2024-12-19
HomeEkintza SindikalaPetronorreko kontratetan lortutako akordioaren balorazio positiboa egiten dugu #LortuDugu

Petronorreko kontratetan lortutako akordioaren balorazio positiboa egiten dugu #LortuDugu

Gaur, Petronorreko kontratetako “Enpleguaren egonkortasunerako itunaren” eraginpean dauden langileen batzarrak, asteartean sindikatuek eta greba-batzordeak sinatutako aurreakordioa berretsi du bozketa bidez.

LABek oso positibotzat jo du lortutako akordioa, ezinezkoa izango litzatekeena egindako borrokarik eta grebarik gabe; izan ere, agerian geratu da kontratetako langilerik gabe Petronorrek ez duela funtzionatzen. Halaber, balio handia ematen dio gatazka osoan izandako batasun sindikalari, zalantzarik gabe kolektibo osoa indartu baitu.

Akordioaren edukiari dagokionez, oso hobekuntza garrantzitsuak eman dira aurreko Itunarekiko, eta gainera, hasieratik ezarri genituen lehentasunezko helburuak lortu dira. Funtsezko helburu horiek kolektibo osoaren lan- baldintzen hobekuntza bermatzen dute, nahiz eta kontrata bakoitzak egoera desberdinak izan:

1.- Kontratu guztietako langile guztiak lotzen dituen akordioa, bai findegian etengabe lanean ari direnak, bai geldialdira bakarrik datozenak, baita Estatuko beste leku batzuetakoak ere.

2.- Petronorren etengabe lan egiten duten pertsona guztien subrogazioa bermatzen da, bai kontratu irekiekin, bai kontratu puntual eta jarraituekin (900 langile inguru).

3.- Bizkaiko sektoreko hitzarmenen gutxieneko baldintzak bermatzen diraa, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, bai bestelakoei dagokienez ere. Bazen garaia, batez ere, kanpoko hitzarmenekin datozenek, beti baldintza eskasagoetan, hemen lan egiten badute hemen ezarritako baldintzak aplikatzeko eskubidea izan zezaten.

4.- Bermatzen da geldialdiagatiko plusaren balioa handitzea eta plus hori kobratzen ez zuten eta geldialdietan lan-karga handitzen zaien kolektiboetara zabaltzea. Petronorrek historikoki ikusezin bihurtu dituenak eta ia guztiak emakumez osatuak daudenak.

5.- Laneko segurtasuna eta osasuna zentroan jartzeko konpromisoa. Gogor egingo dugu lan Petronorreko Segurtasun eta Osasuneko Kontratuen arteko Batzordean. Gure osasunarekin ez du inork jolastuko.

Azken batean, ituna ez da besterik gabeko akordio bat, akordio on bat da, kolektibo horrek egunero pairatzen duen prekaritatearen eta desberdintasunen aurkako borrokan aurrera egiten duena, eta are gehiago Petronorren programatutako geldialdietan, 2.000 langile inguruk pairatzen dituztenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.