2024-12-22
HomeEkintza SozialaPrekarietatea eta pobreziaPrekarietatearen, murrizketen eta gastu militarraren aurkako martxa egingo dugu Ezkerraldean, larunbatean

Prekarietatearen, murrizketen eta gastu militarraren aurkako martxa egingo dugu Ezkerraldean, larunbatean

Hainbat eragilek deituta, LABek barne, Sestao eta Santurtzi lotuko ditugu. Protesta 12:00etan abiatuko dugu, Sestaoko Kasko Plazatik.

Hilez hil Ezkerraldea da nagusi langabezia eta pobrezia tasetan: 17.600 langabetu; biztanleria aktiboaren %16, hain zuzen. %74k ez dute inolako langabezia-sorospenik. Horretaz gain, lanetiko kaleratzeak eta kontratu prekarioak ditugu eskualdeko enpresa nagusietan.

Egoera are larriagoa da emakumeen errealitateaz hitz eginez gero. Prekarietateak emakume bisaia du, kontratu eskasenen %76 suposatzen duten einean.

Langabezia-tasa %18koa da. Horri prekarietate-tasa handia gehitu behar zaio: zerbitzu-sektoreko (dendak, ostalaritza, garbiketa…) langileen % 84 emakumeak dira. Horrekin batera lanaldi partzialeko kontratuak: horien % 78 emakumeek beteta; edo behin-behineko kontratuak, % 28k emakumeen beteta. Ezkerraldeko emakumeek soldata-diskriminazio argia jasaten dute: beren soldata % 26 txikiagoa da.

Era berean, gazteen artean langabezia %30koa da; zehazki 3.600 pertsona.

Langabezia eta babesgabetasun handi horiek gizartean dauden desberdintasunak areagotzea dakarte: lagunen %8,6k mantenu-pobrezia jasaten dute; %2’1ek pobrezia metagarria; eta %5,2ek muturrekoa. %13,6ek ongizate hutsunen bat jasaten dute. Hiru aldiz handiagoa da emakumeek jasaten duten pobrezia. EAEko pobreziaren % 25 Ezkerraldean biltzen da.

Horren ondorioz, gero eta familia gehiagok jotzen dute Caritas-era, Gurutze Gorrira edo Elikagai Bankura. Zehazki, 25.000 familiak bizirik irauten dute erakunde ongigile horien laguntza lanari esker.

Kontuan hartu behar da Ezkerraldean astean behin 7 familia etxegabetzen dituztela.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, dei egiten diegu Ezkerraldeko bizilagun guztiei "Ezkerraldetik Martxan” parte hartzeko datorren larunbatean, ekainaren 8an. Sestaoko Kasko plazatik abiatuko da eguerdiko 12etan Santurtzin bukatzeko.

Laburbiltzeko, ekimen hau gure eskualdeak jasaten duen gizarte haustura larria salatzeko sortu da, hain zuzen ere, langabezia-indize kezkagarriak, lan prekarietate handia, pobrezia egoerak eta etxe-kaleratzeak ugariagoak direla-eta dugun gizarte haustura; gizarte arloan murrizketak salatzeko: udal gizarte-zerbitzuetan, gizarte-prestazioetan eta adinekoentzako laguntzetan.

Baina egoera hauek ez dira berez sortzen. Administrazioek neurriak sustatu dituzte, langileek, eta herritar guztiek, dituzten lan eskubideak eta eskubide sozialak murrizteari begira. Eskualdeko udalak izan dira lehenengoak murrizketa politika eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzen. Horrek larriagotu egin du egungo krisialdi ekonomikoak jota dauden milaka familiaren egoera.

Gizarte eta lan arloan murrizketak egiten diren bitartean, ikusten dugu zer-nolako diru-xahutzea dakarren gastu militarrak: 31.000 milioi euro. Horrek esan nahi du herritar bakoitzak 700€ ematea.

Era berean, gerra-gatazkei ihes egiten dieten milioika lagun errefuxiatuei elkartasuna adierazteko izango da mobilizazio hau. Errefuxiatuei ez zaie inolako eskubiderik aitortzen; eta, gainera, haien aurka NATOren gerraontziak bidaltzen dituzte, Europara ez iristeko. Bestalde, Ezkerraldean kokatutako enpresek gerraren negozio zikin honetan parte hartzen dutela salatu nahi dugu, besteak beste Barakaldoko ITP-aereo enpresa.

EZKERRALDEKO KOLEKTIBO SOZIALAK:
Ezkerraldeko Langabetuen Asanbladak, Barakaldoko Gazte Asanblada, Berri-Otxoak (Barakaldo), “Argitan, Emakumeentzako Aholku Etxea”, Ernai Ezkerraldea, KAKITZAT (Koordinakunde Antimilitarista), KEM-MOC; “La Kelo Gaztetxea” (Santurtzi), Marimatraka (Santurtziko Talde feminista); Neba-Neba Emakundeen Aholkularitza Zentroa (Sestao), Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pentsionistak Martxan, Txirbilenea Kulturgunea (Sestao), Portugaleteko Merkatua, Portugaleteko Mugimendu Feminista, “Eskubide Sozialak Portugaleten”, “Gizarte Prestazioen Bulegoa” (Santurtzi).

SINDIKATUAK: ELA, LAB, STEILAS, ESK, CNT, CAT eta CGT-LKN.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...