2025-03-22
HomeEkintza SindikalaPositiboki baloratzen dugu EAEn lanbidearteko gutxieneko soldata propioa bultzatzearen inguruan Gasteizko Parlamentuak...

Positiboki baloratzen dugu EAEn lanbidearteko gutxieneko soldata propioa bultzatzearen inguruan Gasteizko Parlamentuak hartutako konpromisoa

Oihana Lopetegik, LAB sindikatuko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduradunak, positiboki baloratu du gaur goizean Gasteizko Parlamentuaren osoko bilkuran hartutako konpromisoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanbidearteko gutxieneko soldata propioa bultzatzeari dagokiona.

EH Bilduren mozioaren bueltan akordioa erdietsi da, eta Lopetegik Parlamentuko prentsa aretoan eginiko balorazioan nabarmendu du urrats garrantzitsua eman dela, sindikatuak aspalditik defendatzen duenaren ildotik. “Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak lurralde bateko errealitatearen araberakoa izan behar du”, nabarmendu du LABen ordezkariak. Hala, Europako Karta Sozialak gomendatzen duenari jarraikiz, gutxienez lurraldeko batezbesteko soldataren %60koa izan beharko litzateke gutxieneko soldata, eta horren araberakoa da LABek eskatu izan duen 1.400 euroko zenbatekoa: “Euskal Herriko herritarrok lan eta bizi baldintza duinak nahi baditugu, beste LGS bat behar dugu. Horrelako neurri batek genero arrakalak murriztuko lituzke, soldata baxuenen eta altuenen arteko aldea gutxitu, gazteriaren prekaritatea leundu”.

Gaurko urratsak Lan Harremanen Euskal Esparruari bultzada emateko balio dezakeela ere adierazi du Lopetegik, Estatuaren menpekoa izango ez den akordio bat erdiesteko aukera emango lukeelako: “Bertako errealitateari erantzungo dion Lanbidearteko Akordio bat bultzatzeko behartzen duelako Eusko Jaurlaritza, eta horrekin Confebask bera interpelatzen duelako 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriko duen akordio bat sinatzera”. Izan ere, LABen iritziz urriegia da espainiar estatuan Gobernuak CCOO eta UGTrekin ezarritako LGS, 1.080 eurokoa.

Lopetegik gogorarazi du bertako gutxieneko soldataren aldarria aspalditik egin duela LABek, eta langileak ere horren alde mobilizatu direla; hain zuzen ere, horixe izan zen gehiengo sindikalak deitutako 2020ko greba orokorreko eskakizun nagusietako bat. Horrez gain, LABek idatziz ere eskatu izan dio Confebaski 1.400 euroko LGS barne hartuko lukeen lanbidearteko akordioa, baina erantzun positiborik jaso gabe.

LABek gutxieneko soldata propioaren bidean lan egiten segitzeko asmoa berretsi du eta, Lopetegik azaldu duenez, Enplegu Saioari nahiz Confebaski bilera eskatuko die gaia jorratzeko. “Eta orain arte bezala, lantokietan eta kalean ere borrokak pizten eta elikatzen jarraituko dugu, horrela lortuko baitugu patronala bere posiziotik mugiaraztea”, amaitu du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.