prozesua horrela garatzeak erakusten du ez dagoela benetako parte hartze bat sustatzeko inolako borondaterik, ez elkarlanerako inolako asmorik. Antzua da, gehiengoak ez baititu errespetatzen. Ez da bermatuko gehiengo sindikalaren parte hartzea. Ez gaude gehiengo demokratikoak aintzat hartu eta errespetatuko dituen prozesu baten aurrean.

Aldeen erabakitzeko eskubideari muzin egiten zaio. Ez dio benetako parte hartze ereduari erantzuten. LABek orain arteko elkarrizketa sozialaren mahaiari egin izan dion kritiketako bat da hartuta dauden erabakiak berresteko gunea izan dela, aldeak entzunak izan gabe, eta aldeei erabakitzeko aukerarik eman gabe. Hori bai, patronalari beto eskubidea aitortzen dio. Dekretu hau bide berean ikusten dugu, jada hartuak dauden erabakiak berresteko, izaera kontsultiboa besterik ez luke izango, eta beraz, ez dio benetako parte hartzeari erantzuten.

Erabakitzeko eskubidea, benetako parte hartze eredu baterako gakoa. LABek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) sortzearen beharrezkotasuna azpimarratzen du, benetan kolektibo eta herri bezala erabakitzen dugun lan esparru eta eremu soziala eraikitzeko. Euskal Esparrua landu eta sortzeko bidean langileak ardatz eta oinarri izango dituen parte hartzea da behar duguna, erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta. Gisa honetako ekimen batek LHBSEEaren eraikuntzan lan egiteko bokazioa behar luke, baina dekretu proposamenak ez dio helburu horri erantzuten, ez die benetako beharrizan sozial eta laboralei erantzuten.

Osaketa eta funtzionamendu guztiz antidemokratikoa planteatzen du. Dekretu proiektuan arautzen den osaketak ez dio erantzuten egun errealitate sozial eta sindikalari, ez dira kontutan hartzen gehiengo sindikalak eta egungo ordezkaritzaren proportzioak. Osaketak bide ematen du gutxiengoarekin akordioak ixtera -esparru sindikaleko aldeetako bakarraren onespena nahiko litzateke horretarako- babes sozialik ez luketen akordioak, ibilbide oso laburrekoak.

Horregatik guztiagatik, berriro diogu, elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko Jaurlaritzaren ekimenarekiko kritiko da LAB, eta alegazioak aurkeztearekin bat, prozesua bertan behera uzteko eskatu du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...