2024-12-22
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakPrekarietateari eta esplotazioari aurre egiteko enplegu politika berria aldarrikatu du LABek Nafarroan

Prekarietateari eta esplotazioari aurre egiteko enplegu politika berria aldarrikatu du LABek Nafarroan

LAB sindikatuak Delegatuen Batzarra egin du gaur Iruñean, Nafarroan irekitako eskenatoki berria aztertu eta aldaketa politiko nahiz sozialerako ekintza sindikala berrindartzeko asmoz. Batzarraren ostean, kontzentrazioa egin dute LABeko ordezkariek Nafarroako Jauregiaren parean, Gobernuari "enplegu politika berri bat" eskatzeko.

Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok adierazi duenez, "nola Akordio Programatikoan hala Gobernuko ordezkari gorenen adierazpenetan honako kontzeptuak azaltzen dira: kalitateko enplegua, lanaren banaketa edota lan erreformari aurre egiteko beharra. Kontzeptu horiek zehaztu beharra dagoela uste dugu, izen eta abizena jarri beharra dago. Kalitateko enpleguak badu abizena: 1200 euroko gutxieneko soldata sektore guztietan. Lanaren banaketak ere badu berea: 35 orduko lan astea soldata murrizketarik gabekoa. Eta lan erreformari aurre egiteko, negoziazio kolektiboa blindatu beharra dago. Gobernuari zehaztapenetara jotzea eskatzen diogu, nafar langileriak pairatzen duen prekarietate eta esplotazioari aurre egingo dion enplegu politika berria diseinatuz". 

1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanastea eta negoziazio kolektiboaren blindajearekin batera, beste aldarrikapen hauek egin ditu LABek: aukera berdintasuna enplegurako sarbidean, lan osasuna mutuetatik Osasunbideara pasa dadila, 65 urterekin eta duintasunez jubilatzeko aukera eta lan munduan ere hizkuntzaren normalizazioa abian jartzea. 

LABek "kontzertazio sozialean" parte hartuko ote duen galdetuta, Gobernuaren proposamenen zain daudela adierazi du Arroyok. "Edozein kasutan ere, etorkizuneko erronkei aurre egingo duen lan harremanen eredu berriaz hitz egingo digutela suposatutzat ematen dugu. Izan ere, 1995an abiatutako eredua baztertzailea izateaz gain langileentzat kaltegarria izan da. Gaur egungo lan eta bizi baldintzak duela 20 urte baino okerragoak dira. 95eko eredua iruzur hutsa izan da, porrot egin du, iraganaren parte da. Orain eredu berri bat eraikitzeko unea da, denon artean, bazterketarik gabe, etorkizunari begira". 

Bestalde, LABeko ordezkariek urriaren 24an Bilbon egingo den "Alternatiben Herria" ekimenari babesa eman diote. Bost karpa, zazpi lokal eta beste bost erakusketekin, eredu kapitalistarekiko alternatibak jorratzeko azken aldiko topaketarik handiena izango da. Iruñetik autobusak abiatuko dira, goizeko 7:45etan Trinitariosen dagoen suhiltzaileen parketik (5 euro). 
  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...