2024-11-16
HomeEkintza SozialaPrekarietatea mantentzeaz gain, enplegua sunsitzen ari dira

Prekarietatea mantentzeaz gain, enplegua sunsitzen ari dira

LAB sindikatuko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “azken urteetan langabezia jaitsi egiten zen, baina sortzen zen enplegua oso prekarioa zen. Sortzen zen enplegua erabili eta botatzekoa zen. Orain, zoritxarrez, ‘botatzeko’ fasean murgilduta gaude, eta prekarietatea mantentzeaz gain, enplegua ezabatzen ari da. Egoera hau emakumeek eta gazteek sufritzen dute bereziki”. Ugartemendiaren esanetan, ”momentua da politikak aldatzeko, eta eskaera hori Confebask, CEN, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari egiten diegu. Prekarietatean oinarritutako herri batek ez du etorkizunik. Enplegu duina behar dugu”.

Hego Euskal Herrian erregistraturiko langabeziak 3.128 lagun gehiago izan ditu urrian, langabezia zifra ofiziala 147.199 pertsonetara igoz. 2012tik urrian izan den langabeziaren bilakaerarik okerrena izan dugu, % 2,2ko hazkundea izan baitu.

Berriro ere langabeziaren gorakadak intentsitate handiagoa izan du 25 urtetik beherako gazteen artean. Horrela, talde gazteenen artean langabezia %5,5 igo da aurreko hiletik.

Horri guztiari kontratazioetako prekarietate maila eskandalagarria erantsi behar zaio, sinatutako 100 kontratutik 8 baino ez baitira mugagabeak. Behin-behinekotasun maila ikusgarri horiek ez dute parekorik Europako Batasunean, eta ondorio bezala laneko txandaketa jasanezin bat dute.

Hala ere, hau ez da fenomeno berri bat, eta ezta atzeraldi handiaren ondoren bizi izandako berreskurapen ekonomikoaren faseak berezko duena ere. Egia esan, laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdetik izan dugun gaitza da. Hala ere, orain arte gobernu bakar batek ere ez du izan interesik egoera zuzentzeko.

Bestalde, hiru langiletik bi abandonu egoeran daudela salatu beharra daukagu, ez baitute jasotzen inolako langabezia prestaziorik. Gainera, prestazioren bat jasotzen dutenen artean % 40k sorospen-prestazio bat jasotzen du eta, batez beste, hilean ez da apenas 430 eurora iristen.

Hego Euskal Herrian, ofizialki langabezian daudela hartzen diren pertsonen %34,5ak soilik jasotzen dute langabezia prestazio motaren bat (kontribuziozkoa edo sorospenekoa). Hala ere, emakume langabetuen estaldura-tasa % 31,6ra jaisten da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.