2024-12-22
HomeEkintza SozialaPolitika soziala«Prestazioak, subsidioak eta oinarrizko errentak» gida

«Prestazioak, subsidioak eta oinarrizko errentak» gida

Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak bermatzeko errentara bideratu duen aurrekontuak ez dio benetako beharrei erantzuten. Iraganeko aurrekontua da (2014. urtean bete behar den gastuak biltzen du), ez ordea etorkizunekoa (ez du aurrekonturik aurreikusten diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskaerari erantzuteko). Eusko Jaurlaritzak aski ongi dakien arren, ezkutatzen du. Diru-sarrerak bermatzeko errentak berebiziko aldaketak behar ditu. Honekin batera, hainbat politika berriak hartu behar ditu kontuan: haurtzaro eta gaztaro, enplegu alorretan eta lan harremanetarako eta gizarte-babeserako esparru berria.

Gida hau egiteko ideia, hein handi batean, enplegua ukatu izanak eragin zuen diru-sarrera eza estaltzera bideratu ziren prestazioak ezagutarazteko premiaren harira sortu zen. Azken hilabeteotan nahita sortu den nahasmen, desitxuratze, kriminalizatzeko giroak mesfidantza eta ezjakintasuna elikatzen zuten bakarrik. Ezjakintasun horrek, biztanleriaren alderdi esanguratsu bat, baldintzak bete arren, haien eskubideak ez erabiltzera eraman zuen.

Baina prestazioen berri emateaz gain, gure herriaren alderdi garrantzitsu bat pairatzen ari den txirotasun eta prekarietate egoerari buruzko datuen ekarpena egin dugu ere; era berean, gobernuen, Madrilekoaren zein hemengoenen, jokabide antisoziala salatu dugu ere.

Egoera gogor eta korapilatsu batean gaude. FOESSAk, erakundeek eta LAB berak egin dituzten azterketak bat datoz egoeraren deskribapenarekin. Jadanik ez daiteke ezkuta Euskal Herrian jasan ohi den txirotasunaren eta prekarietatearen errealitatea. Adierazle guztiak eta bakoitza okerrera egiten ari dira urtetik urtera: lanean diharduten txiroen kopurua, langabezia-tasak, txirotasun latza, txirotze arriskua, haurren pobrezia, desberdinkeria handitu dira,… Emaitza ezin okerragoa da:

1.gizarte-haustura eta elkartasunaren etendura eratzen ari dira: 10 lagunetatik 4, hainbat intentsitaterekin, prekarietatean bizi dira. Alegia, ez dagokie eskubiderik, ez dute lanik, ez eta diru-sarrera egonkorrik eta nahikorik duintasunez bizitzeko.

2.Euskal Herriaren eta antzeko aberastasun maila duten Europako beste herrien (Eskandinavia, Belgika, Alemania, Austria, Frantzia) arteko pobrezia-tasen aldea handitzen ari da: gure herrian, txirotasuna aipatu herriena baino ia %30 handiagoa da. Benetako hondamendia eta nagusi den gizarte ereduaren porrota dugu.

Gizarte-bazterkeria hedatzen ari den honetan, babes-sistemak zalantzan jartzen ari dira Euskal Herriko hainbat sektoretan:
 
a) Alde batetik, batzuek babes-sistemak garbitu nahi dituzte. Pentsioen murrizketekin hasi ziren, gero, langabezia prestazioei ekin zieten, eta gaur egun, diru-sarrerak bermatzeko programak jomugan jarri dituzte. Horretarako, ez dute zalantzarik manipulatzeko, gezurretan aritzeko eta nahasmenean jarduteko. Pobrezia sortzen eta ustelkeria babesten duten horiek errudunak sortzen dituzte haien aurka jotzeko eta aldi berean, justifikazio berriak bilatzen dituzte, berez ahula eta eznahikoa den babes-sistema desegiteko.

b) Bestalde, badira gizarte babeserako euskal sistema babesten ari direlakoan, ahuldu egiten dutenak. Behin eta berriro dihardute sistema ez dadin indartu (murrizketak, lege aldaketak eta interpretazio murriztaileak [estaldura ukatzeko], Lanbideren kudeaketa kaotikoa). Hauen helburu bakarra babes sistemari heltzen diotenen pertsona kopurua kontrolatzea eta geldiaraztea da. Helburu horretan, hauek ere ez dute zalantzarik izaten laguntza horien hartzaileekiko susmoa eta erruduntasuna sustatzen duten kanpainetan parte hartzeko (adibidea: Lanbidek igorri gutunak).

c) Azkenik, hainbat sektorek (pertsonak, plataformak, elkarte solidarioak, gizarte erakundeak eta sindikatuak) egiten ari diren gero eta handiagoa den aldarrikapenarekin egiten dugu topo. Aipatu sektoreak, egoeraren larritasunaren jakitun, behin eta berriz, eskatzen ari dira sistema hobetzea eta areagotzea. Eskaera horri entzungor egiten diote erakundeek, Gasteizeko eta Iruñeko gobernuek: ez direlako gauza laguntza eta babes zirkuitutik at geratzen ari diren milaka pertsonei erantzuteko.

 

LAB-ek bat egiten du dago aldaketa sakonak eskatzen dituztenekin. Egindako gidan agertu bezala, babes sozialean murrizketak egitea erabat gogaikarria da, milaka lagunen egoera erabat jasanezina denean. Abiapuntu honetatik, gure balorazioa azaldu nahi dugu, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak, babes sozialari dagokionez, aurkeztu dituen aurrekontuei buruz; eta bestetik, Jaurlaritzak defendatzen duen babes sozialeko ereduari buruz, inola ere une honetako larrialdiei erantzuteko balio ez duena.

1. Salatzen dugu 2015. urterako egin den aurrekontu-partidan ez dagoela babes sistemak gaur egun dituen gabeziak hobetzeko eta gainditzeko asmorik:

1. Aurrekontuan sartu diren 461 milioi euro horiek, gaur egun, 67.000 etxetan jasotzen ari diren laguntzei eusteko bakarrik balio dute. Kopuru horretan erakusten da 2014. urteko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokion aurrekontua. Iraganeko gastua dugu, ez etorkizunekoa. Ildo honetan, esan behar dugu, urrian agortu zela 2014. urteko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokion aurrekontua eta Eusko Jaurlaritzak beste 80 milioi euroz osatu beharko duela partida, urriko, azaroko eta abenduko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren ordainketei aurre egin ahal izateko.

2. Hori dela eta, esan dezakegu, aipatu 461 milioi horiek guztiz eznahikoak direla:

 

A) Horrekin ezin izango diolako erantzun, 2015. urtean, gertatuko den Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren goranzko eskariari. Eusko Jaurlaritzak badaki, eta ezkutatzen du, 2015. urtean handituko dela Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eskaria:
Langabezia-prestaziorik gabe geratuko diren, sorospen-subsidioak jasoz, luzaroko langabe berriak gehituko direlako.
Izugarri kontratu prekarioak dituzten edo lan esperientziarik ez duten gazteak gehituko direlako.
Horrek esan nahiko luke, aurtengo urteko amaieran, DBE-ren 67.000 bat titular egon badaitezke, 2015. urte amaierarako 72.000 eta 74.000 titular inguru izan daitezkeela. DBE-ren eskaria %7a eta %10a handitu izanari erantzuteko, aurrekontuek proportzio berean areagotu beharko lukete. Egindako aurreikuspenekin, 2015eko urrirako diru-partida agortu eginen da.
B) Ez diete benetako premiei erantzuten. Jende askok, DBE-a eskuratzeko eskubidea izanagatik, ez du eskatzen. Eusko Jaurlaritzak ez du inolako neurririk aurreikusten, Eusko Jaurlaritzak berak, 2014an egin zuen Premia Sozialen Inkestak adierazten duenari erantzuteko: gaur egun, baldintzak bete arren, diru-sarrerak bermatzeko sistemaren onurarik jasotzen ez duen eta pobretzeko arriskuan dagoen biztanleria %27koa da.
 
C) Baina horrez gain, aurrekontu hauek:

– Ez dute zuzenduko Diru-sarrerak Bermatzeko Erregimenaren zenbatekoen eragina, azken urteotan murriztu eta izoztu direnak. Europako irizpideen eta gure aberastasun mailaren arabera, DBE-ren zenbatekoak pobrezia atalasearen azpitik daude %39an.
 

– Ez dituzte Diru-sarrerak Bermatzeko legean behar diren lege-aldaketak ahalbidetuko, babesari ateak zabaltzeko, batik bat, 18 urte baino gehiago izanik, lan egiteko adinean eta emantzipatzeko aukerarik ez dutenentzat.

– Lanbideren kudeaketan dagoen kaosari eutsiko diote. Prestazioak bezain garrantzitsuak, aipatu prestazioak eta zerbitzuak eskaintzen diren erak dira. Lanbideren aurrekontuak bere horretan utzi izanak betikotuko du haren funtzionamendu okerra. Betikotuko ditu ere, lan eta materiazko prekarietate mailak. Horrek ezinezko bihurtzen du eskaria handitzeari kalitatez erantzun ahal izatea, prestazioetan nahiz informazio, prestakuntza eta orientabide pertsonalizatuetako zerbitzuetan.
 

2.Aurrekoaz gain, genionez, euskal Babes Sistemak aldaketa sakonen beharra du. Eusko Jaurlaritzak ez dezake ezikusiarena egin eta babes sistema hau Diru-sarrerak Bermatzeko Errentara mugatu. Beharrezkoa izanagatik, ez da nahikoa. Are eznahikoa da, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarengan beste mailetan erabaki beharko liratekeen gaien erabakia ipintzen denean.

A) 14 urte bete ez dutenen artean benetako pobrezia, gainerako biztanlerian baino erritmo biziagoan aurre egiteak premiazkoa bihurtzen du haurtzaroari eta gazteriari laguntza ekonomikoaren eta zerbitzukoen laguntzak bideratzeko politika unibertsalak abiaraztea.

B) DBE-a jasotzen dutenen %20a pentsiodunak izateak, eta DBEarekin pentsio apalak osatzeak, agerian uzten dute pentsio duinak bermatzeko ezgauza den sistema baten iruzurra (Gizarte Segurantzarena eta Kutxa bakarrarena). Egoera honi aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak ausardiaz jokatu beharko luke, Madrilek ezarri murrizketek eragin zuloak estaltzeari utziz. Errentak eta prestazio sozialak bermatzeko eredu osoa, arautze eta finantzatzeko gaietan erabateko erabakitze ahalmena izango duen berezko gizarte segurantza lortzeko bidea zabaldu behar da.

C) Jendearen %20ak haien soldata ziztrinak DBE-ekin osatzen dutela jakiteak ikustarazten digu lan merkatu honetan, enpresak baliatzen ari direla krisialdiaz, soldatek behea jo dezaten. Egungo lan merkatua txirotasunaren sortzaile nagusia dugu. DBE-ak ez dezake soldata duinak ematera ukatzen den patronala finantzatu. Haien jarrera langileok garesti ordaintzen dugu, pobrezia eta prekarietatea ekarriz. Premiazkoa da lan harremanen eredu berria izatea, non honetan, lehentasuna izango duen gutxieneko soldata handitzeko beharrak, ezarri den lanaldi partziala suntsitzeak eta sektoreko hitzarmen duinen izana bermatzeak..

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...