2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntza"Egin klik: erlijiOFF" dinamika aurkeztu dugu, Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko asmoarekin

“Egin klik: erlijiOFF” dinamika aurkeztu dugu, Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko asmoarekin

LAB sindikatuak Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian jarriko du abenduaren 15etik aurrera. Azken urtean gure oinarri ideologikoak berritzeko lanetan murgilduta ibili gara, eta norabide horretan kokatzen dugu Bilbon aurkeztu dugun dinamika. Oinarri ideologiko horien lanketa estrategikoan, besteak beste, LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez.

Bilbon egin dugun agerraldian, dinamikaren aurrekariak eta testuingurua aipatu ditugu lehenik:

1. Erlijio desberdinetako ikasgaia (nagusiki katolikoa) urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastexe publiko zein itundutakoen gehiengo zabalean. LABek Hezkuntza laikoaren aldeko apostu garbia egiten du, familiek etxean eta euren borondatez erlijioetan hezitzeko aukera dutelarik, baina heziketa hori ikastetxeetatik at egon beharra duela ulertuz. Legeak, hezkuntza laikoa izango dela adierazten du gainera, eta gaur egungo elementu segregatzaile nagusienetakoa da. Erlijioek inongo ikastetxeko curriculumetan lekurik ez dutela ozen salatu nahi dugu dinamika honen bitartez. Iruten filosofiari jarraiki, hezkuntza sistema propiora bidean urrats praktiko bat gehiago eman nahi dugu, beste urrats kualitatibo bat: ikastetxe laikoak iruten hasiko gara.

2. Jakina da garai batetan erlijioko irakasleek EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan izan zuten sarbide iluna. Apezpikutzak kudeatutako zerrenda edo lan poltsa batetik ematen zuten jauzia irakaskuntzara, gerora, merituak pilatutakoan aukera zutelarik gainontzeko espezialitateetara igarotzeko. Gaur egun, zerrenda horiek administrazioak kudeatzen baditu ere, apezpikutzak ezartzen ditu zerrenda horietan sartzeko baldintzak. Irakasle tituluaz gain, konpetentzia akademikoko adierazpen eklesiastikoa, egokitasun adierazpen eklesiastikoa eta missio kanonikoa ezinbestekoak dira. Gure ustez, onartezina da erakunde erlijioso batek zerrenda publiko batzuetarako irizpideak ezartzea. Era berean, Estatu Espainolaren eta erlijio agintarien arteko itunak gaitzetsi eta salatzen ditugu, irakasgaiaren curriculuma zein diseinua erakunde arrotzen esku uzten baitu eta doktrinatze arriskua betikotzen baitu.

3. Erlijio irakasle hauen lan jarduna, orohar, erlijio saio batzuk ematera mugatzen da; ez dute ikastetxeko jardun eta proiektu desberdinetan parte hartzeko beharrik (zaintzak, ziklo bilera eta klaustroak, batzordeak, formakuntza eta berrikuntza saioak, proiektu pedagogikoak…). Gainera, irakasle hauetariko askok ez dute inondik inora euren asteko jarduna betetzen, jardun osoan kontratatuta daudelarik eta horrela kobratu arren, irakasle arteko arrakalan ikaragarri sakonduz eta lan karga askoz baxuagoak izanez. Eta egoera bidegabe honek, irakasleen artean talka handiak sortzen ditu gero eta ikastetxe gehigotan. Ondorioa argia da: irakasle hauek pribilegiatu hutsak dira Eusko Jaurlaritzaren babes, baimen eta bedeinkapenarekin.

Honakoak dira orain arte esku artean ditugun datu orokorrak, datu zehatz eta berriagoen zai gaudelarik:

– Haur eta Lehen Hezkuntzan, jardunaldi osoko kontratuarekin, Erlijio katolikoko 10 eskola ordura ez dira iristen bataz beste: Jardunaldi osoa ez du inork betetzen. Jardunaldi ia osoa edo jardunaren 2/3 irakasleen %10 inguruk betetzen du. Irakasleen %80aren bueltan, jardun ½ eta 1/3 bitartean lan egiten du, eta gainontzeko %10ak ez du sikieran jardun 1/3 betetzen. Kasurik larrienetan 3, 4 edota 5 orduko asteko jardunak dituzte.

– Bigarren hezkuntzan, jardunaldi osoko kontratuarekin, Erlijio katolikoko 10 eskola ordu dituzte bataz beste: Jardunaldi osoa irakasleen %10aren inguruk betetzen du. Jardunaldi ia osoa, baina berau bete gabe, irakasleen %20 inguru dabil. 2/3eko jarduna betetzen %15aren bueltan eta jardun ½ eta 1/3 bitartean irakasleen %40 kokatzen da. Gainontzeko %15ak ez du jardun 1/3 ere ez betetzen.

Guzti hau gutxi balitz, kasu askotan hautazko beste edozein arlotan ikasgaia bertan behera geratuko litezken ratioekin mantentzen dira erlijio klaseak. Kasu larrienetan, ikasle bakarra edo bi ikasle matrikulaturekin eskaintzen da, bai Haur eta Lehen Hezkuntzan zein DBH eta Batxillergoan.

4. LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkolokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du, dagozkion berme mekanismoak artikulatuz eta gardentasun printzipioak bermatuz. Gainontzeko irakasleak bezala, elizaren injerentziarik gabeko lan poltsa publikoen bidez eta egonkortasun prozesuen bidez eskuratu beharko dute lanpostua bestelako espezialitate batetan, hauek lan baldintza berdinetan, eskubide eta bete-behar berdinekin esleituko zaizkielarik. Langile guztien lan baldintza duinen defentsan gogor lanean jarraituko dugu!

5. LABek, erlijioko irakasleengan ez duela fokoa jarri nahi argi adierazi nahi du, hauek ez baitute gaur egun ematen den egoerarekiko ardurarik ezta beroni buelta emateko eskumenik. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du eta berari egiten diogu interpelazio zuzena, gaiari eutsi eta erlijiorik gabeko bestelako Hezkuntza sistema bat hezkuntza komunitatearekin adostu eta abiarazi dezan.

Dinamikaren egutegia
Hau guztia aintzat hartuta, LABek “egin klik: erlijiOFF” dinamika martxan jartzea erabaki du. Dinamika honek Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko planteamenduari erantzuten dio eta proposamenaren nondik norakoak hurrengoak dira:

– Abenduak 10, dinamikaren aurkezpen ekitaldia Bilbon.

– Abenduak 15- ekainak 15: Sinadura bilketa masiboa Euskal gizartean eta lan zentroetan.

– Abendua eta urtarrilean, hezkuntza eragileekin (alderdi politiko, sindikatu eta plataformak) aldebiko bilerak burutuko ditugu.

– Legebiltzarreko hezkuntza batzordean agerraldia eskatuko dugu.

– Erlijioko mahai negoziatzaileetara joaten hasiko gara. Orain arte mahaietara joateari uko egin badiogu ere, gure salaketa behin eta berriro adierazteko mahaietan parte-hartzea berreskuratuko dugu. Era berean, Kontzentrazioak burutuko ditugu mahai negoziatzaileak deitzen dituzten bakoitzean.

– Hilabete bakoitzeko 15ean, kontzentrazioak deitzen ditugu ikastetxeetako sarreretan, “egin klik: erlijiOFF” lelopean. Pankartak eta plakak jartzeko deialdia. Era berean, ekimen propioak aurrera ateratzera animatzen ditugu ikastetxeak.

– Ikasturtean zehar dinamika desberdinak eramango ditugu aurrera hilabete bakoitzeko 15ean sindikatuko liberatuen partetik, eta horien berri periodikoki emango dugu.

– Apirilean akanpada laikoa Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

– Maiatzean zehar pankartada masiboak herri eta lan zentroetan. Leloak: “Hezkuntza laikoa iruten, erlijiorik ez”, “egin klik: erlijiOFF”, “erlijiorik gabeko hezkuntza burujabea iruten”.

– Maiatzak 11, manifestazioa Bilbon, “Hezkuntza burujabea iruten, egin klik: erlijiOFF” lelopean.

– Ekaina amaieran: Sinaduren entrega Cristina Uriarteri. Dinamikaren ikasturte itxierako ekimena.

Bukatzeko, LABek hezkuntza komunitatea osatzen duten ikasle, familia, sindikatu eta bestelako plataforma zein eragilei hezkuntza laikoaren aldeko plataforma herritarra eratzeko deia eta gonbitea luzatzen du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.