2025-01-12
HomeEkintza SindikalaPribatizatutako zaintzako langileen izaera publikoa aitortzera bidean, konpromisoak exijitu dizkie LABek instituzioei

Pribatizatutako zaintzako langileen izaera publikoa aitortzera bidean, konpromisoak exijitu dizkie LABek instituzioei

LABek bere konpromisoa berretsi du pribatizatutako zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzen. Era berean, Denon Bizitzak Erdigunean plataformarekin egindako aliantzan ere berresten da, zeinak 2023ko azaroan mugarri izan zen greba feminista orokor batera eraman gintuen.

Sindikatuarentzat lehentasunezko premia da pribatizatuta dauden zaintzako langileon aitortza publikoa eta horiek borroka sindikalaren lehen lerroan kokatzea. Izan ere, zaintza lanetan aritzen diren milaka langile prekarizaziora eta esplotazio egoeran lan egitera kondenatuak daude Euskal Herri osoan. Bidasoa ibaiaren bi aldeetan gailentzen den zaintza sistema esku pribatuetan dago.

Horregatik, administrazio publikoari nahiz agintean diren alderdi politikoei interpelazio zuzena egiten die LABek: zaintza langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, eta, beraz, langile publikoak izan behar dute. LABentzat pribatizazioa bultzatzen eta egonkortzen duen edozein lizitazio edo kontratu langileen lan eta bizi baldintzen kontrako erasoa da, eta, hain justu, egungo administrazioek bultzatutako eta sustatutako politikek ekarri dute langileen eta zerbitzuen pribatizazioa.

Borondate politikotik harago, politika ausartak egiteko exijitzen diegu alderdi politikoei. Administrazio publikoa da, enpresa pribatu bati zaintza zerbitzu bat esleitzerakoan, pribatizazioak iraun dezan bermatzen duena. Eta badakigu haien babesari esker nor diren gure prekarietatearen erantzule horiek: Urgatzi, GSR, Vitalitas, ANEA, Hirekin, AMAVIR, DOMUSVI, EMEIS, Vitalliance. Horren aurrean, LABek politika publiko eraginkorrak eskatzen ditu, eta, horrekin batera, pribatizazioei atea ixteko neurriak.

Konpromiso batzuk oso premiazkoak dira:

– Etxeko Laguntza Zerbitzua berehala publifikatzea, enpresa pribatuekin egindako kontratuak iraungi ahala.
– Ratioei buruzko dekretu berri bat, batez ere zaharren egoitzentzat, egungo ratioek dakartzaten baldintza kaskarrekin amaitzeko, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat.
– Zahar egoitzetako, aniztasun funtzionaleko eta esku-hartze sozialeko langileen lan baldintzak langile publikoenekin parekatzea, dagozkien publifikatze prozesuak hasi bitartean.

Zerbitzu publiko indartsuak eta duinak ere aldarrikatzen ditu LABek, Euskal Herrian zerbitzu publikoen sare sendo bat nahi eta behar dugulako. Pribatizatuak dauden zaintzako langileak ere zerbitzu publiko horietan langile dira, eta zerbitzu horien publifikazioa da gure helburua. Zerbitzu publikoek, erabiltzaileentzat publikoak izateaz gain, bertako langileak ere langile publikoak izatea bermatu behar dute, administrazioen zuzeneko langileak. Horretan ere ausardia eta konpromisoa exijitzen ditugu, pribatizatutako langileen legezko subrogazioaren bitartez eta negozioa eta irabazi asmoa ezabatuz. Euskal Herriko zaintza sistema publikoa pribatizatutako langile guzti hauekin eraiki behar da, eta horren alde borrokatuko du LABek.

Urte gehiegi daramatzagu enpresa pribatuekin negoziazio kolektiboaren bitartez lan baldintzak hobetzera behartuta. Behartuak diogu, administrazio publikoek, zerbitzu horiek enpresa pribatuei esleitzerakoan, ez dutelako beste biderik uzten. Erabaki politikoek eta gutxi batzuen diru goseak sortu dute egoera hau. Izan ere, LABentzat, negoziazio horiek negozio izateri uzteko, instituzioek ere langileen interlokutore izan behar dute, euren erabakiek eta politikek miseria honetara kondenatu dituztelako. LABentzat, administrazio publikoaren lan

hitzarmenak dira erreferentzia, baina, gaur egun, lan berdina egiten dute pribatizatutako sektoreetako langileek baldintza okerragotan. Horregatik, lan-baldintzak parekatzearen aldeko apustu politiko eta sindikalaren alde borroka egingo du LABek.

Norabide horretan, LABek lan baldintzen ekiparazioaren aldeko borroka sindikala martxan jarriko du eremu guztietan, herrialdeetako hitzarmenetako plataformetan parekatzea proposatuz. Udalerrietan ere zaintza langileen lan baldintzen ekiparazioa eskatuko du. Zaintzako langileak langile publikoak diren heinean, Udalitz, IFAS, IFBS eta ANAPenak dira haien erreferentziazko hitzarmenak. Ipar Euskal Herrian, Frantziako legediak lurralde funtzio publikoari buruz finkatutako xedapenen esparruan, udaletxeka negoziazio kolektiboa bultzatzeko ahaleginak egingo ditu sindikatuak.

LABek enpresetan zein kalean inurri lana egingo du, langileak pribatizazioaren kontra lerratzeko eta merezi duten aitortza publikoa defendatzeko. Ildo horretan, ofentsibarako dinamika bat hauspotuko du, eta 2025eko udaberrian Euskal Herri mailako mobilizaziora deituko du, Hego zein Ipar Euskal Herriko langileak mobilizatuz, zaintzen negozioarekin bukatu behar dela aldarrikatzeko eta langile pribatizatu horiek egiten duten lan publikoa aldarrikatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Dei egiten dugu bihar Sarek Bilbon deitu duen mobilizazioan parte hartzera

Euskal Herriak gatazkaren konponbide bidezko eta demokratikoa behar duela uste dugu LABen. Honekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea.

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.