2025-04-21
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaHuerta de Peraltako grebalariek mobilizazioekin jarraituko dute, enpresaren erantzunaren zain

Huerta de Peraltako grebalariek mobilizazioekin jarraituko dute, enpresaren erantzunaren zain

Huerta de Peralta enpresako greba batzordeak eta zuzendaritzak bilera bat izan dute gaur, Azkoiengo enpresan gauzatzen ari diren greba mugagabearen 6. lanegunean. Langileek proposamen integral bat jarri dute mahai gainean, eta enpresak ostiralean erantzungo duela adierazi du. Greba batzordeko kideek jakinarazi dute erantzun horren arabera erabakiko dutela gatazkarekin amaitu edo mobilizazioak gogortu.

Huerta de Peraltako grebalariek egindako proposamenak arlo desberdinak jasotzen ditu: kaleratu eta itzuli nahi duen langileen berronartzea, azken hilabeteetan ezarritako zigorrak bertan behera geratzea eta grebalarien aurkako neurririk ez hartzea. Era berean, langileei zor zaien kopurua nola banatu proposatu du greba batzordeak, eta, azkenik, negoziazio prozesu bati ekiteko konpromisoa eskatu dio enpresari. Azken honi dagokionez, negoziazio prozesua itun bat lortzeko izango litzateke, egunerokotasunean oso gatazkatsuak diren hainbat gai lantzeko; hala nola, egutegia, oporrak, lan osasuna, kontratazioak edo soldatak. Horrela, lan harreman normalizatuak lortuko lirateke.

Enpresaren erantzunaren zain, langileek greba mugagabearekin eta aurreikusitako mobilizazioekin jarraituko dute. Zentzu honetan, nazioarteko ordezkaritza bat hurbilduko da bihar Azkoienera, langileekin egoteko; eta ostiralean, Elkartasun Eguna izenekoa dago prestatua.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.