2024-12-22
HomeEkintza SindikalaPineko enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du ostiralean, astelehenean Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian izandako...

Pineko enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du ostiralean, astelehenean Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian izandako istripu larria salatzeko

Joan den astelehenean, otsailaren 20an, Pine Instalaciones y Montajes enpresako bi langilek istripu bat izan zuten Tubos Reunidosen Amurrioko lantegian, eta ondorio oso larriak izan zituen bietako batentzat. Istripua salatzeko, Pineko enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du ostiralean, otsailaren 24an, 14:00etan, enpresak Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean duen egoitzaren aurrean.

Larrien zauritutako langilea Gurutzetako Ospitaleko erredura larrien unitatean dago, eta esan dietenaren arabera, ez dago bizia galtzeko arriskuan, baina istripuak ondorioak utziko dizkio, eta sendatzeko prozesua luzea eta zaila izango da. Beste langileak zorte handiagoa izan zuen, sendaketak fabrikan egin ahal izan baitzitzaizkion, eta mutualitatetik igaro ondoren etxera bidali baitzuten.

Pine Instalaciones y Montajes enpresako batzordeak istripu hori salatu nahi izan du, baita segurtasun-batzordeari gertatutakoaren berri eman ez izana ere, beste kanal batzuetatik izan baitute gertatutakoaren berri. Halaber, gertatutakoa argitzeko ikerketa sakona egiteko, batzorde gisa egindako urrats guztietan presente egoteko eta gertakari horiek errepika ez daitezen prebentzio- eta prestakuntza-neurriak hartzeko eskatu dute.

Argitu dute, zoritxarrez, istripu larri bat baino gehiago izan dutela dagoeneko, eta heriotza ekarri duenik ere bai tartean.

Jazotako istripua salatzeko eta bi lankideei elkartasuna adierazteko, datorren ostiralean, 14:00etan, Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean egingo den elkarretaratzera deitu dute.

Amaitzeko, istripua izan dutenei babesa adierazi nahi izan diete, bai eta haien senideei, lagunei eta lankideei ere, eta azkar osatzea opa diete.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...