2025-12-16
HomeIndustriaMetalgintzaPRECOra joko du Jasoko enpresa batzordeak, egoera desblokeatzeko asmoz

PRECOra joko du Jasoko enpresa batzordeak, egoera desblokeatzeko asmoz


Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileek gaur 2 hilabete bete dituzte Greba Mugagabe Partzialean. Greban, 36 egun eman dituzte eta, gaurkoan, zazpigarren manifestazioa egin dute Ordiziako azokan. Aipatu behar da 2015 amaieratik ez dutela hitzarmenik eta negoziaketa hasi zutenetik 15 hilabete pasa direla eta oraindik ez dutela akordiorik.

Hauxe da Jasoko enpresa batzordeak gaur argitaratu duen oharra:

Lehenengo eta behin, argi eta garbi utzi nahi dugu, Jaso dugun gatazkan arazoa ez dela ekonomikoa, baldintza sozialena baizik. Jasoko langileon artean ezberdintasun sozial handiak daude eta gure helburua, hitzarmenez hitzarmen, ezberdintasun hauek murrizten joatea da eta urte batzuetan, Jaso enpresa justu eta demokratiko bat izatea da.

Hitzarmenean momentu honetan, bi puntuk dute negoziaketa blokeatua, nominaren homogeneizazioak eta gaixotasun bajek. Enpresaren jarrera immobilista eta zentzugabea ikusirik, aurreko astean mugimendu garrantzitsu bat egitea erabaki genuen, bi puntuetako bat hurrengo hitzarmenerako utzi eta oraingoan bakarrarekin gelditzea, hau da, egoera blokeatzen duten bi puntuetako bat alboratzea eta bestea lortzea. Esan dugun moduan, gure helburua, pixkanaka eskubide sozialak lortzen joatea da eta enpresan dagoen diskriminazioarekin amaitzea.

Enpresak hurrengo egunean erantzun zigun eta erantzuna lotsagarria izan zen. Lotsagarria izan zen, zeren ez du ezer mugitu bere planteamendutik, ez gaixotasun bajetan ezta nominaren homogeneizazioan ere. Eta hau gutxi balitz, hau bezain larria eta kezkagarria, nagusiak hasieratik bere hitza emana zuen hitzarmenak lan erreformarekiko blindajea izango zuela, eta azken proposamenean, bere hitza jan eta puntua baztertu du. Benetan lotsagarria eta kezkagarria da jarrera hau hitzarmenerako eta gure enpresaren etorkizunerako.

Jaso iragan eta etorkizun handiko enpresa da, mundu mailan proiekzio handikoa, lan konpromiso handiak ditu orain eta etorkizunean aurrera eramateko eta historikoki izan dituen bezalaxe, langile konprometituak. Arazoa da, 15 hilabete hauetan, nagusiari era eta modu guztietako proposamenak egin zaizkiola bi aldeentzako hitzarmen onuragarri bat sinatzeko eta behin eta berriz, egiten diogun proposamen bakoitza atzera botatzen digu, eta egoera blokeatua mantentzen du. Zuzendaritza batek bere langileekiko izan behar lukeen begirunerik ez diogu inondik inora ikusten. Eta ematen zuenean egoerak ezingo zuela okerrera gehiago egin, negoziaketa guztian onartua izan duen Lan- erreformari blindajea ipintzea kendu egin digu. Lotsagarria da, nagusi batek bere hitza eman, konpromiso garrantzitsu bat hartu eta hori haustea.

Nagusiaren eta zuzendaritzaren jarrera immobilista eta onartezina ikusirik, Itsasondo barruan saiakera guztiak egin ondoren eta egoera desblokeatzea ezinezkoa dela jabeturik, PRECOra deia luzatu dugu bitartekaritza lanak egiteko. Jasotik kanpokoa eta gatazka hauetan aditua den erakunde honek, proposamen bat egin eta egoera desblokeatzea da helburua.

Bilera, ostiral honetan, Donostiako Javier Barkaiztegi kaleko 19 zenbakian izango da goizeko 10etan eta espero dugu zuzendaritzak arduraz jokatuko dutela eta bertan izango direla, behingoz egoera sostengaezin hau desblokeatzeko eta gure enpresa oraindik eta arrisku handiagoan ez jartzeko.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Martxoaren 17an, greba orokorra: LGS hemen erabaki

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko. ELAk,...

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak...

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...