2024-12-18
HomeEkintza SozialaPauso berri bat eman dugu Durangon, sindikalismo antirrazista baterantz

Pauso berri bat eman dugu Durangon, sindikalismo antirrazista baterantz

Azken hilabeteetan urrats txiki baina sendoak egin ditugu. Kide askoren ahaleginari esker, tailerrak, prestakuntza saioak eta bilerak partekatu ditugu langile migratu eta arrazializatuekin, eskualde eta federazio batzutako hainbat liberaturekin eta arrazakeriaren aurkako zein atzerritartasun legearen aurkako borrokan diharduten eragile eta erakundeekin.

Sindikalismo antirrazista baterantz goaz, langile migratu eta arrazializatuen eskubide guztien berme izango den Euskal Herri solidario eta burujabea eraiki nahi dugulako. Funtsezkoa delako arrazakeriari aurre egiteko praktikan sakontzea langile guztiontzat antolatzeko eremu izan nahi dugunontzat. Eraiki nahi dugun euskal nazio solidario eta internazionalistaren zutabe funtsezkoa delako, langile migratu eta arrazializatuak eskubide eta aukeren jabe izango diren harrera herri baten zutabe.

Bide honetan, Sindikalismo Antirrazista Baterantz izeneko jaialdia egin dugu Durangon, larunbatarekin, elkar-aitortzarako eta elkarrengandik kolektiboki ikasteko espazio-denbora gisa, gure praxi sindikal antirrazista eraikitzeko bidean. Une eta aukera ezberdinak jaso ditugu egitarauan: esperientzien mahaiak, tailer praktikoak, gaikako saioak, kontzertuak, arrazakeriaren aurkako azoka…

LAB, jendarte bezala dugun zor koloniala kitatzeko konpromisoa gure gain hartuz, Euskal Herrian langile migratu eta arrazializatuen enplegu-baldintzak hobetzeko urrats konkretuak ematen ari da. Sindikatu gisa, hau da gure ardura eta aukera politikoa.

Hala, Durangoko topaketetan elkarrekin lan egin dugu, gai ezberdinak landuz: borroka eta antolakuntza kolektiborako esperientziak, mugen militarizazioa, etxebizitza eta errolda eskubidea pertsona migratu eta arrazializatuen ikuspegitik, pribilegioak eta nagusikeri zuria, asilo politikoa eta lan-sustraitzea, zein ekintza sindikal antirrazista eta Atzerritartasun Legean ireki ditzakegun pitzadurak.

Langile migratu eta arrazializatuak izan dira protagonistak, baita liberatu eta delegatu ez-migratu eta ez-arrazializatuak ere, bakoitza bere posiziotik. Entzuteko eta partekatzeko eguna izan da.

Bost lan ardatz

Jaialdiko talde eragileko lagunek hilabeteak eman ditugu topaketa prestatzen; lankide askok parte hartu dugun prozesu kolektibo bat izan da. Ibilbide horren barruan, eta Durangon fase berri bati hasiera eman diogula jakitun, LAB sindikatuak bost lan-hipotesirekin egingo du lan aurrerantzean:

-Ez da nahikoa arrazista ez izatea. LABek arrazakeriaren aurkako praktika sindikala garatu nahi du, eta norabide horretan lan sendoa egingo dugu datozen urteetan.

-Gure praxi sindikala ikuspegi integral batetik berrasmatuko dugu. LAB langile guztientzako tresna gisa indartuko da.

-Ekintza sindikal integraletik Euskal Herrian migratutako eta arrazializatutako langileak zeharkatzen dituzten zapalkuntza anitzak desmuntatzen lagunduko dugu.

-Langile migratu eta arrazializatuok subjektu aktibo gisa onartu behar ditugu. Errukitik ezer ez.

-LABetik bat egiten dugu Euskal Herri solidarioa eta harrerakoa eraikitzeko, herri-subiranotasuna eta justizia sozialarekin.

Azken batean, LABetik ekarpena egin nahi dugu arrazakeriaren aurkako sindikalismo bat eraikitzeko ilusioarekin eta konbentzimenduarekin, eta horretarako pausuak emango ditugu anaitasunean, errekonozimenduan eta justizia sozialean, era horretan eraikiko baitugu nahi dugun Euskal Herria.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.