2025-03-18
HomeEkintza SozialaPentsioen sistema propio bat eraikitzeko beharra berretsi du Garbiñe Aranburuk

Pentsioen sistema propio bat eraikitzeko beharra berretsi du Garbiñe Aranburuk

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak agerraldia egin du Bilbon, LABen Heldu eta Pentsiodunen Arloko kide eta Bizkaiko LAB Helduak taldeko koordinatzaileak lagunduta, Toledoko Itunaren azken erabakien balorazioa egiteko eta urriaren 31rako pentsiodunen mugimenduak eta egoitzetako erabiltzaileek deitutako mobilizazioei atxikimendua emateko.

Garbiñe Aranbururen esanetan, Toledoko Itunaren azken proposamenek ez dute pentsioen sistema publikoaren nahikotasuna eta iraunkortasuna bermatuko. “Ez lirateke 2011 eta 2013ko pentsioen erreformak bertan behera utziko, erreforma hauek pentsioak jasotzeko baldintzak gogortu zituztenean; besteak beste, kotizazioaren urteak handituta kalkulua egiteko eta jubilazio adina atzeratuta”, azaldu du.

Era berean, ez luketela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko kritikatu du: “Ez litzateke gutxieneko pentsioa bermatuko, eta ez da inolako neurririk proposatzen gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala txikitzeko. Ez da jasotzen, ezta ere, inolako aitortzarik eta konpentsazio ekonomikorik emakumeek egindako doaneko zaintza lanengatik”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, Gizarte Segurantzaren iraunkortasuna ere ez lirateke bermatuko. LABetik honako neurriak proposatzen ditugu, zentzu honetan: kotizazioak handitzeko neurriak, gutxieneko soldata 1.200 eurotan finkatuta eta soldata baxuenak hobetuta; kotizazioak handitu, soldata altuenek dituzten kotizazio mugak kenduz; politika fiskala berritu, diru gehiago jasotzeko eta modu progresiboago batean egiteko.

Bestalde, Toledoko Itunak planteatutakoarekin atea irekitzen zaio enplegu pentsioen plan pribatuak indartzeari, eta LABetik ez dugu ikuspegi horrekin bat egiten; jubilazio adinaren atzeratzea indartuko litzateke, eta sindikatutik jubilazio adina 60 urtera aurreratzearen alde gaude; pentsioen birbalorizazioa KPIa aintzat hartuta egitea albiste on bat da, beti ere neurri hau legez gauzatuko dela bermatuz gero.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “Toledoko Itunaren gomendio hauek pentsio erreforma bat ekarriko dute hemendik hilabete batzuetara. Ezin dugu Madrilera begiratzen jarraitu eta Estatutik inposatzen zaizkigun neurriak baloratzera mugatu. Pentsioen sistema publiko bat bermatzeko eredua eraldatu behar da, eta horrek sistema propio baten beharraz hitz egitera ekartzen gaitu berriro”.

LAB Gizarte Segurantzako Lege berri bat egiteko proposamen bat lantzen ari da, eta lege horrek lege ahalmena izan beharko du pentsio eta babes sozialarekin zerikusia duten gaietan: “Ez dugu nahi Madrilek erabakitzen duen hori kudeatzera mugatu. Ez da nahikoa Autonomia Estatutua eta Amejoramendua betetzearekin, kudeaketa hori egitera mugatzen baitu guztia. Egungo esparru juridiko eta politikoa gainditu beharra dago”, adierazi du idazkari nagusiak.

Gizarte Segurantzako Lege berrirako proposamenaren lanketan, pentsiodunen eta babes sozialaren arloan lan egiten duten jendarte mugimenduen iritziak, ideiak eta proposamenak jaso nahi ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.