2025-04-24
HomeEkintza SozialaPrekarietatea eta pobreziaPobreziaren gorakadak bi hildako utzi ditu bi aste baino gutxiagoan

Pobreziaren gorakadak bi hildako utzi ditu bi aste baino gutxiagoan

Atzo, urtarrilak 12 igandea, etxerik gabeko pertsona bat hilik aurkitu zuten Durangoko kutxazain batean. Urte honetan kalean hilik aurkitzen duten bigarren pertsona da. Urtarrilaren 3an, etxerik gabeko beste pertsona bat agertu zen hilda Donostiko kaleetan. 2 hildako bi aste baino gutxiagoko epean. Zalantzarik gabe, egoera larria da bizi duguna.

Pobreziak eta bazterketa sozialak gora egin du azkeneko urte hauetan. LABek behin baino gehiagotan salatu bezala eta FOESSA txosteneko eta 2018ko PGEI inkestako datuek erakutsi bezala, pobrezia larrian bizi diren pertsonen kopurua nabarmen hazi da, zehazki %65 azkeneko 10 urteetan. Hau ez da kasualitatea, izan ere, lan merkatuko prekarietatearen gorakadaz gain, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dauden babes sozialeko politiken ahultze baten aurrean aurkitzen gara.

Zentzu horretan, premiazkoa da babes sozialeko politika eraginkorrak bermatzea eta indartzea. Pertsona guztientzat bizitza duina ziurtatuko duten politika sozialak ezinbestekoak dira gizarte kohesionatu bat izateko. Hor kokatzen dira, bereziki, etxebizitza duin baterako eskubide efektiboa eta DSBE duin baten aldeko apustua. Hain zuzen ere, bi aldarrikapen horiek barnebilduko ditu urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen Greba Orokorrak. Testuinguru honetan ezinbestekoa da mobilizazioa indartzea eta beste aurrerapauso bat ematea pentsio, enplegu eta bizitza duinen alde. Era berean, heriotza hau salatzeko deitutako mobilizazioetara atxikitzen gara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.