2025-01-10
HomeEkintza SindikalaPremiazko neurriak exijitzen ditugu, sektore guztietan hedatuta dagoen lan heriotzen sarraskiarekin bukatzeko

Premiazko neurriak exijitzen ditugu, sektore guztietan hedatuta dagoen lan heriotzen sarraskiarekin bukatzeko

Beste lan heriotz bat gertatu da gaur, Arabar Errioxako Eltziego herrian oraingoan, ardogintza sektorean. Bodegas Eguiako 56 urteko langile batek (J.A.E.G.) lan istripua izan du goizean, jasotako lehen informazioen arabera, errobot-makina bat gainera erori eta harrapatuta gelditu ondoren. Larrialdi zerbitzuak bertaratu eta ospitalera eraman dute, baina bertan hil egin da. LAB sindikatuko delegatua zen aipatutako upategian. Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei.

Zentzu honetan, euskal gehiengo sindikalak deituta, datorren asteazkenean, urriak 13, elkarretaratzea egingo dugu Eltziegoko herriko plazan, 12:00etan, “Prekaritatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez” leloarekin. Zendutako langilea, herrian lan egiteaz gain, bertan bizi zen.

49 langile hil dira gutxienez Euskal Herrian, urtea hasi denetik. Odolusteak ez du etenik, eta agintariek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, isilik. Egiturazko arazo bat da lan heriotzena, ez da zori kontua, prekaritatea da. Hain zuzen ere, lan heriotzek ez dute diskriminatzen, sektore guztietan hedatuta dago odolustea, prekaritatea bezala. 

Lan heriotzak ez dira bakarrik eraikuntzan edo industrian gertatzen. Joan den astean arrantza sektoreko langile bat hil zen, ardogintza sektoreko bat oraingoan, azken hilabeteotako basogintza sektoreko adibideak hor ditugu, heriotz ez traumatikoak, in-itinere gertatutakoak eta lan gaixotasunak ahaztu gabe. Langile guztiak gaude arrisku bizian. Arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute behingoz, lehentasunez. Ezin dugu horrela jarraitu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa izango litzateke. Lanbidearteko Akordioa eta Herri Ekimen Legegilea bide osagarriak direla ulertuta, bi bide horiek lantzearen alde egiten dugu.