LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.
Bi hilabeteren ostean su-etena apurtu eta palestinar Herriaren aurkako erasoaldi bortitzari berrekin dio Israelek. Egoera larriaren aurrean Gernika-Palestinak premiazko manifestazioa deitu du larunbat honetan Donostian, 17.30ean, Bulebarretik abiatuta. Mobilizazioarekin bat egiten du LABek eta bertan parte hartzera dei egiten die euskal langileei.
Palestinak gu guztion elkartasuna behar du. Eta konponbidea behar du. Horretarako, nazioarteko komunitateak bere isiltasun konplizeari amaiera eman behar dio, Israelen zigorgabetasunarekin amaitzeko.
Guztioi dagokigu, bakoitzak bere tokitik, genozidioaren amaiera eskatu eta bultzatzea. Zentzu horretan, dei egiten diegu euskal instituzioei eta patronalari, posizioa har dezaten herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren aurrean, eta hori bultzatzen ari den sionismoaren aurrean. Genozidekin, giza-eskubideak etengabe urratzen ari direnekin harremanak apurtzea eskatzen diegu.
Bide diplomatikoak ireki behar dira berriro berehalako su-etena lortzeko. Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera eta eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko.
Martxoaren 30ean Palestinar Lurraren Eguna izango da. 1976an bezala, ia 50 urte geroago, euskal langileok Palestinaren ondoan gaude. Jarrai dezagun mobilizatzen, herri palestinarra Israelen eskutik pairatzen ari den genozidioa bukatzeko, basakeriari eta gizateriaren aurkako krimenei amaiera emateko.