2024-12-23
HomeEkintza Sindikala"CCOOk Negoziazio Kolektiboa desblokeatzeko proposamenarekin patronalaren neurrirako akordioak egitea plantatzen du"

“CCOOk Negoziazio Kolektiboa desblokeatzeko proposamenarekin patronalaren neurrirako akordioak egitea plantatzen du”

LABek CCOOk Negoziazio Kolektiboa desblokeatzeko luzatu duen proposamenaren inguruan egiten duen balorazioa.

LABek CCOOk luzatu duen proposamenaren inguruan egiten duen balorazioa

LABek erreformari aurre egiteko negoziazio kolektiborako marko propioaren alde borroka egin du eta horretan dihardu, erreformak alde batera utzi eta bide propio bat egitearen alde.

Lan harreman eredu berri bat eraikitzea helburu, hemengo hitzarmenak blindatzea balio politiko handiko urratsa dela deritzogu. Baina ez du edozein hitzarmenek balioa, hitzarmen horiek gutxieneko eduki batzuk bermatu behar dituzte (KPIa erreferentzia moduan izango duten soldata igoerak eta erreformaren aurkako klausulak).

Herri honetako negoziazio kolektiboa nagusiki sektore hitzarmenetan oinarritua egon da. Bi saiakera egin dira Estatuko negoziazioen aurrean hemengo hitzarmenak blindatzeko. Biek porrot egin dute CONFEBASKen nagusikeria eta borondate faltagatik.

Sektoreko hitzarmenak beharrezkoak direla dion patronalak hitzarmen horiek blindatzeko negoziazioetatik abantaila berriak atera nahi izan ditu. LAB ez da egon eta ez da egongo prest horretarako:

– Lehenengo saiakeran hitzarmenak blindatzearen truke CONFESBASKek derrigorrezko arbitrajea atera nahi izan zuen. LABek ezezko argia eman zion.

– Bigarren saiakeran, Jaurlaritza beraren proposamenari esan zion ezetz patronalak. CONFEBASek hitzarmenak blindatzearen truke soldatak izoztu nahi zituen. Bazekien arbitrajearen afera Jaurlaritzak konponduko ziola eta horrela erakutsi ORPRICCEren sorrerak. Txantaia eginez, onartezina den beste prezio bat jarri zion akordioari: soldatak izoztea.

Soldaten afera ez da garrantzi gutxiko gaia, erreforma lan kostuak murrizteko egina dago, soldatak eta lan baldintzak erasotzeko baliabide ugari jartzen ditu patronalaren esku. Soldata murrizketak enplegua suntsitzen du. Eta patronalak, hitzarmenak soldata igoera gabe sinatuz, bilatzen duena da legeak soldatak murrizteko ematen dizkion aukera horietan sakontzea eta, batez ere, eta garrantzitsuena, hori sindikatuon babesarekin egitea. LABek ez du bake sozial hori bermatuko.

Uztailaren 7aren ondoren garai berria ireki da lan harremanetan, Estatutik inposatzen zaigun ereduaren porrota agerian dago. Adibide argia dugu Nafarroan gertatzen ari dena. Uztailaren 7ra CCOO – UGTren eskutik hitzarmenak sinatuak iritsi dira (soldatak izoztuz edo igoera oso txikiekin eta erreformaren aurkako klausula argirik gabe), patronalaren parametroetan, Madrilen aurreko urtean CCOO – UGT – CEOEk sinatu zuten akordioari jarraiki. Eta hobea al da bertako langileen egoera? Argi eta ozen diogu ezetz, ez enpleguari begiratzen badiogu, ezta soldaten eboluzioari begiratzen badiogu ere.

Patronala oso indartsu dago, bitarteko asko jarri dituzte beraien eskura, ez du inolako borondaterik akordioetara iristeko, negoziazio mahaiak blokeatzen ari dira. Langileontzak garai gogorrak dira hauek, konfrontazioaren bidea beste aukerarik ez digute utzi.

LAB horretan ari da, lantokietan eta kalean patronalari aurre egingo dion estrategia diseinatzen, sektoreko hitzarmenei uko egin gabe, horien aldeko borroka, negoziazio kolektiboaren defentsa, enpresara eramanez.

Baina patronalak eta langileok ez dugu aukera berdintasunean jokatzen, desoreka izugarria da. Patronala oso indartsu dago, bere estrategia ez da aldatu, ez dago datu bakar bat ere uztailean zuen jarrera aldatu duela pentsatzera eramaten gaituenik, justu kontrakoa. Geroz eta erasokorrago ageri zaigu: lan kostuen eztabaida oso modu partzial eta interesatuan egiten ari dira, Adegiren lan harreman eredu berria… presio lobby bat dira eta helburu bat eta bakarra dute, soldatak eta lan baldintzak erasotzen jarraitzea.

Hau ez da arazo laboral soila, arazo politikoa da. Jokoan dago aurrera begira zer nolako Euskal Herria nahi dugun. Estatuko ereduari jarraitzen badiogu, herri pobrea izango gara. Estatutik inposatzen den lan harreman ereduak, lan kostuen etengabeko murrizketan oinarritzen dena, euskal ekonomia kaltetzen du.

Horregatik LABetik irtenbide integral baten alde egiten ari gara, lan harreman eredua bere osotasunean da aldatu behar dena. Herri honetatako ezaugarri propioei erantzungo dien eredu berri bat eraiki behar dugu eta hori erabakitzeko aukera izan behar dugu, hori da gakoa. Prest al da CCOO afera honi errotik heldu eta bide hori egiteko?

CCOOk galdera horri erantzunik eman gabe jarraitzen du. Eta testuinguru horretan egin digu proposamena. Zer aldatu da uztailetik hona patronalaren jarreran orain akordiorako aukera dagoela pentsatzera eraman gaitzakeenik? Konfrontaziorako gaitasuna erakusten ez badugu, nola irabaziko diogu patronalari bataila? CCOOk bere proposamenarekin plantatzen duena da gure helburuetan amore ematea, patronalaren neurrirako akordioak eginez:

– Esaten dute sektoreko hitzarmenak itxi behar direla eta negoziazio esparru honi, enpresa eremuari baino marra gorri anbiziotsuagoak jartzen zaizkiola. Hau da, sektorean onartezina dena enpresan onartzen dela. LAB ez da inolaz ere interpelatua sentitzen baieztapen horrekin. Guk beti esan dugu (baita erakutsi ere) negoziazio eremu guztiak defendatzen ditugula eta eremu bietan gutxieneko edukiak defendatu behar direla.

– Akordio intersektoriala proposatzen dute. Gure eremuko hitzarmenak blindatuko dituen egiturari buruzko akordio bat baina haratago doan proposamena da. Orain arteko bi akordioak blokeatu dituzten gaiak (arbitrajea eta soldatak) barnebiltzen dituen proposamena da.

– Soldatetan KPIaren erreferentzia desagertzen da, patronalak nahi duen izozketari ateak parez pare irekitzen dizkio.

– Hitzarmenak ez betetzeko prozeduretan (deskuelgea) modu adostuaren alde egiten dute, baina segidan ontzat ematen dute ORPRICCE. Beraz, bide ematen zaio derrigorrezko arbitrajeari. Kontuan hartzekoa da LABetik beste sindikatuei erreformaren aurrean planto egin eta bertan ez parte hartzeko deia luzatu geniela.

– Lan harreman ereduaz hitz egiteko prestutasuna agertzen dute eta horretarako gune egokiena LHK dela diote. Guretzat ez da marko aproposa. Hori esanda, batez ere argitu behar da lan harreman ereduaz ari garenean bide propio batetaz ari garen edotan estatuko eredua ontzat emateaz ari garen, eztabaida horiei ekin aurretik gutxieneko joko arau batzuk adostu behar direlako. LABen oso argi dugu ezin dela lan harreman eredu berri bat eraiki laneko gaietan bertan erabakitzeko eskubiderik gabe.

Patronalarekin konfrontatu eta gehiengo nahikoak izango dituen akordioetan pentsatzen egon ordez, akordioa nahi duenarekin egingo dutela esaten du CCOOek. Berriro ere gutxiengo sindikaletik patronalari hainbeste behar duen bake sozial hori emateko prest daudela dirudi. CCOO eta UGTk gutxiengoa sindaturiko akordioak babestea ez da berria. Patronalaren aldetik ate hori itxia zegoela zirudien baina azken egun hauetan CEBEKen aldetik keinuren bat edo beste ikusi dugu norabide horretan.

Benetan larria izango litzateke gutxiengo batek gehiengoa ordezkatu nahi izatea patronalak soldatak murriztu eta lan harremanak desarautzeko behar duen bidelagun horretan bihurtuz.

LABek, batetik, patronalaren asmoei aurre egiten jarraituko du lantokietan eta kalean, eta bestetik, klase politikoa interpelatzen jarraituko du lan harreman eredu berri horren alde egin dezan.

Beraz, eta amaitzeko, berriro diogu: Euskal Herriak behar duen lan harreman ereduaren inguruan eztabaida ireki eta eremu sindikal eta politikoaren arteko akordioak landuz bide propioa egiten hasteko unea da, eta norabide horretan —eta ez beste batean— jarraituko du LABek aurrerantzean ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...