2024-12-03
HomeEkintza PolitikoaPentsio sistema publiko eta propio baterako proposamena aurkeztu dugu

Pentsio sistema publiko eta propio baterako proposamena aurkeztu dugu

Haritik argitalpenaren ale berrian honakoak proposatu ditugu: zaintzagatiko pentsioa, trantsizioa bideratzeko sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzailea eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumen osoak.

Haritik argitalpenaren alerik berriena aurkeztu dugu gaur, pentsio-sistema berri baterako proposamenari buruzkoa. Amanda Verronek, politika publikoen azterketarako arduradunak, adierazi duenez, azterketa hori LAB sindikatuak Euskal Herrirako Pentsio Sistema Publiko eta Propioa eratzeko egindako ekarpena da. LABen Programa Sozioekonomikoan marraztutako norabidean kokatutako analisiak, hausnarketak eta proposamenak biltzen ditu txostenak.

Haritik txostenaren lehen zatian, Verronek aipatu duenez, lehen aldiz aurkeztu da pentsioen mapa nazionala, “gure lurraldean ezarritako bi pentsio sistemen izaera pribatizatzailea” azpimarratuz. Hego Euskal Herrian, 200.000 pentsiodunek baino gehiagok 1080 eurotik beherako diru sarrerak dituzteela nabarmendu du. Bada, horien artean, ia %70 emakumeak dira. Pentsiodun guztien artean, %10 soilik da pluripentsioduna. Hauetatik %80, ordea emakumeak dira, zaintza-lana ez aitortzearen ondorioz. Ipar Euskal Herrian ere, zuzeneko erretreta jasotzen dutenen artean sexu-generoari dagokionez oreka handiagoa baldin badago ere (%44 gizonak eta %56 emakumeak), osagarriak jasotzen dituztenen % 90 emakumeak dira.

Bigarren kapitulua, berriz, zahartzarora iristean egungo pentsio eredu horiek langileengan duten eraginaren erradiografia da. Hego Euskal Herrian, generoagatiko soldata-arrakala %21 baino handiagoa den bitartean, pentsioetan genero-arrakala %38 baino handiagoa da. Horrek esan nahi du gizon pentsiodunek emakumeek baino 517 euro gehiago kobratzen dutela hilean, batez beste. Ipar Euskal Herrian ere gertatzen da desparekotasun hori, eta emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino %40 txikiagoa da. Ondorioak argiak direla azpimarratu du Verronek: “Indarrean dauden pentsio sistemek ez digute bizitza duin baterako bermerik eskaintzen. Erreformaz erreforma, pentsio-sistema publikoa ahulduz doa sistema pribatuaren mesedetan, langileen arteko desberdintasunak areagotuz, bereziki, genero-arrakala”.

Jarraian, LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyok hartu du hitza, eta nabarmendu du pentsio duina bermatzeko benetako alternatiba bakarra hemen lan egiten duenak lurraldean bete-betean kotizatzea eta aberastasuna sistema publiko indartsu eta sendo baten bidez banatzea dela. “Eta hori soilik izango da posible Euskal Herrian sistema propio baterantz aurrera egiten badugu”, gaineratu du.

“Jakin badakigu premiak, beharrek eta testuinguruak behartzen gaituztela trantsizio bat marraztera eta ausart bezain egingarriak izango diren proposamenak plazaratzera pentsioen sistema publiko eta propioa bultzatze aldera”. Horregatik, Haritik-en jasotako beste neurri askoren artean, bereziki garrantzitsuak diren hiru proposatu ditugu LABetik:

  • Zaintzagatiko konpentsazio-pentsioa sortzea, alarguntza-pentsioa ordezteko eta kotizatzeko eskubidea ukatu zaien emakumeekin gizarteak duen zor patriarkala ordaintzeko;
  • Gutxieneko pentsio duina bermatu eta defendatzea, Gizarte Segurantzaren eskumenak berehala transferituz, EAEn eta Nafarroan oinarrizko legeria garatuz eta aurrekontu publikoen bidez finantzatuz;
  • Enpleguari lotutako sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzaile bat bultzatzea, norberaren finantza-baliabideen kapitalizazio- eta espekulazio-irizpideetara lotua egongo ez dena eta egungo eredu osagarri pribatua ordezkatuko duena.


Arroyok azken proposamenean sakondu du, adierazi duelarik BGAEen (Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeak) ereduak porrot egin duela, ez baitute balio izan gehien behar dutenen pentsioak duintzeko; arrazoi horregatik erabaki zuen LABek, duela bi urte, BGAEen zuendaritza-organoak uztea. Madrildik sustatu nahi den eredua, enpleguari loturiko pentsio osagarriena, are okerragoa da. Ez bata ez bestea, hirugarren bide bat proposatu dugu: enpleguari loturiko sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzailea, akordio intersektorial baten bidez arautuko litzatekeena.

“Egungo legediaren arabera posible bada patronalak eta sindikatuek adostea BGAE batean zer-nolako ekarpenak egin, uste dugu posible izan behar dela akordio intersektorial baten bidez pentsioen eredu osagarri unibertsala sortzea, kontrol publikoa izango duena eta errenta baxuagoei ekarpen handiagoa egingo diena, errenta maila gutxitu ahala patronalaren ekarpena proportzionalki handituz”, azaldu du koordinatzaile orokorrak.

Ildo honetan, Arroyok mezu argia helarazi die Madrildik sustatzen ari den ereduaren aurrean BGAEen defentsan atera nahi dutenei: “Ez BGAEen egungo ereduak ezta Madrildik bultzatutako plan pribatuek ere ez dute gure babesik; aitzitik, hirugarren bide hau arakatzeko prest gaude, pentsio sistema publiko eta propio baten norabidean”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Metalaren Merkataritzako hitzarmena lortzeko mobilizatu gara Bilbon

Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da

Langabeziaren beherakada ez da erregimen orokorreko afiliazioaren igoerarekiko proportzionala.

Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.