2024-12-23
HomeEkintza SindikalaPatronalari hitzarmenetan itundutakoa ez betetzeko aukera eman diezaiokeen dekretu berri baten arriskuaz...

Patronalari hitzarmenetan itundutakoa ez betetzeko aukera eman diezaiokeen dekretu berri baten arriskuaz ohartarazi du LABek

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte sailak hitzarmenak ez betetzeko sortzen diren desadostasunak konpontzeko batzorde bat sortzeko dekretu proiektua jakinarazi du. Lan erreformaren garapena eginez, enpresariek, hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko aukera izan dezaten, aldeak derrigorrezko arbitraje batera behartzeko batzorde bat sortzeko dekretua da. LABek arau horren garapenarekin desadostasuna azaldu du gaur prentsaurrean eta instituzioei eta bereziki Eusko Jaurlaritza berriari, negoziazio kolektiboko eskubidea gure eremuan blindatzeko interpelazioa egin dio.

Hitzarmenek ezartzen dituzten lan baldintzak ez aplikatzeko xedea daukan euskal batzordearen sorreraren aurrean LABen jarrera

«2012ko azaroaren 13an, posta ziurtatu baten bidez, Enplegu, Laneko eta Gizarte-gaietako Sailak jakinarazi zigun hitzarmen kolektiboetan ezarri lan baldintzak ez aplikatzean gerta daitezkeen desadostasunak erabakitzeko, euskal Batzordea eratzeko Proiektua, eta 20 egun balioduneko epea eman digute egoki iritzi ditzakegun alegazioak egin ditzagun.

Dekretu honen helburua, 3/2012 Errege Lege Dekretuaren garapena dena (lan erreforma), gure esparruan hitzarmenak ez aplikatzeko klausulaz arduratuko den hiruko batzordea eratzea izango da, alderdiak derrigorrezko arbitraje batera behartuz. Gogora dezagun, erreforma honi erantzunez, greba orokorra egin zela Euskal Herrian.

Proiektu hau aurreko gobernuak landu zuen, eta gobernu berriak honi buruz izan dezakeen jarrera argitu arte, LABek bere erabateko desadostasuna azaltzen du aipatu araudiaren garapenarekin.

Proposatu duten araudiak negoziazio kolektiboaren balioa ahultzen du, adostasunez eta bi alderdien artean egin beharrari zein loteslea izateari eragiten diolako. Negoziazio kolektiboaren aurkakoa da, eta lan harremanetako ereduaren izaera aldatzea dakar berekin, itundua (probintziakoa edota enpresako hitzarmena dela ere) alde bakar baten erabakiz, ez-betetzean oinarritu eredu baterantz abiatuz.

Enpresek, ekonomiako, teknikako edota antolamenduko arrazoietan oinarrituz, egoera berriei egokitzeko duten beharrak ez dezake inola ere justifikatu negoziatzen ari diren alderdien nahia beste norbaitek, proposatzen den Batzordearen bitartez, edo hala balegokio, aipatu batzordeak ezar ditzakeen derrigorrezko arbitrajeen bitartez ordezkatzea.
Gogora dezagun, gaur egun, EAEn (Nafarroak antzeko erakundea du, Nafarroako Lan Auzitegia), eragile sindikalek eta patronalek badugula gatazkak epaiz kanpo ebazteko erakundea, Gatazkak Ebazteko Prozedura (PRECO). Hura, Patronalaren eta sindikatuen oniritzia duena, Lanbidearteko Akordioaren ondorioa izan zen. Honez gain, azpimarratu behar da ere, bertan hitzartu zen azken akordioetako bat, sindikatu guztien eta patronalaren adostasunez, arbitrajearen gogozko izaera izan zen. Hortaz, dekretu-proiektu honen bidez mugatu nahi dute, Batzorde baten onuran, Gatazkak Ebazteko Prozeduraren jarduera. Ausartzen gara aurreratzen, azken honek ez dituela, egun, Gatazkak Ebazteko Prozedurak dituen gehiengo sindikalak piztuko, eta beraz, ezarpen hutsetik eta negoziazio kolektiboaren eskubideari egin erasotik bakarrik garatu ahal izango dela.

Derrigorrezko arbitrajearen bidez hitzartu dena bete ahal ez izatea (ahal balute, alde bakarreko erabaki hutsez, beste inoren esku hartzerik gabe, egingo lukete) enpresarien aspaldiko asmoa da. Gogora dezagun gure negoziazio esparrua blindatuko lukeen Lanbidearteko Akordioa lortzeko saiakerak porrot egin zuela CONFEBASKen zekentasunagatik, orduko akordioan arbitrajea ezarri nahi izan zigulako. Orain, dirudienez, halakorik sindikatuekin ez dezaketela hitzartu baztertu ondoren, bestelako bidea aurkitu dute. Eusko Jaurlaritzak patronalaren xantaiari amore eman diezaiola, eta dekretu bidez ezar dezala. LAB borrokatuko da dekretua gauzatu ez dadin.

CONFEBASKek, gai honi dagokionez, duen iritzia ez dator ezertan bat akordioaren bidearekin, eta norgehiagoka hutsaren aldeko hautua egiten du. Honen guztiaren helburu bakarra, langileriaren eskubideak bermatzeari dagokionez, guztiz desarautua dagoen eredua ezartzea, eta era berean, enpresarien nagusitasuna eta alde bakartasuna arautzea besterik ez da. Bi alderdien artean dagoen orekatxoa guztiz zapuzten da.

Eredu hau etengabeko lan-gatazken iturri izango da; horrek eragingo dituen nahasmendua eta gatazkak oztopo nagusiak izango dira lan harremanetako berezko eredua eraikitzeko (gure herriko premia ekonomiko eta sozialekin bat datorrena) behar den prozesuari ekin diezaiogun.

Gainontzeko sindikatuak ere deitzen ditugu, ahal den guztia egin dezagun aipatu dekretuak aurre egitea eragotz dezagun. Sindikatu guztiok, parte hartzen dugun negoziazio mahaietan, azaldu dugu gure desadostasuna gai honekin. Hori dela-eta une egokia da planto egin dezagun, hasiera-hasieratik, argi utziz, ez dugula parte hartuko aipatu batzordean, ez eta beste esparruetako antzeko foroetan ere.

Jadanik hamaika dira negoziazio kolektiborako eskubidea jasaten ari diren erasoak, eta azken hau, beste bat besterik ez da izan. Gizarte-larrialdi egoeran gaude, eta abagune honetan, funtsezkoa da negoziazio kolektiboaren eskubideari eustea gure esparruan eta izaera loteslea izan dezala. Tresna hau, aurrekontuekin eta zerga-politikarekin batera, soldatak eta lan baldintzak arautzen dituen neurrian, oinarrizkoa eta beharrezkoa da langileentzat. Azken finean, enplegu duina babesteko eta txirotasuna gerarazteko baliabidea da.
Eraiki nahi dugun herri-eredu batez ari gara, eta horren haritik, erakundeek edota alderdi politikoek eragileak izan behar dituzte negoziazio kolektiboa gorde dadin; ardurak dagozkie, ez daitezke ikusle hutsak izan. Negoziazio kolektiboa ez dagokie patronalari eta sindikatuei soilik. Gai honek sektoretan, enpresetan,… ematen den negoziazio dinamika bera gainditzen du. Agenda-politikoan lekua izan behar du.

Eskari zehatza luzatzen diegu erakundeei eta eragile politikoei, eta batez ere, Eusko Jaurlaritza berriari eta EAJri:

• Geraraz dezala hitzarmen kolektiboetan ezarri lan baldintzak ez aplikatzean gerta daitezkeen desadostasunak erabakitzeko, euskal Batzordea eratzeko Proiektuaren garapena.

Ez da bateragarria herri honek behar dituen akordioak aipatzea eta aldi berean, CONFEBASKen presioei etsitzea, aipatu batzordea sortuz. Eusko Jaurlaritza berriak ez dezake gobernatu patronalaren premiei bakarrik eta soilik adituz. Honen harira, garaia da esan diezaion CONFEBASKeri, ez dezakeela lanpostuak suntsitzen iraun, negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu barik edota euskal langileriaren lan eta soldata eskubideei erasotuz. Garaia da, ikus dezagun CONFEBASK ahalegintzen behingoz, eta ez dadin egungo egoera luzatu, non krisialdia sortu ez dutenak honen pairatzaile bakarrak garen.

• Beharrezkoak gerta daitezkeen erabaki politiko guztiak har daitezela, negoziazio kolektiborako euskal esparrua aldarrikatzeko eta blindatzeko, esparru publikoan zein pribatuan. Negoziazio eremua euskal esparrua dugu; bertan negoziatu behar dugu, kanpoko inolako esku-sartzerik gabe eta estatu mailakoak baino, adostuko diren akordioak lehentasuna izango dute ezartzeko garaian. Horretarako:
◦ erakundea enplegatzailea denean, ez erabili Madrildik ezartzen dizkiguten murrizpenak eta beharrezkoa gerta daitekeena erabaki, hauetako enplegatuen lan eta soldata-baldintzak gure eremuan eta esku-hartzerik gabe, erabakitzen direla berma dadin.
◦ patronala deitzen dugu negoziazioaren euskal esparrua blinda dezan.»

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...