2024-12-22
HomeMurrizketakPobrezia politika antisozialen ondorioa da

Pobrezia politika antisozialen ondorioa da


Gaur, “Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunara"ren bezperan, Euskal Herriko gizarte eragile eta sindikatuok Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen Ordezkaritzaren aurrean elkartu gara ezartzen ari diren politika antisozialen ondorioz biztanleriaren gehiengoa arrunt txirotzen ari dela salatzeko.

POBRETZERA ETA PREKARIETATERA GARAMATZATE
EUSKAL HERRIAK BERE BIDEA

Behean sinatzen dugun sindikatu, eragile sozial eta langabetuen batzarrek Pobretzea eta Prekarietatearen gorakadaren aurrean mobilizatzen jarraitzen dugu. Honela ba, “Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren” (urriak 17) bezperan, urriaren 16an, ostirala, Bilbon, Eusko Jaurlaritzak daukan Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratzea egingo dugu. Honen bidez salatu nahi dugu ezartzen ari diren politika antisozialen ondorioz biztanleriaren gehiengoa arrunt txirotzen ari dela; gutxiengo bat aberasten ari den bitartean. Merkataritza libreko hitzarmenak ezarriko balira (Europako Batasunak eta Estatu Batuak isilpean negoziatzen ari den TTIPa adibidez, edo bestela TISA) egoerak okerrera egingo luke. Hauen bidez, merkatuek are gehiago suntsituko dituzte pertsonen bizitzak eta herrien bizimoduak, eta ateak zabalduko lizkioke, inoiz ez bezala, zerbitzu publikoen pribatizazioari.

Prekarietatea, pobrezia, zaurgarritasuna, zalantza, eskubideen murrizketa, behin-behinekotasuna, derrigorrez migratu behar izatea,… esplotazioan oinarritutako sistema ekonomiko eta ezberdintasunak etengabe gorantz doazen sistema sozial baten oinarrizko piezak dira. Esplotazioa eta ezberdintasunak, emakumeen kasuan, bereziki, ez dute errukirik erakusten.

Hego Euskal Herriko langabezia tasak %15a gainditzen du, Europako Batasunaren batez bestea baino 5 puntu gorago kokatzen da. Langabetuen erdiak baino gehiagok ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen. Inolako prestaziorik jasotzen ez duten langabetuen portzentajea etengabe handitzen ari da. Administrazioek gizarte-prestazioak urritu dituzte, haren zenbatekoari eta iraupenari dagokienez, eta hainbat kolektibo inolako babesik gabe utzi dituzte. Pobrezia mailek azken 25 urteetako mailarik handienak erdietsi dituzte, gabezia material larriak areagotuz. Emakumeak pobretze-dinamika hau gogortasun handiagoz jasaten ari dira. Ez dezagu ahantz krisialdiak txirotasuna eta gizarte-bazterkeria bakarrik larriagotzen duela Euskal Herrian, eta hura ezberdintasunak, esplotazioak eta gizarte-aberastasunen jabetze-pribatuak elikatzen duen sistema ekonomiko eta sozialaren isla dela.

Lehen aipatu dugunarengatik, beharrezkoa deritzagu gure herriak eta auzoak hondatzen ari diren pobretze eta prekarizazio errealitateen aurka manifestatzea. Errealitate horiei aurre egingo dien babes sistema publiko, unibertsal eta duina eskatzen dugu. Horrengatik eskatzen dugu:

  • Enplegua eta pobrezia gauza bera izatea eragotziko duen gutxieneko soldataren igoera.
  • Zenbateko duina izango duen langabezia prestazioa bidera dadila enplegurik izango ez den bitartean.
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Gizarteratzeko Errentaren (Oinarrizko Errenta) kopurua igo daitezela Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren gainetik. Igo daitezela ere, kide bat baino gehiago duten bizikidetza unitateei ezarri beharreko eskalak. Egungo sistema ordezkatuko duen, eta eskubide soziala izango den diru-sarrerak bermatzeko sistema ezar dadila. Duintasunez bizi ahal izateko eskubidea berma dadila. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari eta Gizarteratzeko Errentari, baliabide ekonomikorik ez dagoen bitartean, eustea. Benetako premiak beteko dituzten gizarte-larrialdiko laguntzak jasotzeko dagokigun eskubidea ezar dadila.
  • Murrizketak ezarri izanaren ondorioz, kanpo geratu diren kolektibo guztiei dagozkien gizarte-laguntzak onar dakizkiela.
  • Gizarte-laguntzak kudeatzeko garaian ezartzen ari diren irizpide murriztaileak ezaba daitezela.
  • Aurrekontuak handitu daitezela, zerbitzu publikoez (osasungintza, hezkuntza, enplegua, gizarte-laguntza), unibertsalez eta kalitatekoez hornitzen lagako dizkiguten giza-baliabideak, baliabide materialak eta teknikoak izan ditzagun.
  • Nornahik hezkuntzarako, osasunerako eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidea, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea bermatuak izan ditzala. Inor ez dadila elektrizitaterik, gasik, urik gabe eta elikadura eskuratzerik gabe geratu, baliabide ekonomikorik ez daukalako.
  • Erakundeen konpromisoa behar dugu geure baliabidez horni gaitezen. Horrek utzi beharko liguke gizarte-babes sistema eskuratzen, non Euskal Herrian, pertsona orok behar beste baliabide eta bitarteko izaten bermatuko digun bizitza duinaz, autonomoaz eta kalitatekoaz gozatu ahal izan dezagun

Helburu hauek Hego Euskal Herriko erakundeek ezartzen dituzten aurrekontu eta zerga politiketan erabateko aldaketa baten parte izan behar dute.

Gizarte eragileak: AHT Gelditu! Elkarlana, ARGILAN, Argitan (Centro Asesor de la Mujer de Barakaldo), Asamblea abierta en defensa de las prestaciones sociales, Coordinadora de Asambleas y Colectivos de Personas en Paro de Bizkaia, Asociación de Trabajadoras del Hogar de Bizkaia, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak, Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Koordinadora Antimilitarista Kakitzat, Mujeres del Mundo, Posada de los abrazos, SOS Racismo-SOS Arrazakeria.

Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, CNT.

Euskal Herrian, 2016ko urriaren 14an
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...