Presoak hurbiltzea eta erregimen arrunta haien bizi-baldintzetan aplikatzea funtsezko urratsa da normalizazioaren bidean. Hala aldarrikatu dugu LAB, ELA, ESK, STEILAS eta HIRU sindikatuok Gasteizen, Foru plazan egindako elkarretaratzean. Premiazkoak dira azken hamar urteotan Euskal Herrian izan den aldaketaren araberako espetxe-politika berriak.
Ez dugu eskaera hori sindikatuok bakarrik egin, hainbat gizarte-eragilek eta alderdi politikok ere espetxe-legea betetzeko eta aplikatzeko eskatu dute. Ildo horretan zenbait urrats eman direla egia bada ere, oraindik bide luzea dago egiteko, batez ere gaixo dauden presoei dagokienez, bakoitzak duen arriskuarekin.
Elkarretaratzearekin ere elkartasuna adierazi nahi izan diegu uztailaren 12an Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten pertsonei. Guztiz anakronikoa da Espainiako Estatua kartzelak betetzen tematzea, urte gehiegi irauten duen gatazkaren konponbidea ekarriko duten erabaki politikoak hartu beharrean.