2025-03-31
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaPribatizazioen kontrako mobilizazioak egingo ditugu otsailaren 21ean

Pribatizazioen kontrako mobilizazioak egingo ditugu otsailaren 21ean

Osakidetzak jarraitzen du osasun-zerbitzuak pribatizatzen, eta gure osasun-sistema murrizten. Hori dela-eta, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok berriro hasiko gara mobilizazioak antolatzen, politika horren aurka. Izan ere, politika horrek gehiago begiratzen du interes pribatuengatik, herri-onuragatik baino.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok iaz ere antolatu genituen mobilizazioak pribatizazioen kontra, batez ere Urdulizko Ospitalean. Mobilizazio horien artetik 2 orduko lanuztea egin zen Bizkaian. Orain berriro ekin behar diegu mobilizazioei, pribatizazio gehiagoren mehatxuen aurrean. Hau guztia iragartzeko agerraldia egin dugu gaur.

Osakidetzak pribatizazio berri hauek azaldu ditu: Urdulizko Ospitaleko lentzeria eta sukaldaritza, Lezako Ospitaleko garbikuntza-zerbitzua, informatika-zerbitzua kanpora ateratzea edo Eibarko Ospitalea ireki orduko zenbait zerbitzu kudeaketa pribatuaren esku uztea, besteak beste, errehabilitazioarena.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.

Pribatizazioaren aldeko politika horrek 350 milioi euroko gastua dakarkio urtero Osakidetzari. Eta diru-kopuru hori handituz joango da pribatizazio berri bakoitzarekin. Sindikatuok salatzen dugu, gainera, sarri-sarri erabiltzen den argudioa, erabaki horiek jendaurrean zuritzeko: dirua modu eraginkorragoan erabiltzea. Gezurrezkoa da. Bakar- bakarrik garbiketa-zerbitzua pribatizatzeak 5.000 euroko gainkostua dakar, azpikontrataturiko langile bakoitzeko. Askotan eskatu ditugu txostenak, horrelako neurrien zergatiak argitzeko; baina Osasun sailburuak ez du inoiz egin nahi izan inolako azterlanik, ez ekonomiaren aldetik, ezta zerbitzuen kalitatearen aldetik, eraginak eta ondorioak ikusi ahal izateko.

Azpimarratu beharrekoa da, halaber, zerbitzu-mota guztiak pribatizatzen direla, baita zuzeneko osasun- arreta ere. Bereziki eskandaluzkoa iruditzen zaigu Tolosaldeko egoera, Euskal Autonomi Erkidegoan erreferentziako ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra baita.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak eginak eta indarrean ditu akordioak sindikatuekin, non berariaz zerbitzurik pribatizatzeko edo kanpora ateratzeko debekua jasota dagoen, eta dauden azpikontratazioak lehengoratzeko azterketak egin beharra ere jasota dagoen. Sindikatuekin negoziatu nahi dutela esango dute, gero! Zertarako, baina, Osakidetzako Zuzendaritza ez bada gauza harturiko konpromisoak betetzeko? Zertarako akordioak egin, ez badute betetzeko asmorik?

Horregatik guztiagatik, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio-sorta berri bati ekingo diogu berriro. Hortaz, otsailaren 21ean, elkarretaratzeak egingo ditugu Osasun Sailaren Gasteiz, Bilbo eta Donostiako ordezkaritzen aurrean. Mobilizazioak gogortuz joango dira, Osakidetzak bere jarrera aldatzen ez duen bitartean. Haien esku dago gatazka hau bideratzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Astebeteren ondoren, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik

LAB sindikatuak gaurko jarraipen batzordea bertan behera utzi izana eta, akordio arautzaile berrirako (lan hitzarmenerako) inongo proposamenik gabe, grebak bertan behera uzteko eskatu izana salatzen du.