2024-11-18
HomeEkintza PolitikoaPrestakuntza dirua, liberatuen nominak ordaintzeko

Prestakuntza dirua, liberatuen nominak ordaintzeko

Prestakuntza sistema publikoa premiazkoa da kalitatea, eraginkortasuna eta gardentasuna bermatzeko

ELA sindikatuak azaldu duenez, ustez prestakuntzara eta enpleguaren sustapenera bideratutako funts publikoak UGT eta CCOOen egiturako liberatuen nominak ordaintzeko erabili da. Informazio hau baieztatuz gero, langileriari eta oro har nafar herritargoari egindako iruzura litzateke. 

Izan ere, azken hogei urteetan UPNk emandako dirutza justifikatzeko, UGT eta CCOOek behin eta berriz esan dute diru publikoa jasotzen zutela zerbitzu publiko bat ematen zutelako. Alabaina, argitaratutako datuek lantokietan nahiz kalean bolo-bolo darabilena baieztatu dute: diru publikoaren zati bat UGT eta CCOOen egitura korporatiboak loditzeko erabili dela. Nafarroako Kutxaren dieten aferan bezala, agian legala izan bada; ziurtzat jo daiteke, alta, ez dela zilegia. 

Jakina, UPNren mesedeek bere ordaina izan dute, UGT eta CCOOek UPN eta Patronalaren politikari men egin baitiote. 20 urte hauetan zehar, Erregimenaren eskutik jasotako diru eta prebendak hazi diren bitartean, nafar langileriaren lan eta bizi baldintzak okertu egin dira. Arrazoi honengatik, kontzertazio soziala delakoaren eztabaidarekiko LABen jarrera berresten dugu: afera ez datza egungo eredura baztertutako sindikatuak gehitzea, ezta eredu horretan “erreformak” egitea ere; aitzitik, lan harremanetarako eredu berria eraiki beharra dago nafar langileriak pairatzen duen esplotazio eta prekarietateari aurre egiteko. 95eko eredua, bere prebenda eta ustelkeriekin, iragana da; eraiki dezagun bada, eragile guztien artean, etorkizunari begirako eredu berria.

Norabide horretan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko hitzarmen guztiak berrikustea premiazkoa da, Gobernu berriak planteatu duen bezala. Baina gainera, Nafarroan lanbide heziketako ikastetxe publikoetan oinarritutako prestakuntza sistema publiko bat garatzea ezinbestekoa deritzogu, horixe baita kalitate, eraginkortasun eta gardentasunaren bermea.

Halaber, UGT eta CCOOek langileriari azalpenak eman eta dagokien ardura bere egitea ezinbestekoa da. Aukera berdintasuna sustatzeko diru publikoarekin liberatuen soldatak ordaintzea, diskriminazioa pairatzen duten emakume langileekiko iraingarria da. “Enpleguaren egonkortasuna” sustatzeko diru publikoarekin liberatuen soldatak ordaintzea, prekarietatea pairatzen duten langileekiko adar jotzea. Izan ere, Nafarroan diskriminazioa eta prekarietatea hedatu diren bitartean ustez haiei aurre egiteko dirua bereganatu baitute UGT eta CCOOek.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gizain fundazioko langileek lanuztea egin dute euren soldatak Foru Administraziokoekin parekatzea eskatzeko, eta 26an grebara joanen dira

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioaren Enpresa Batzordeak deituta, bertako langileek lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, Nafarroako Gobernuak fundazioaren...

Garbiñe Aranburu: “Osakidetzak behar duen aldaketa eragiteko unea daeta LABentzat lehentasunezko borroka da”

Azaroaren 28an Osakidetzako hauteskundeetan LAB bozkatzea osasun sistema publiko sendo eta duin baten alde egitea izango da. Hala adierazi dute sindikatuko ordezkariek Bilbon egindako...

LABek Palestinako auziaren aldeko jardunaldi juridikoetan parte hartu du

Nazioarteko komunitateak Israelen zigorgabetasunarekin amaitzeko eta Palestinako herriaren segurtasuna, itxaropena eta eskubideak bermatzeko erakutsi duen ezintasunaren harira, Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa herri ekimenek, European...