2024-11-05
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Orain bai ez dagoela aitzakiarik preso eta iheslarien afera konpontzeko"

Garbiñe Aranburu: “Orain bai ez dagoela aitzakiarik preso eta iheslarien afera konpontzeko”

Ireki dinamikak langile mugimenduak historikoki garatu duen martxa formatoan eskatu du gaur euskal preso eta iheslarien etxeratzea. Hain zuzen ere, Arangiz eta Otazutik bi zutabe irten dira goizean, eta Gasteizko hirigunean elkartu dira eguerdian, Posta plazan, bertatik abiatutako manifestazioarekin bat egiteko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu mobilizazioetan izan da, lan mundutik sustatutako dinamikari babesa emateko. Preso eta iheslarien askatasuna aldarrikatu du, gatazkaren benetako konponbidea lortzeko bidean.


Garbiñe Aranbururen hitzetan, "armagabetzeak ekarritako inflexio puntua eta gero, lehen aitzakiarik ez bazegoen, orain bai ez dagoela aitzakiarik preso eta iheslarien aferari konponbidea emateko". Aranburuk adierazi du LABentzat lehentasun bat dela sakabanaketa politikarekin amaitzea eta preso gaixoak etxera ekartzea. Horregatik, esan du Ireki gisako dinamikak oso interesgarriak direla, "lan mundura aldarrikapen hau eramateko modua ere badelako".


Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenak gogor kritikatu ditu LABeko idazkari nagusiak, "presoen gaiari konponbidea ematea ezin delako bestelako baldintzekin lotu. Ezin da baldintzarik ipini, justizia sozial kontu bat delako". Honelako adierazpenek Estatu espainolaren jarrerari zilegitasuna ematen diotela salatu du: "Presio etengabe bat dago alde baten gainean autokritika egiteko, eta esan behar dugu alde guztietan egon dela sufrimendua. Alde guztiek dute erantzukizuna. EAJri esan nahi diogu ea inoiz egin ote duen autokritikarik eurek bultzatutako sakabanaketaren inguruan. Ez dugu inoiz entzun".


Irekik, bestalde, hilabeteotan bildutako sinadura kopuruaren berri eman du gaurko manifestazioan. Hain justu, 78.956 lagunek sinatu dute preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde. Ireki dinamikako ordezkariek iragarri dute "altxor hau" Foro Sozialaren esku utziko dutela orain, preso, iheslari eta deportatuen itzulera ahalbidetuko duen bideorriaren egitasmoari ekarpena egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilera egin dugu Jehad Rashid palestinarrarekin

Jehad Rashid psikiatra palestinarra Euskal Herrian dago egunotan. Gaur bilera egin du Koldo Saenz sindikatuko Nazioarteko arduradunarekin eta Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearekin. Palestinako egoeraren inguruan sakontzeko aukera izan dute bileran eta LABeko kideek sindikatuaren urteurrenaren inguruko liburu bat oparitu diote.

Cebek patronalari Bizkaiko grafikagintzako negoziazioak blokeatzeari uzteko exijitu dugu sektoreko azken greba egunean

Gaurko greba egunak ere jarraipen zabala izan du, eta espero dugu Cebekek ulertzea sektorearentzat hitzarmen duin bat adosteko garaia dela. Bilbon egin dugu manifestazioa, SPRIren egoitzatik Cebek Bizkaiko patronalaren egoitzaraino.

Kontratu gehiago sinatu arren, baldintzak kaskarragoak dira

Langabeziak eta afiliazioak gora egin dute urrian.